HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (24.11.08)


ETAPA MAILAKOAK


DBH 4. mailako ikasbidaiaren inguruko bilera

Asteazkenean (azaroak 6) DBH4ko ikasbidaiaren inguruko bilera izan genuen Esmalterian, Artezkaritzako kide eta DBH4ko tutore eta DBHko beste zenbait irakasleren artean. Bileran, ikasturte amaierako bidaia antolatzeko baldintzak eta marko pedagogikoa partekatu ziren guraso eta Artezkaritzako kideekin, baita aurtengo ikasbidaiaren proposamena ere. Amaitzeko, Artezkaritzako kideek gainontzeko gurasoekin informazioa partekatu eta bueltan DBHko irakasle eta tutoreei hurrengo urratsa proposatzea adostu zen.

Diziplina arteko proiektuak: OHAR GARRANTZITSUAK

Dakizuen bezala, datorren astelehenean DIZIPLINA ARTEKO PROIEKTUAK gauzatuko ditugu. Hona hemen, segidan, hainbat ohar garrantzitsu:

  1. Ikasleek astelehenean SAIOKAn izango dituzte proiektuak ikusgai. Hemen dituzue jarraibideak lanean abiatu aurretik kontuan izateko. Arretaz irakurri eta pausoz pauso jarraitu, mesedez.
  2. Irakasleok SAIOKAN izango ditugu, bai jarraibideak, bai testuaren osagaien soluzioak, bai denboralizazioa, baita kalifikaziorako excelak ere.
  3. Excel horietan EZ ditugu zehar-konpetentziak txertatu, izan ere, ebaluazioan zehar landu, behatu eta ebaluatu ditugu. Arloari dagokion kalifikazioa soilik jasoko dugu.
  4. Komenigarri deritzogu, proiektuak zuzendu ahala, excelean kalifikazioa osatzeari, izan ere, horien deboluzioa egin nahiko genieke ikasleei, berandutu gabe.

Animo guztiontzat!
DBHko berrikuntza taldea

Calendarrari lotutakoak

IKASLEEKIN

  • Diziplinarteko proiektuak: Astelehenetik asteazkenera bitarte gauzatuko dira.
  • FICAB: DBH4ko ikasle batzuk Bidasoako XXIV. Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikora joango dira ostegunean. Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.
  • Irakurriz gozatu: Ostiralean bigarren saioa egingo dugu.

IRAKASLEAK

  • Koordinazioa: Astelehenean CAG geletako irakasle taldeak bilduko dira. Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.
  • HTI: Asteartean klaustroan azaldu ziren lanak gauzatzeko tartea izango dugu.
  • AGIFES: formazio saioa izango dugu. Gogoan izan 1. mailako tutoreek jasoko dutela, gainontzeko irakasleentzat aukerakoa izango da.

IKASTOLA MAILAKOAK


Osasun azterketa osagarriak: kobrantza

Pasa den ikasturtearen amaieran osasun azterketa osagarriak egin zenituzten langileei datorren ostegunean, azaroak 14, kobratuko zaizue azterketa horien kostuaren % 50a; langileari ordaintzea dagokiona, hain justu.

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasunak  “Natura” formazio irteera eta “Komunikazio positiboa eskola eremuan: bizitzarako hezkuntza” jardunaldia dira. Langile atarian dituzue xehetasunak.

Gau Beltza: argazki eta bideo galeriak eta balorazio inkesta

Gau Beltza pasa berritan, gure eskerrik beroena eman nahi dizuegu osteguneko festan parte hartu zenuten denei; modu batera edo bestera jaia zuena eginez, zuen hondar aletxoa jarri zenuten guztiei. Gustu izanez gero, langile atarian duzue bideo eta argazki galeria ederra.

Bide batez, proposamen eta iradokizunak jaso eta arian-arian jaia doitzeko eta hobetzeko asmoz, Gau Beltzeko lantaldeak balorazio-inkesta prestatu du; besteak beste, langileek erantzuteko. Langile atarian topatuko duzue aipatu inkesta. Asko eskertuko genizueke erantzuteko tarte bat hartzea. Mila esker, aldez aurretik.

Zubiak Eraikiz – Herrigintza: gogoratzekoak

  • Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegia: Pasa den azaroaren 3an amaitzen zen Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegia eskatzeko epea. Geroztik eskaerak jaso ditugu eta epea luzatzea erabaki dugu: azaroaren 10a da Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegia eskatzeko azken eguna. Oraindik egin ez eta erosi nahi baduzue, langile ataritik egin dezakezue. 12 euro balio ditu, eskura emango da eta entregatzean ordaindu behar da eskudirutan.
  • Seaskako egutegia: langile ataritik eskatzeko epea ere azaroaren 10era arte luzatu dugu. Langile ataritik eskatuz gero, eskura emango da eta entregatzean ordaindu beharko da eskudirutan. Ikastolako bulegoetan ere salgai izango da azaroaren erdialdetik aurrera. Hala erosiz gero, momentuan jaso eta ordaindu beharko da (agortzen diren arte izango dira salgai). Seaskako egutegiak 4 euro balio ditu.
  • Kaskarotenea Ikastolako kirol-jertseak eta telazko poltsalangile atarian topatuko dituzue eskaintzaren xehetasunak eta eskaera egiteko aukera. Azaroaren 10a da eskaerak egiteko azken eguna. Ostean, eskura emango dira eta entregatzean ordaindu beharko dira eskudirutan.
  • Errigora: martxan da Errigoraren urteroko udazkeneko kanpaina. Saskiak eskatzeko epea azaroaren 14an amaitzen da. Otarreak www.errigora.eus webgunean eskatu behar dira; hala nahi izanez gero, Ikastolaren Esmalteriako eraikinean jaso daitezke iristen direnean (azaroaren amaiera aldera).

ETAPA ARTEKOAK


HIZPRO | Kalko okerrak

Iaz hasitako bideari jarraiki, aurten ere Hizpro taldeak euskarazko kalko okerren lanketa bideratuko du ikastolan. Gauzak horrela, hilabetero euskarazko kalko oker bat hautatuko dugu eta gelan landuko dugu. Tutorea arduratuko da hilabeteko kartela inprimatu eta horren lanketa egiteaz, baita DBHko ikasleek sortutako bideoa ikasleekin partekatzeaz ere. Hizpro taldeak, berriz, Ikastolako sarreretan jarriko ditu kartelak. Azaroko kalko okerretan, ordea, ez dugu bideorik izango, beraz, soilik kartelaren lanketa egingo dugu.

Hauxe da hilabete honetako kalko okerra: HHko kalko okerra | LH eta DBHko kalko okerra

Animo! Blaitu mingainak eta busti euskaraz!

HH-DBH | Ziur Iturengoa zela arotza?

Euskal abesti herrikoiak arotza Iturengoa zela dio; Erramun Joakin omen zuela izena eta San Kristobal urtu zuela joareak egiteko. Iturenen ez dakigu, baina gurean badira arotz oso finak. DBH4ko hainbat gazte egur zatiak lantzen aritu dira azken asteetan. HH3ko eta HH4ko ikaskideen izenak mimoz eta fin-fin zizelkatu, margotu eta bernizatu dituzte. Eta behin tailerreko lanak amaituta, Esmalteria eta Linon izan dira banatzen. Irakurri gehiago langile atarian (albisteen atalean).


BESTELAKOAK


Donamartiriko Arberoa Ikastola: elkartasunerako deia

Donamartiriko Arberoa Ikastolaren eraikinetako bat erre zuen sute batek pasa den urriaren 28an. Kalte pertsonalik izan ez bazen ere (bakantzetan ziren ikasle eta irakasleak), kalte materialak handiak izan dira eta eraikina berreraikitzeko diru-bilketa jarri dute martxan. Hemen ari dira jasotzen dohaintzak. Ekarpena egitera gonbidatu nahi zaituztegu.

2025eko Herri Urrats eta Nafarroa Oinez aurkeztu berri dituzte

Aste honetan aurkeztu dituzte 2025eko Herri Urrats eta Nafarroa Oinez. Lehena, “Elgarrekin” lelopean ospatuko da datorren maiatzaren 11n. Abestia Dupla talde arabarrak egingo du. Bigarrena, berriz, Atarrabian egingo da urriaren 19an “Buruz, bihotzez, oinez” lelopean. Gehiago jakiteko, irakurri aurkezpenen albisteak (Herri Urrats | Nafarroa Oinez).