HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (24.01.26)


ETAPA MAILAKOAK


Calendarrari lotutakoak

  • Irakurriz gozatu-Juul kanpaina: Datorren ostiralean, otsailaren 2an, beste saio bat izango dugu. Zuen tutoretzapeko ikasleren batek liburua ez bazuen ekarri, apuntatu dezala gmailera bidali zitzaien galdetegian, mesedez. Calendarren zein saio erabiliko diren ikus dezakezue. Mila esker, Ane S.
  • Bagea!: Hurrengo asteartean DBHko Bagea! talde eragilearen bilera labur bat izango dugu 16:00-16:15 bitarte. Bideratzailea lanetan Manex Eizmendi arituko da.
  • Berdindu formakuntza saioa: Asteazkenean izango da, 14:o0etan hasita 15:00ak arte. Liburutegian elkartuko gara.
  • Berriako kazetaritza tailerra DBH2-3: Gogoan izan 2. eta 3. mailako Komunikazio tailerreko ikasleek orain dela bi aste hasitako lanketaren jarraipena egingo dutela. Calendarren dituzue ikusgai xehetasunak.

Lan erregistroak

Gogoan izan batzuek pendiente dituzuela orain arteko lan erregistroetako batzuk. Bestalde, abenduaren 15eko mezuan adierazi genuen bezala, langile kodea jarri behar da lan erregistro bakoitzean (kodeak ikusgai dituzue aste hartako asteko oharretan).

Bapeoaren inguruan

DBH3 eta DBH4ko komunetan ikasleek bapeatu egiten dutela dakigu. Joera natural bihurtzen eta zabaltzen ari dela uste dugu. Asteleheneko tutoretza saioan ikasleekin gaiaz hitz egingo dugu, eta familiei ere komunikatuko diegu. Dena den, komuneko joan-etorrietan adi egon zaitezten eskatu nahi dizuegu, eta, klasean komunera joateko baimean ematen diezuenean, denbora neurtzeko. Ea guztion artean joera hau moztea lortzen dugun. Eskerrik asko!


IKASTOLA MAILAKOAK


LHko irakasle Iñaki Zapirain, KORRIKAko unitate didaktikoen egile

KORRIKAren 23. edizioa martxoaren 14tik 24ra egingo da, Irundik Baionara, “Harro herri” lemapean. Aste honen hasieran aurkeztu dituzte Euskal Herriko ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoak. Orain urte batzuk hasitako AEKren eta Ikastolen Elkartearen elkarlanaren fruitu dira unitate didaktiko horiek, KORRIKAren azken edizioetan Iñaki Zapirainek egin dituenak.

Biba zu, Iñaki, Ikastolan ez ezik beste hainbat ekimenetan ere buru-belarri, ilusioz eta beti laguntzeko prest izaten zaren hori!

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasunak “Espazio publikoaren berrerabilera jolasaren ikuspuntutik” hitzaldia (bihar bertan), jendaurrean hitz egiteko gakoen inguruko prestakuntza eta UEUko udaberriko ikastaroak dira. Langile atarian dituzue guztien gaineko xehetasunak.

Digiprest: A2 titulua ateratzeko deialdi irekia

Motibo ezberdinengatik, irakasle batzuek ez duzue izan A2 gaitasun digitalaren titulua ateratzeko aukerarik Ikastolaren bitartez. Egoera horretan zaudetenek, jakizue, edozein irakaslek A2 Curridigi ikastaroa egiteko deialdi irekia martxan jarri dutela aste honetan.

Interesdunek Hezigunetik egin behar dute ikastaroa, otsailaren 6tik apirilaren 30era bitartean. Ez da mentorerik izango eta zuzenketak Berritzegune nagusiak egingo ditu.

HIZPRO | Euskaraz Bizi | Blaitu Kluba: kalko okerren lanketa, hilero

Hizpro eta Euskaraz Biziko taldeetatik proposamen bat heldu da. Gure egunerokoan hainbat esamolde desegoki entzuten ditugu eta hauen erabilera murrizteko asmoz hilero kalko oker baten lanketa egingo da hiru etapetan. Horretarako, DBHko Blaituko kideek egindako hala dagokion Tanta Ikastolako webguneko Blaitu Klubeko atarian ikusteko aukera izango duzue. Etapetako eraikinen sarreretan ere ikusgai jarriko dira paneletan kalko oker hauen kartelak. Saia gaitezen erabilera desegoki hauek saihesten.

Urtarrileko kalko okerra jada ikusgai duzue Ikastolako webguneko Blaitu Klubeko atarian (Tanten sailean). Langile ataritik bertatik hel zaitezkete zuzen-zuzenean Blaitu Klubeko atarira.

Matrikulazioa 2024-25: herriko hezkuntza zinegotziaren agerraldia administraziopeko hiru ikastetxeekin

Urtero legez, herriko hezkuntza zinegotziak agerraldia egin du administraziopeko hiru ikastetxeetako zuzendariekin. Urtarrilaren 19an izan zen, hemen irakur dezakezue albistea. Aldiro adierazten dugu Ikastolak ere eskertuko lukeela babes hori, baina ezezko erantzuna jasotzen dugu.


ETAPA ARTEKOAK


DBH | Berria Ikasgela, Ikastolan leiho berriak irekitzen

DBHko komunikazio tailerreko ikasle eta irakasle taldea Berria egunkariarekin elkarlanean aritzeko beste aukera bat izaten ari da. Iazko otsailean eta Kilometroak Urtearen baitako “Egunkariatik Berriara, 20 urte” ekimen-sortaren karietara sortu eta inprimatutako Egun oro berripaperaren ostean, Berria Ikasgelako kazetaritza tailerrekin (Berriako kazetariek gidatutako saio teoriko-praktikoak) hasi berri dira 2024ko urtarrilean, eta Berria Ikasgelaren sail berri baten promozio bideoa egiteko aukera ere izan dute. Maiatzetik aurrera, Berria Ikasgelaren webgunean Euskal Herriko bigarren hezkuntzako ikasleen lanek ere izango dute lekua eta aukera horren promozio bideoa grabatzeko parada izan dute Ikastolako DBHko komunikazio tailerreko ikasleek. Ikusi promozio bideoa eta irakurri guztiaren gaineko xehetasun gehiago langile atarian (albisteen atalean).