HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (24.05.24)


ETAPA MAILAKOAK


Calendarrari lotutakoak

IKASLEAK

  • Diziplinarteko proiektuak: Astelehenetik asteazkenera bitarte gauzatuko dira DBH1, DBH2 eta DBH3. mailetan.
  • Berriara bisita: Ostegunean 2. eta 3. mailako komunikazio tailerreko ikasleek goiz osoko irteera izango dute.

IRAKASLEAK

  • Barne oharrak sartu: Astelehenetik asteazkenera bitarte oharrak sartzeko tarteak izango ditugu.

BERRIKUNTZAtik berriak

Aurreko asteartean burutu genuen “Berrikuntzari” zegokion azkeneko saioa. Bertan 10.01 adierazlea landu genuen; 3. ebaluazioan (gutxienez) lan kooperatiborako egokiak diren jarduerak identifikatu behar genituen. Lan hori amaitutzat jotzen dugu. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkizuegu ikasturte honetan elkarrekin egin dugun lan guztiarengatik. Mila-mila esker. Jarraituko du…

Ikastola egunerako gonbita ikasleen ahotik

Ekaina ate joka dugu eta horrekin batera Ikastola Eguna. Aurtengo hitzordua ekainaren 1ean izango da. Iazko bidetik, egitarauko hainbat ekintza DBHko ikasleentzat antolatu ditugu. Batetik, goizerako Euskaraz Biziko hainbat partaidek jolasak prestatu dituzte. Bestetik, arratsaldean gure ikasle batzuk DJ lanetan arituko dira.

Beraientzat prestatutako ekintza horietan parte hartzera animatu nahi ditugu. Tutoretza saiorik izango ez dugula kontuan hartuta, honakoa da proposamena:

  • Maiatzak 27, 2. saioa: DBH1eko zenbait ikasle gelaz gela pasako dira jolasetan parte hartzera animatzeko bideoa proiektatzera.
  • Maiatzak 30, 1. saioa: dagokion irakasleak larunbateko hitzordua gogoraraziko die ikasleei eta bideoa proiektatuko du. Bideoa Calendarren estekatuta egongo da.

Norbaitek arazorik izango balu, gerturatu Haizea edo Janirerengana eta moldatuko dugu.

Eskerrik asko!


IKASTOLA MAILAKOAK


Datu pertsonalen babeseko legedia: ohiko galderen sorta, langile atarian

Langile atariko informazio praktikoa ataleko (gainaldean ezkerraldean dauden ikonoetako bat da) datuen babesa azpi-atalera ohiko galderen sorta gehitu dugu. Gaiarekin buru-belarri gabiltzan azken bizpahiru ikasturteetan hainbat galdera behin eta berriro errepikatu direla ohartu gara eta aproposa iruditu zaigu horien bilduma egitea hala behar denean kontsultarako eskuragarri egoteko.

Ikastola Eguna 2024: egitaraua

Ekainaren 1ean ospatuko dugun Ikastola Egunaren egitaraua ondu du festa antolatzen ari den lantaldeak. Langile atarian duzue ikusgai egitaraua, baita egunean bertan boluntario lanetan aritzeko izena emateko inprimakia eta goizeko ikuskizunean parte hartzekoa ere. Izan ere, iaz bezala, hala nahi duten familiartekoek eta langileek aurten ere izango dute aukera Ikastolaren Eguneko goizeko ikuskizunean parte hartzeko. Apuntatzen direnei emailez emango zaie xehetasunen berri. Ahal izatera, kamiseta urdina, gorria edo berdea jantzita etorri behar da ikuskizunean parte hartzera.

Ikastola Eguna antolatzen ari den lantaldeak ondorengo oharren berri eman digu:

  • Norberak bere edalontzia. Pasa den astean aurreratu bezala, iaz eta orain bi urte egin gisan, norberak bere edalontzia ekartzea gomendatzen da. Salgai ere egongo dira 1€ren truke. Baserrian edaria erosteko aukera egongo da.
  • Añabitarte, zaindu behar dugun inguru paregabea. Gure inguru paregabea ahalik eta garbien eta ondoen zaintzea guztion ardura izango da.
  • Garraio-zerbitzua eta Tknika-ko aparkalekua. Ohi bezala, Ikastolak garraio-zerbitzua jarriko du Añabitartera igo eta bueltan herrira jaisteko, eta hori erabiltzeko gomendioa egiten du. Hainbatek kotxez igotzeko asmoa izango duzue. Hala bada, jakizue Ikastolaren inguruan eta Tknika-ko aparkalekuan (18:00ak arte) autoa uzteko aukera egongo dela.
  • Euria egingo balu, aldaketak egon daitezke egitarauan.

Blaitu Kluba: 3. Blaitu-MHLZ lehiaketa martxan maiatzaren 27tik aurrera | Ttotta berriak

3. BLAITU MHLZ LEHIAKETA

Pasa den abenduan Euskararen Egunaren bueltan eta martxoan KORRIKAren harira egin bezala, Blaitu Klubak Blaitu MHLZ 3. lehiaketa (ikasturte honetako azkena) antolatu du maiatzaren 27tik ekainaren 1era, Ikastolaren Eguna aitzakia hartuta.

Maiatzaren 27tik 31ra bitartean, Blaitu MHLZ jolas bat eskainiko da egunero Ikastolako webguneko Blaitu Klubeko atarian (langile ataritik ere sar zaitezkete bertara). Jolas horiek entrenamendu saioak izango dira ekainaren 1ean, Ikastolaren Eguna ospatuko dugun egunean, jokatuko den final handirako. Berezia izango da ekainaren 1eko final handia: zuzenean jokatuko da Ikastolaren Egunean, 15:00etatik 15:30era LHko areto berrian. Irabazleak Sendaviva parkerako sarrerak eskuratuko ditu etxeko kide guztientzat. Animatu eta parte hartu! Blaitu mingainak eta busti euskaraz!

BLAITU –ERRONKAK 3. SAIOA

Gogoratu martxan dela Blaitu Klubeko Erronkak programaren 3. saioa ere; aurtengo azkena. Blaitu Klubeko atarian ikusgai da saria duten lehiaketa eta txalentxarekin. Lau arrastoren laguntzaz hitz ezkutua asmatzea da lehiaketa; eta txalentxa, berriz, euskarari lotutako kopla edo bertso txikiak sortu eta Blaitu Klubera bidaltzea. Ekainaren 3ra arteko epea dago lehiaketan zein txalentxean parte hartzeko.

TTOTTA BERRIAK ETXEKO TXIKIENENTZAKO

Blaitu Klubeko atarian Ttotta berriak dituzue ikusgai etxeko txikienentzako. Besteak beste, Kuku esku-jolasa eta “Tximeleta etorri da” abestia dira berritasunak.

Maiatzak 25: topaketa Añabitarten familia etorri berriekin

Ikasturte honen hasieran edo irailetik gaur arte Ikastolara iritsi diren jatorri atzerritarreko familiekin elkar ezagutzeko bilera egin genuen pasa den urtarrilaren 24an. Familia etorri berriek beraiek zein Ikastolaren ordezkari gisa joandako lankide eta familiek oso balorazio ona egin zuten, eta beraz, dinamikari jarraipena ematea da asmoa.

Bihar, maiatzak 25, izango da hurrengo hitzordua: Goiz-eguerdi partean, Añabitarten elkartuko dira familia etorri berriak (oraingoan, haur eta familiarteko eta guzti) Ikastolaren ordezkari gisa bertan izango diren lankide eta familiekin. Goza bezate goizaz!


ETAPA ARTEKOAK


DBH1 | Planetan Dantzan ekimena

DBH1eko ikasleak “Planeta dantzan” programan parte hartzen aritu dira urtarriletik aste honetara arte. Programa hau ingurumen-hezkuntzako (Cristina-enea fundazioa) eta arte-sorkuntzako eragileen (Malandain Ballet Biarritz) arteko lankidetza bereziagatik nabarmentzen da.

Programa honen helburua ikasleak ingurumenaren ezagutzan eta babesean sentsibilizatzea da. Horretarako, ezagutza zientifikoak eta artistikoak partekatuz eta arrazionaltasuna eta alderdi emozionala lotuz. Ikastolan bertan zein Victoria Eugenia antzokian egindako saioetan aritu dira horiek guztiak lantzen.

Planeta Dantzan programan Iruña, Donostia eta Akitania Berriko eskolekin batera hartu dute parte DBH 1. mailako gure ikasleek.