HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (23.10.27)


ETAPA MAILAKOAK


Gau Beltza

Dakizuen bezala, Gau Beltza ospatuko dugu urriaren 31n. Egun horretan desfilearen aurretik eta desfilean zehar hainbat lan bete beharko dira. Zeregin batzuetarako jendea falta da, bereziki zirikatzaileekin joan eta kudeatzeko, baita muntaia eta desmuntaia lanetan aritzeko ere. Anima zaitezte parte hartzera!

Berrikuntza

DIZIPLINA ARTEKO PROIEKTUAK:

Datorren asteartean, urriak 31, MAILAKA bilduko gara DIZIPLINA ARTEKO PROIEKTUei buruz aritzeko. Hainbat lan aurreikusten dugu:

  1. 1. ebaluazioari dagokion proiektua doitu eta itxi.
  2. Komunikazioa: doikuntzak elkarri jakinarazi. Ekintza komunikatiboa egoki itxi.
  3. 2. ebaluazioari begira jarri: egiten dugunaren berri elkarri eman. Loturak bilatu. Horma-atalak osatzen hasi.

Lan horri jarraipena emango diogu azaroaren 13an, astelehena.

Antolaketa:

  • DBH1: Liburutegian
  • DBH2: 2A
  • DBH3: 2B
  • DBH4: 2C
  • DBH4. mailako letretako diziplina artekoekin (ENG-EKONO) Maialen eta Miren bilduko dira 2D gelan azalpena eman eta berriro martxan jartzeko.

Animo, gazteak!

Asteleheneko klaustroa

Calendarren ikusgai duzue asteleheneko klaustroko gai-zerrenda.

EmanTik

Asteartetik aurrera, ikasturte osoan zehar, goizeko lehen orduan eta jolasgaraitik bueltan EmanTik ekimena martxan jarriko dugu DBH1 eta 2ko gela guztietan. Beraz, lehen orduan edo laugarren orduan maila horietan klase ematen duzuenok, haintzat hartu ikasleak plataformara sartuko direla nola sentitzen diren adierazteko.

Azterketa epidemiologikoa

Datorren ostegunean, 9:00etan, Osakidetzako langileak etorriko dira 2D gelako ikasleei errebisio odontologikoa egitera. Azterketak egiteko bigarren mailako komunen pareko gela baliatuko dugu.

Komunak diren espazioak: zaintza kolektiboa eta neurriak

Azken bi aste hauetan komunak diren hainbat espazio zabalik eta erdi txikituta topatu ditugu: liburutegia, goiko mintegiak ziren lan gelak, musika gela inguruko gelatxoak… Hau ikusirik, bi ohar edo eskaera:

  • Ikasleek talde lanak egin behar badituzte gelak zabaldu eta erabiltzen utzi, baina, lanak amaitu ondoren, ixtera joan eta gela behar bezala zaindu dutela ziurtatu.
  • Ez utzi gure giltzak euren eskuetan.

Ardurak eta marroiak

Azken aste hauetan dauzkagun zenbait ardura ez ditugu bete, eta, ondorioz, leihoak zabalik gelditu dira, atea itxi gabe, argiak itzali gabe… Mesedez, errebisa dezagun norbere ardura zein den eta bete dezagun txukun.


IKASTOLA MAILAKOAK


Mari Domingiren Errepublika Magikoa

Aurten, Mari Domingiren Errepublika Magikoa abenduaren 1etik 17ra egongo da zabalik asteburu eta jaiegunetan. Gutun galduaren ibilbideari musika nota galduenak hartuko dio erreleboa aurten. Bisitan etorri nahi izanez gero, aurrez sarrera erosi behar da www.maridomingi.eus webgunean (langile atarian ere baduzue aukera). Jada zabalik da horretarako aukera. Anima zaitezte eta anima itzazue zuen ingurukoak ere! Eskutitzak jasotzeko zain izango duzue Mari Domingi, salda bero eta guzti!

“Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat” manifestazioa azaroaren 4an, Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak “Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat” manifestazioa deitu du azaroaren 4an, Bilbon. Euskalduna Jauregitik abiatuko da, 17:00etan. Azken aste eta hilabeteetan auzitegietatik etorri den euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldia du iturburu manifestazioak. Euskalgintzakoez gain, beste eragile askok egin dute bat deialdiarekin (sindikatuek, alderdi politikoek…). Ikastolok ere bai, Euskalgintzaren Kontseiluko bazkide garen aldetik zein Euskal Herriko hezkuntza nahiz gizarte eragile gisa.

Xenpelar AEK euskaltegiarekin, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearekin eta Xenpelar bertso-eskolarekin batera:

  • Manifestazioari babesa eskaintzeko herri-argazkia egin genuen atzo herriko enparantzan (urriak 26)
  • Azaroaren 4an Bilbora joateko autobusa antolatu dugu. 15:00etan aterako da Panier-tik eta txartelak salgai daude, besteak beste, Ikastolako Añabitarteko eta Esmalteriako bulegoetan; baita Xenpelar euskaltegian eta Arkaitza tabernan ere. (Helduak: 13€ | adin txikikoak, langabeak eta pentsiodunak: 8€).

BESTELAKOAK


Nafarroa Oinez 2024: Zangozan, “Piztu” lemapean

Aste honetan aurkeztu dute 2024ko Nafarroa Oinez. Etxarri-Aranatzeko Andra Mari Ikastolari testigua hartuta, Zangozako Ikastolak antolatuko du datorren urteko hitzordua “Piztu!” lemapean. Gehiago jakin nahi izanez gero, irakurri albistea.

gaitu.eus: adimen artifizialari euskaraz irakasteko auzolan digitala

Egungo euskal jendarteak erronka ugari ditu. Horien artean bat, adimen artifizialari euskaraz irakastea. Makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenago irakatsi egin behar diegu.

Horretarako, milaka ahots behar dira, milaka grabazio ordu euskaraz. Horri bide eman nahi dio Gaitu egitasmoak (www.gaitu.eus) Mozilla Common Voice proiektu librearen bitartez.

Ahots asko eta askotarikoak behar dira: adin tarte, genero eta mota guztietakoak. Gu denona ere ongi etorria izango da. Sortzen ari den ahotsen datu-basea, gero erakunde eta enpresa guztiek erabili ahal izango dute euskarazko tresna eta aplikazio berriak sortzeko, euskaldun guztion onurarako. Sartu www.gaitu.eus webgunean eta anima zaitezte proba egitera!

EAEko Hezkuntza Lege berria: Hainbat lotura interesgarri

Oharra: EAEko Hezkuntza Lege berriaren azken fasea, sektore publikoan egin berri diren bi greba, urriaren 29ko “Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez” manifestazioa… Testuinguru horretan egin da beheko bilduma.