HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (23.12.01)


ETAPA MAILAKOAK


Ebaluazio bileretan sartutako orduen inguruan

Aste honetako ebaluazio bilerak 17:30ean amaitzea aurreikusi genuen. Astelehenean 18:00ak arte luzatu ginen, eta, asteartean, 19:15era arte. Kontuak honela, bi egunetan bukatu arte geratu diren irakasleek ordu eta hiru laurden gehiago sartu dituzte.  Norberak sartutako ordu gehigarriak beste tarteren batean hartzea proposatzen dizuegu. Guraso bilerak dituzuela jakinik ez da erraza izango guztiontzat egokia den tarterik topatzea. Bilerarik ez bazenute, hurrengo aukerak proposatzen dizkizuegu: abenduaren 11 edo 12ko Hedatze saioak edo abenduaren 20ko norberaren lanetarako tartea. Horietan posible ez balitz, norberari ondo datorkion edozein tarte balia dezakezue (saiorik ez daukazuen lehenengo edo azken orduren bat); malgutasunez, eta koordinatzailea jakinaren gainean jarrita, mesedez.

Pedagogia: barne oharrak eta guraso bilerak

Barne oharrak idazten bukatzen ari garenez, eta hurrengo astetik aurrera banakako guraso bilerak egin behar ditugunez, lan horietarako  “Pedagogia Batzordean” adostutako GIDA kontuan hartu beharko genukeela gogora ekarri nahi dizuegu. Eskerrik asko!

Abenduaren 6a

Datorren asteazkenean, abenduaren 6an, lanera etortzeko asmorik baduzuen jakinarazi zuzendaritzako kideren bati, mesedez.

Juul kanpaina

“Irakurriz gozatu”tik proiektu bat aurkeztera gatoz: Juul kanpaina, Ikastolen Elkarteko proiektua. Bere helburua irakurketaren zaletasuna bultzatzea da. Ikasturte honetan, LH eta DBH etapetan martxan jarriko da. Bigarren ebaluaketa honetan, gure ikasleek liburu bana aukeratu beharko dute. Guk bi liburu zerrenda prestatu ditugu: DBH 1-2 ikasleentzat, eta beste bat DBH 3-4entzat.

Lehenengo ebaluaketan egin dugun bezala, ikasleei saio batzuk eskainiko genizkieke liburuak irakurtzeko, eta saio bateratu batekin emango genioke amaiera jarduera honi ere. Bukatzeko, ikasle bakoitzak gustatu zaion liburua bozkatzeko aukera izango luke (apirilean), eta horien emaitzak (Ikastolakoa zein Euskal Herri mailakoa) ikasleek eskuratuko lituzkete.

Uste dugu, laster Gabonetako oporrak datozela aprobetxatuz, gure ikasleek opari polit bat jasotzeko aukera izan dezaketela. Gainera, familiak proiektu honetan inplikatzen baditugu, liburu horiek gure artean izatea bermatuko genuke.

Hizpro taldea

Calendar (abenduak 04-05)

  • Kukai (DBH2): Datorren asteartean Kukai dantza konpainiako kideak emanaldi bat eta honen inguruko solasaldia eskainiko dituzte 2. mailako ikasleentzat Gorputz Hezkuntzan landu duten euskal dantzaren inguruko unitatea borobiltzeko. Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.
  • Talde argazkia (DBH4): Asteleheneko Tutoretza saioan gelaka argazkiak aterako ditugu. Jaione etorriko da 11:15-12:10 bitarte eta txandaka aterako dira ikasleak euren tutore eta kotutoreekin.
  • BADYG testak (2. eta 4. mailan): Hurrengo astelehen eta asteartean 2. eta 4. mailako ikasleek Badyg testak egingo dituzte. Tutore bakoitzak bere gelakoa bideratuko du. Antolaketa Calendarren dago ikusgai.
  • Orain prebentzioa (DBH1): Ordu banako bi saio jasoko dituzte 1. mailako ikasleek.

Datorren aste laburreko bi egunetan irakasle taldearen antolaketa nahasi xamarra daukagu, hortaz, erreparatu Calendarreko xehetasunei zaintzen eta trukeen berri izateko.

Calendar (abenduak 11-15)

  • Antzerkia (DBH1): Abenduaren 12an DBH1eko frantseseko eta sormeneko ikasleek Kultura Eskolak eskaintzen duen Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez antzezlana ikusiko dute. Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.
  • Miñan irakurgaiari buruzko solasaldia (DBH4): Lehenengo ebaluazioan irakurri duten eleberriaren inguruko solasaldia izango dute Amets Arzallusen eskutik.
  • Berdindu saioak (DBH3): Abenduaren 15ean hasi eta 20a bitarte, gela bakoitzeko 4 saio izango dira bi egunetan banatuta (2 saio egun bakoitzean). Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.

IKASTOLA MAILAKOAK


Artezkaritza Kontseilua: azaroko bileraren deskargua

Asteazkean, azaroaren 29an, izan genuen Artezkaritza Kontseiluaren ikasturte honetako bigarren bilera. Langile atarian duzue laburpena, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako aktak” botoian.

Kilometroak 23: azken emaitza eta balorazioa, eta etorkizuneko erronkak

Urriaren 1eko Kilometroak Egunarekin Kilometroak Urtea itxita, ebaluazio kuantitaboa eta kualitatiboa egin da Kilometroak 23ren Batzorde Iraunkorrean (koordinatzaileek eta batzorde guztietako arduradunek osatzen duten batzordea), Ikastolen Elkarteko Gipuzkoako Lurralde Batzarrean eta Orereta Ikastolako Artezkaritza Kontseiluaren azken bileran.

Gorabeherak gorabehera eta hobetzekoak hobetzeko, Kilometroak Urtearen eta Egunaren balorazioa positiboa da.

Emaitza ekonomikoari dagokionez, 220.000€ utzi ditu: 180.000€ izango dira Orereta Ikastolarentzat; eta 40.000€, Ikastolen Elkartearentzat (urteroko proportzioa). Ikastolarentzat diren 180.000€ hasieran zehaztutako asmoetara bideratuko dira: Añabitarte ingurua egokitu eta berritzera, Zubiak Eraikiz egitasmoa sendotzera eta herrian, eragileekin elkarlanean, euskarari lotutako erronka bati erantzutera. Lantaldeak antolatuko dira hiru asmoei lotutako proiektuak definitu eta irudikatzeko. Hori egitean, Artezkaritza Kontseilura eramango dira bueltan, hark, proiektu horien nolakotasunaren eta beharren baitan, irabazien banaketa nola egin erabaki dezan.

Alderdi ekonomikoaz gainera, balorazio kualitatiboa ere oso garrantzitsua da: komunitateak egindako lana azpimarratu nahi da; ilusioz eta gogoz aritu izana. Horrek erakutsi du komunitatean badagoela Ikastolaren alde lan egiteko nahia eta gaia; finean, jendea. Orain, erronka da hori bizirik eta bizi mantentzea.

Ildo horretatik, Ikastolakide guztiak gonbidatu nahi zaituztegu goian aipatutako lantaldeetan parte hartzera, Kilometroek utzitako irabaziei loratzeko bidea egiten laguntzera. Interesik izanez gero, idatzi mezua idazkaritza@oreretaikastola.eus helbide elektronikora.

Kilometroak joan da, Erriola geratzeko etorri da. Errioaren magaleko faktoriak, errioko uraren gazi-gozoak, gorabeherek eta zubiek josten duten komunitateak, martxan jarraituko du; guk denok martxan jarraituko baitugu!

Oiartzoko bigarren mailako ikasleen kirol-jertseak salgai!

Oiartzon batxilergoko bigarren maila egiten ari diren ikasleek kirol-jertseak diseinatu eta egin dituzte Europan barrena egingo duten ikas-bidaiarako sos batzuk lortzeko. Gazteei lagundu nahi izanez gero, hemen duzue kirol-jertseak ikusi eta eskatzeko aukera. Abenduaren 11n bukatzen da eskaerak egiteko epea.


ETAPA ARTEKOAK


DBH4 | “Baga, Biga, Higa” ikuskizuna, euskaratik aitona-amonekin harremanak josten

DBH 4. mailako ikasleek euskal ahozkotasuna eta kultura lantzen dituzte ikasgelan lehenengo ebaluazioan. Euskararen Egunaren atarian (aurten, abenduaren 1ean; gaur), ahoz aho jaso eta mendeetan zehar euskaldunok memorian gordeta izan duguna Niessen Kulturguneko oholtza gainera eramaten dute. Horratx “Baga, Biga, Higa” ikuskizuna. Irakurri xehetasun gehiago langile atarian (albisteen sailean).


BESTELAKOAK


EHIren agerraldia abenduaren 4an, EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren irizpena Hezkuntza Batzordean onetsi berritan

EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren irizpena EAJk eta PSE-EEk Hezkuntza Batzordean onetsi berritan, EHIk agerraldia egingo du abenduaren 4an. Lege Berriaren prozesu guztian zehar esandakoak aipatuko dituzte EHIko ordezkariek, nagusiki, agerraldi horretan; azkenean onarpenak izango duen irismen eta babesari ere aipamena eginez.

Elkartasun Kutxa 2024: 1.000.000€ beharrik handiena duten proiektu eta Ikastolentzako

Elkartasun Kutxa Ikastolok beharrik handiena duten proiektuak eta Ikastolak laguntzeko dugun ekimena da. Euskal Herriko 114 Ikastolok egiten dugu urtero ekarpena Kutxara hori aurrera atera ahal izateko. Maiz Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako Ikastolak izaten dira laguntza jasotzen dutenak.

Pasa den azaroaren 28an egin zen Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia Senperen, Kattalin Elizalde kolegio berrian, eta 2024an hamar Ikastolaren artean 1.000.000€ banatzea erabaki zuen. Langile atarian topatuko dituzue xehetasun gehiago.

Katalogoa.eus: Euskarazko Produktuen Katalogoa

Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998an Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena da, egun 115 toki-entitatek baino gehiagok sustatzen dutena. Besteak beste, 16 urte bitarteko gazteentzako euskarazko kultur produktuen bilduma eguneratua egitea da helburua. Eguberriak ate joka ditugula jakinik, interesgarria izan daitekeelakoan, www.katalogoa.eus webgunean hainbat eta hainbat aukera topatuko dituzue.

Hainbat artikulu interesgarri

Oharra: EAEko Hezkuntza Lege berriaren azken faseko mugimenduen testuinguruan egin da beheko bilduma/aukera.