ETAPA MAILAKOAK
Ebaluazio bilerak
Astelehen eta astearte arratsaldean EBALUAZIO BILERAK gauzatuko ditugu. Hona hemen zenbait ohar garrantzitsu:
- NOTAK: Jolasgarairako egun bakoitzeko taldeen notak sartuta egon behar dute.
- DENBORAREN KUDEAKETA: taldeari dagokion balorazio orokor bat egingo da. Bertan, tutoreek taldearen lan ohiturak, zailtasunak, jarrerak, harremanak eta erronkak laburbilduko dituzte. Ondoren, eta ebaluazio bilera eraginkorra izan dadin, ez dugu ikasle guztien inguruan hitz egingo, zoriondu nahi ditugun ikasleak aipatuko ditugu eta, ondoren, hobetu daitezkeen emaitzak eskuratu dituzten ikasleen inguruan zentratuko gara. Kasu hauetan, tutoreak proposamen zehatzak egin eta hartu beharreko erabakiak hartuko ditugu. Aintzat hartu bilera monografikoak ere egingo ditugula, beraz, ez du merezi ikasle zehatz batzuekin katramilatzea. Ahal den neurrian, hortaz, saia gaitezen talde bakoitzari dagokion denbora errespetatzen.
- BERRESKURAPENAK: Astearte arratsalderako itxi behar dugu antolaketa. Calendarren dauzkazue kalkulu orriak, txandak zehazten hasteko.
Ikasleen indartze neurriei buruz
Ikasle bakoitzak indartze neurriak zein ikasgaitan dituen frogatu behar dugu, zenbait akats daude eta. Tutore/kotutore bakoitzak frogatu dezan eskatzen dizuegu. Nola begira genezake hau Inikan? Hona hemen hau azaltzen duen aurkezpena.
Topatzen dituzuen akatsak (triangeluren bat falta dela, edo soberan dagoela) koordinatzaileei komunikatu, mesedez.
Oiartzoko kirol-jertseen banaketa
Datorren ostegunean 9:40tik 10:15era batxilergoko ikasle talde bat etorriko da saldu dituzten kirol-jertseak gelaz gela banatzera.
DBHko Blaitukideen Korrikarako proposamena
23. KORRIKA OFIZIALEAN Oarsoaldeko ikastetxeetako DBHko eta batxilergoko ikasleek kilometro bat izango dute. Horren dirua lortzeko, sarreran ibilbidearen mapa jarri dute eta diru bilketa egingo dute ibilbide guztia osatu arte. Iritsiko al gara Orereta-Errenteriaraino? Lagun diezaiegun eta egin dezatela gure gazteek haien ekarpena!
Blaitu Kluba
Beheko irakasle gelako antolaketa
Goiko irakasle gelan egin genuen bezala, beheko irakasle gelako apalen garbiketa egin behar dugu. Irakasle berriak apalik gabe daude eta apalategietan beharrezkoak ez diren gauza asko daudela dirudi, ahaztuta-edo.
Horretarako, Aste Santua bitarte, norberaren apaletan post-it bat jarri izenarekin. Oporretatik bueltan, izenik ez duten apal horietan zer dagoen begiratzen hasteko asmoa dugu eta garbiketa egiten.
Calendarrari lotutakoak: hurrengo asteko ekintzak
- Zirimola: Beraien udalekuen eskaintza egingo dute mailaz maila datorren asteartean. Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.
- Garabide: Datorren asteartean Garabide elkartetik etorriko dira 4. mailako ikasleekin egiten ari diren lanketa amaitzeko.
- Komunikazio tailerra Lekuonara: Hurrengo ostegunean 3. mailako ikasleek zuzeneko streaming irrati saioa izango dute Lekuonako liburutegian.
- Juul kanpaina: Datorren asteartean (martxoak 5) Irakurriz gozatu beste saio bat programatua genuen, baina bertan behera uztea erabaki dugu.
- DBH4: Orientazio + LH Zine eskolara
- MoreretaON: Datorren ostiralean egingo dugu. Antolaketa eta xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
Lanbide Heziketako kanpo bisitak
DBH4ko hainbat ikasle Lanbide Heziketako ikastetxeetara joaten hasiko zaizkigu. Honek gure saioen antolaketan eragingo du. Hemen dauzkazue itxita dauden bisitak:
- ESCIVI (zine eskola): martxoak 7
- EASO (askotariko graduak) – Zubiri Manteo (administrazioa eta informatika): martxoak 21
- DON BOSCO (industrialak): apirilak 11
- INMAKULADA Ikastola (osasungintza eta gizarteratzea): apirilak 18
- EAGI (eraikuntza): data zehazteke
IKASTOLA MAILAKOAK
Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua
Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasunak “Osasuna-eskola” (Lurralde ordezkaritza – Osakidetza) eta “gatazken kudeaketa eta konpontzea” (Euskalit) ikastaroak dira. Langile atarian dituzue xehetasunak.
Solasean: norberaren hausnarketa eta bakarkako elkarrizketak
Otsailaren 9ko oharretan Solaseanen gaineko informazioa bidali genuen. Gaurkoan, norberaren hausnarketa betetzeko epea bukatzeko astebete falta dela gogoratu nahi dizuegu. Hau da, martxoaren 8a da langile guztiek norberaren hausnarketa egiteko dugun epemuga. Ondoren, apirilaren 12ra arteko epea izango dugu Solasean elkarrizketak egiten jarraitzeko. Langile atarian duzue norberaren hausnarketa egiteko eta elkarrizketarako hitzordua eskatzeko aukera.
Digiprest: B2 titulua ateratzeko epea, martxoaren 4tik maiatzaren 15era
B1 titulua ateratzeko epea amaitu berritan, hala nahi duenak B2ri ekiteko aukera ere badu. Martxoaren 4tik maiatzaren 15era arteko epea dago horretarako.
Ikasturte amaierako osasun-azterketak
Ikasturtearen amaieran osasun-azterketak egin ohi ditugu eta horien berri ematera gatozkizue.
Aurten ere Fraternidad-Muprespa mutualitatearekin egingo ditugu. Oinarrizko ohiko azterketez gain, ondorengo azterketa osagarriak egiteko aukera ere badago: azterketa ginekologikoa, emakumeek; PSA markatzailea (odol-analisiarekin batera), 50 urtetik gorako gizonezkoek; eta azterketa laringoskopikoa, denek. Azken hiru azterketen kostuaren %50a langile bakoitzak hartzen du bere gain, Ikastola egiten da kargu beste %50az eta oinarrizko ohiko azterketen %100az. Azterketa guztiak borondatezkoak dira.
Bete, mesedez, langile atariko hala dagokion galdetegia azterketak antolatu ahal izateko. Azterketak egin nahi ez badituzu ere, erantzun, arren, aipatu formularioa, horren jakitun izan behar baitugu. Martxoaren 17a da horretarako azken eguna.
HIZPRO | Euskaraz Bizi | Blaitu Kluba: martxoko kalko okerra eta Busti! 2. programa
Martxoan zehar landuko dugun kalko okerra aditzaren aspektuari buruzkoa da, hain zuzen ere, uzten/utziko, hasten/hasiko eta gisakoak. Horretarako, eskuragarri duzue DBHko Blaituko kideek egindako bideoa (Ikastolako webguneko Blaitu klubeko atarian, Tanten sailean) eta baita eraikinen sarreretan ikusgai jarriko dugun posterra ere. Saia gaitezen elkarrekin erabilera desegoki hau saihesten.
Martxoko kalko okerraz gain, bada eduki berri gehiago Blaitu atarian: Tanta pilula berria eta Busti! 2. Programa. Langile ataritik bertatik hel zaitezkete zuzen-zuzenean Blaitu Klubeko atarira eta bertako eduki guztira.
KORRIKA – Zubiak Eraikiz: goazen Hendaiara korri egitera!
Ikastolen arteko harremanak sendotzen jarraitzeko asmoz, eta martxoaren 14an 23. KORRIKA Irunen hasiko denaren aitzakian, Zubiak Eraikiz proiektuak KORRIKAn bere kilometro zatia izango du Hendaian. Eta Orereta Ikastolako komunitatekide guztiak gonbidatu nahi dira bertan lasterka aritzera, euskarari bultzada eman eta gure arteko zubiak eraikitzen jarraitzeko.
Zubiak Eraikiz proiektuaren KORRIKAko kilometro zatia martxoaren 14an bertan izango da, 17:30ean, Hendaiako udaletxearen inguruan. Ikastolak doako autobusa jarriko du bertara joan eta bueltan etortzeko. Ikastolako langileentzako propio bat jarriko da, arratsaldeko eskola-orduak amaitzean abiatuko dena. Antolaketa kontuengatik, Ikastolak langileentzako antolatutako autobusean Hendaiara joan etorria egin nahi izanez gero, bete langile atariko hala dagokion inprimakia. Martxoaren 8a da horretarako azken eguna.
HENDAIARA JOATEKO IKASTOLAK LANGILEENTZAKO ANTOLATU DUEN AUTOBUSAREN XEHETASUNAK
- Joanerako geltokiak: Añabitarte (16:30) eta Tulle (16:45)
- Bueltarako geltokiak: Lino eta Añabitarte, 19:30ak aldera. (KORRIKAko Hendaiako kilometro zatia eginda, Hendaian bertan AEK-k antolatuko duen ekimenera joango gara eta 19:00etan aterako da autobusa handik bueltan gure herrira)
- OHARRA: ikasle eta familientzako autobusa lehenago aterako da (Linon 15:45ean eta Añabitarten 15:55ean). Norbaitek hori hartzeko aukera izan eta Hendaiara bertan joan nahi izango balu, idatzi mezua idazkaritza@oreretaikastola.eus helbide elektronikora (ez bete langile atariko hala dagokion galdetegia).
BESTELAKOAK
Errigora: udaberriko kanpaina 2024
Udaberriko Errigoraren “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpaina martxan da eta martxoaren 13ra bitarteko epea dago eskaerak egiteko.
Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak eska daitezke; eta aurten lehenengoz, ardoa ere bai. Auzolanari esker, norbere herrian euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Olioa bidoietan banatzen da; ardoa sei botilako kutxetan; pasta, lekaleak eta kontserbak hamabi ontziko sortetan; eta arroza sei poltsako sortetan (uzta txarragatik). Izan ere, proposamena urte osorako beste eskatzea da.
Eskaerak www.errigora.eus webgunetik egin daitezke. Eskaera horrela eginez gero, Ikastolan bertan jaso ahal izango duzue eskatutakoa.
Anima zaitezte kanpainan parte hartzera eta zuen ekarpena egitera!
Bizkarsoro filma ikustera joateko gonbita
Pasa den asteko oharretan, besteak beste, herriko Korrika Kulturaren berri eman genizuen eta gaur egitarau horretako hitzordu batean azpimarra berezia egitera gatoz: Bizkarsoro pelikula ikustera eta osteko solasaldian parte hartzera animatu nahi zaituztegu (martxoaren 5ean 19:00etan, Niessenen)
Ikastolen Elkarteak lagundu duen proiektua da Bizkarsoro, Josu Martinezek zuzendutako fikziozko film luzea. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna. Lehen Mundu Gerran frantsesen bandoan aritu beharrak eta osteko nazien inbasioak bere identitate eta hizkuntzari uko egitera behartuko du Bizkarsoro, baina pronostiko guztien kontra, eutsi egingo dio. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira bizkarsorotarrak.
Nahi izanez gero, langile atarian (agendaren atalean) topatuko dituzue xehetasun gehiago.
“Ikastolak Herriari” ekimena: 2024ko hitzordua
“Ikastolak Herriari” jaialdiaren bosgarren ekitaldia Beskoitzen ospatuko da datorren martxoaren 10ean, “Non eta Mugan” lemapean.
Lehen, orain eta gero ere, Ikastolek misio bera izan eta izango dute toki guztietan: jendartea euskalduntzeaz gain, euskalduntasun horren bitartez euskal kultura indartzea. Hori baita euskal identitatea garatzeko bide sendoena. Ez da erraza izan (eta oraindik ere zaila izaten jarraitzen du) periferiako Ikastolek pairatzen duten egoera sozio-politikoari aurre egitea: aurrera egiteko dedikazio eta militantzia handia behar izan eta izaten dute. Horregatik, beharrezkoa da Euskal Herriaren periferian euskararen alde lan egin duten eragile eta Ikastolei aitortza egitea. Eta helburu horixe du martxoaren 10ean Beskoitzen egingo den “Non eta Mugan” egunak.
Nahi izanez gero, langile atarian (agendaren atalean) topatuko dituzue xehetasun gehiago.