HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (25.09.05)


ETAPA MAILAKOAK


Erregistroak

Asteazkenean ekingo diegu saio arruntei, gogoan izan asistentziaren kontrola, oharrak eta halakoak erregistratzen hasi behar garela. Horretarako, Inikan ordutegia sartuta edukitzea beharrezkoa da (zaintza orduak ere sartu, mesedez, bestela ezin baititugu esleitu).

Zerrendak egiaztatu

Datorren asteko klase saioetan Inikan dituzuen zerrendak ondo daudela egiaztatzea eskatu nahi dizuegu, bereziki hautazko eta aukerako irakasgaietan. Mila esker!

Leihoak, argiak eta alarma

Gogoan izan lankide bakoitzaren ardura dela gelako leihoak itxi eta argiak itzaltzea. Bestalde, eraikinetik azkena ateratzen denak alarma jarri beharko du.

Adimen artifizialeko ikastaroaren datak (Batx/DBH)

  • Irailak 9 10:30-12:30
  • Irailak 16 14:45-16:45
  • Urriak 14 15:00-16:30

Aurreko ikasturteetako azterketak botatzea

Iazko ikasturteko azterketen erreklamazio epea bukatu denez, azterketa guztiak deuseztatu eta bota daitezke. Irakasle bakoitzak arduratu behar du bereak botatzeaz. Mesedez, ez utzi azterketak inprimagailu txikiaren gelan. Gela hori ez da biltegi bat. Zaindu ditzagun guztionak diren eremuak.

Ingurumen lantaldea

Irakasle geletako apalen inguruan

Langile berriei apal bat eskaini ahal izateko, libre daudenak identifikatu nahi genituzke, horregatik, norberak erabiltzen duena identifikatzea eskatzen dizuegu. Mila esker!

Lan osagarriak 25/26

Hemen duzue aurtengo lan osagarrien zerrenda. Zuetariko bakoitzak izena eman dezala, mesedez.


IKASTOLA MAILAKOAK


Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. EHUren udako ikastaroetan badira formazio-saioak irailean ere. Horrez gain, UEUk prest ditu ikasturte berriko ikastaroak. Langile atarian dituzue guztiaren gaineko xehetasunak.

Langile ataria: hainbat dokumentu eta politika garrantzitsu

Ikasturte hasiera aprobetxatu nahi dugu langile atariko informazio praktikoaren atalean dauden hainbat dokumentu eta baliabide garrantzitsu gogoratzeko. Informazioaren segurtasunerako eta datuen konfidentzialtasuna bermatzeko irizpide eta jarraibideez, barne araudiaz, compliance-az (arrisku penalen prebentziorako markoa), eta lan arriskuen eta jazarpenaren prebentzioari lotutakoez ari gara. Ikastolaren funtzionamendu eta elkarbizitza egokirako garrantzitsua da dokumentu eta baliabide horiek gogoan eta presente izatea gure eguneroko jardunean.

Egin zaitez Ikastolako bazkide!

Ikasturte hasiera aprobetxatu nahi dugu langileak ere Ikastolako bazkide izan daitezkeela gogoratu eta hala ez dena horretara gonbidatzeko.

Izaera herritarra eta auzolana dira Ikastolon ezaugarri nagusietakoak. Herritik eta herriarentzako sortu ginen: herritar talde batek sortu zuen Ikastola herrikideei hezkuntza-proiektu burujabe, euskaldun eta kalitatezkoa eskaintzeko helburuz. Eta auzolanean, Ikastolako familia eta langileen artean, irudikatzen eta marrazten dugu hezkuntza proiektu horren bidea, taldean. Erabaki eskumena dugu. Ikastola ez da lantokia bakarrik, guztiona den proiektua baizik. Ikastolako bazkide izatera gonbidatu nahi zaituztegu, zuen, denon, Ikastola izateko; Ikastola zuentzako, denontzako, izateko.

Ikastolako bazkide egitea erabakiko bazenute, Añabitarteko edo Esmalteriako bulegora joan besterik ez duzue; bertan beteko duzue bazkide-fitxa eta sinatuko bazkidetza-klausulak. Bazkide egitean, 60€ko ekarpena egiten da Orereta Ikastola Koop. E.ko kapitalera eta hori eginda, urtean 47,30€ ordaintzen dira azpiegiturak sustengatzeko kontzeptu gisa.

Zalantzarik izanez gero edo bestelako argibiderik behar izanez gero, idazkaritza@oreretaikastola.eus helbide elektronikora mezua idatzi edo 943 52 03 97 telefono-zenbakira dei dezakezue.


ETAPA ARTEKOAK


Batxilergoa-Oiartzo | Saria Etorkizuna Sortzen programan parte hartzeagatik

2023-24 ikasturtean bezala, 2024-25ean ere batxilergoko 1. mailako ikasleek Feel My Way kooperatiba zestoarraren Etorkizuna Sortzen programan parte hartu dute otsailetik maiatzera. Etorkizuna Sortzen DBH3 eta BATX1 arteko gazteei etorkizuneko euren biderako orientazioarekin laguntzeko modu berritzailea da, plataforma digital batean dagoen lau saioko programazio bat. Autoezagutza, errealitate eta esperientziak ezagutzea, erabakitzea eta esperimentatzea ditu oinarri.

Programan parte hartu eta proiektuak entregatu dituzten taldeen artean 300€ko bost sari banatu ziren pasa den ekainean eta horietako bat Oiartzoko 1. mailako gazteei tokatu zaie (2023-24 ikasturtean ere lortu zuten saria)! Maila guztiaren orientazio lanetarako erabiliko da dirua, aurtengo ikasturtean.