ETAPA MAILAKOAK
Urriak 10
Datorren astean guraso bilera orokorrak izango ditugunez, astearteko ordu osagarriak norbere lanetarako utziko ditugu.
IKASTOLA MAILAKOAK
Bateratzen galdetegia: Eskola Kiroleko hezitzaileak eta galdetegia bete ez duten lankideak
Ikasturte hasierako langile batzarrean eta asteko oharretan aipatu moduan, ikasturte honetan, Bateratzen programan parte hartuko dugu langileak Ikastolaren proiektu eta norabidearekin lerrokatuta dauden aztertzeko.
Programaren lehen pausoa diagnosia egitea da eta langile gehienek galdetegia betetzeko aukera izan dugu jada. Hurrengo astean, Eskola Kiroleko lankideek izango dute horretarako aukera, urrian hasi baitira haiek lanean. Eskola Kiroleko hezitzaileez gain, datorren astean oraindik galdetegia erantzun ez duten langileek ere bigarren jakinarazpena jasoko dute mezu elektronikoz galdetegiak betetzeko estekarekin.
Erantzun ezazue, mesedez, inkesta, zuen iritzia garrantzitsua baita diagnosi ahalik eta osatuena egin eta izateko. Aldez aurretik, eskerrik asko.
Jangelako bazkaria: prezio igoera
Ikastolako langileok jangelako bazkaria eskatzeko aukera dugu, langile atariko hala dagokion inprimakia beteta. Egun, menu osoak 6€ balio ditu; eta erdiak (plater bat eta postrea), 4€. Azarotik aurrera, menu osoak 6,40€ balioko ditu eta erdiak, berriz, 4,40€. 2023-24 ikasturtean Ikastolako familiei aplikatu zaien igoera bera aplikatuko zaio langileen bazkariari azarotik aurrera.
Urriak 12: euskal egutegia – lanera etortzeko aukera
Orereta Ikastolako langileoi urriaren 12an eta abenduaren 6an lanera etortzeko eskubidea aitortzen zaigu, jaiegun hori ekainean (ikaslerik gabeko egun batean) hartzeko aukera eskainiz.
Urriaren 12a datorren astean da, eta Ikastolako komiteak eta zuzendaritza taldeak lanera etortzeko gonbita egiten dizuegu, ez baitugu ezer ospatzeko. Bide batez, egunean bertan, etapa/talde bakoitzak atera talde-argazkia eta bidali Leire Agirrezabalari (komunikazio arduradunari) eskura izan ditzan.
Kilometroak 23: mila esker, bihotz-bihotzez!
Pasa den igandeko Kilometroak Eguna igaro berritan, mila esker bihotz-bihotzez Kilometroak Urtean eta Kilometroak Egunean zuen hondar aletxoa jarri duzuen den-denei: izen-abizenak dituzuen 1.200 boluntariotik gorari eta ekimenetan parte hartu duzuen guztiei, norberak ahal izan duen moduan eta momentuan errioan ur tanta izan zaretelako. 2022ko azaroan itsasoratu zen Erriola; eta 2023ko urrian porturatu, itsasgora bizi-bizi bezain ederrean. Marea biziekin egin zuen bat igandeko Kilometroak Egunak, kasualitatez; ala, akaso, ez.
Denok elkarrekin, elkarlanean, auzolanean, herrigintzan, amaiera paregabea eman diogu urte osoko lanari: errioko uretan, elkarren isla izan dira Kilometroak Urtea eta Kilometroak Eguna. 2022ko urrian Ibarrako Uzturpe Ikastolaren eskutik lekukoa hartu genuenean esan genuen gure helburua zela Ikastola zer den erakustea, gure ezaugarri eta balioak bistaratu eta elkarrekin indartzen saiatzea.
Ikastola, aurten, inoiz baino gehiago: auzolana izan da, desberdinen arteko elkarlana, helburu komun bat lortzeko; euskara izan da, euskara eta euskal kultura sustatzea; parte-hartzea izan da, inplikatzea, ardurak hartzea, eskuzabaltasunez; erabakiak denon artean hartzea izan da, elkarri entzunez eta eztabaidatuz; eskerrak ematea izan da, izan zirelako garelako eta garelako izango direlako; muga administratiboen gainetik, herri bat garela erakustea izan da; herri bizi honi zerbait eskaintzea izan da, hezkuntzatik ere eraikitzen baita herria.
Gure gorabeherekin, joan-etorri gazi-gozoekin, errioak berezkoak dituen horiekin ere, gozo porturatu da Erriola eta goza dezagun biharamun eder honetaz. Geroxeago etorriko dira balorazio eta emaitza xeheagoak, eta emango dizuegu horien berri ere. Bien bitartean, hona opari langile atarian topatuko duzuen igandeko Kilometroak Eguneko bideo eta argazki-galeria ederra. Mila esker guztiagatik, den-denei!
Kilometroak Eguna: Eroski Bidaiak zozketa-txartelen zenbaki saritua
Kilometroak Eguneko jai-gunerako sarreretan banatu ziren Eroski Bidaiak zozketa-txartelen zenbaki saritua 12176a izan da. Urriaren 15era arteko epea du jabeak sariaz galdegiteko, kilometroak@oreretaikastola.eus helbide elektronikora idatziz. Sariduna ez bada azaltzen, saria ordezko lehen zenbakiarentzako (5785) izango da, eta haren faltan, ordezko bigarrenarentzako (17373).
Kilometroak 23: Berria egunkaria – harpidetza-kanpaina berezia
Lehendik datorren harremanari esker, Berria egunkaria bidaide izan dugu Kilometroak Urte guztian; baita Kilometroak Egunean ere. Ildo horri jarraiki, harpidetza-kanpaina berezia eskaini digute: sei hilabeteko asteburuko harpidetza 55€ren truke. Urriaren 30era arteko epea dago harpidetza-eskaerak egiteko. Informazio gehiagorako edo harpidetzeko, sartu www.berria.eus/berrialaguna webgunean, deitu 943 34 43 45 telefono-zenbakira edo idatzi mezua laguna@berria.eus helbide elektronikora. Langile ataritik ere egin dezakezue.
Kilometroak 24: Azpeitin, Ikasberri Ikastolak antolatuta
Atzo jakin genuen 2024ko Kilometroak Azpeitiko Ikasberri Ikastolak antolatuko duela. Igandean ezin izan bagenien ere lekukoa zuzenean eman, helaraziko diegu gure babesa eta kontatuko aurtengoak eman duena eta diguna (zer atera den ongi, non ibili garen hankamotz…). Badugu erreleboa!
ETAPA ARTEKOAK
LH | “Kirol Hastapenak programa”, kirol anitzak aniztasuna hauspotzeko
Jarduera fisikoa egitea oso garrantzitsua da gure osasun eta garapen fisikoa nahiz psikologikoa laguntzeko eta bultzatzeko. Are interesgarriagoa da hori guztia, eskola-orduetara hain ohikoak ez diren kirol ezberdinak batzen baditugu. “Kirol Hastapenak” programak horretarako aukera eskaintzen die Lehen Hezkuntzako ikasleei: ikasmaila bakoitzean, hain ohikoa ez den kirol bat probatzeko aukera izaten dute eskola-orduetan, kirol bakoitzean espezialistak diren hezitzaileek gidatuta. Langile atarian (albisteen atalean) topatuko dituzue xehetasun gehiago.
BESTELAKOAK
EAEko Hezkuntza Lege berria: “Hezkuntzak euskara gehiago behar du” sinadura kanpaina
Azken egunetako albisteak ikusi eta gero, hezkuntzan beste hogeita hamar urtez hizkuntza ereduei eutsiko zaien arriskuaren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak abiatutako “Hezkuntzak euskara gehiago behar du” kanpainaren sinadura bilketak bultzada berria behar duela iruditzen zaigu.
Euskalgintzaren Kontseiluaren “Hezkuntzak euskara gehiago behar du” sinadura bilketa Eusko Legebiltzarrean eztabaidaren azken fasean sartu den Hezkuntza Legeari begira jarri da martxan.
Sinadura kanpainaren bidez Eusko Legebiltzarreko kideei EAEko Hezkuntza Lege berriak honako hiru puntuak berariaz jaso ditzala eskatu nahi zaie:
- Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
- Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
- Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.
Sinadura bilketa 2023ko irailaren 12tik urriaren 15era ari da egiten, eta 16 urtetik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek babestu ahal izango dute.
Ikastolen Elkarteak bat egin du kanpainarekin eta Orereta Ikastolatik ere bultzatu nahi dugu langileen, familien zein ikaslerik zaharrenen artean. Hala nahi izanez gero, langile atarian duzue kanpainaren gaineko informazioa xeheagoa eta sinatzeko aukera.