HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (23.04.28)


ETAPA MAILAKOAK


Klaustroko hainbat gai

a) Zubiak Eraikiz egitasmoa DBHra iritsi da! (Haizea)

Piarres Larzabal kolegioko hiru kiderekin bildu ginen urtarrilean, eta haiekin adostu genituen lehen harreman urratsak izango zirenak. Besteak beste, Euskaraz Bizikoek bidalitako aurkezpen gutunaren erantzuna jaso genuen udaberriko oporren aurretik eta orain haien inauterien azalpenaren bideoaren zain gaude. Bestalde, maiatzaren 14an izango den Herri Urratserako gonbidapena ere luzatuko digute datozen egunetan eta horretarako, bideodei bat egingo dugu haiekin. Ea udaran zehar harremanak sendotu eta gurekin izaten ditugun Kilometroetan! Azkenik, jakizue ekainean aurrez aurreko topaketaren bat ere egitea gustatuko litzaigukeela, zehaztapen gehiago lortuz gero, jakinaraziko dizuegu.

Oharra: gaiari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, jar zaitezte harremanetan Haizea edota Iratirekin.

b) Pertsona kudeaketa, esteka

Naroa Susperregik klaustroan azaldutako konpetentzien hiztegia duzue hemen ikusgai. Aurrerantzean bideratuko dizuegu autoebaluazioa betetzeko galdetegia.

c) Irakurriz Gozatu Proiektuari buruzkoa (Maitane)

Irakurriz Gozatu Hizprok sortutako Irakurketa Planetik jaio zen proiektua da. Irakurketa plan horren emaitzetatik ondorioztatu zen, besteak beste, gure ikasleen irakurzaletasuna sustatzeko beharra, eta horrekin batera, testuen ulermena zein ahozkotasuna lantzeko beharra zegoela.

Behar horiei erantzuteko helburuarekin Irakurriz Gozatu Proiektuak honakoa proposatzen du: ikasleei hilabetean behin nahi dutena irakurtzeko ordu bat eskaintzea da eta hiruhilabete bakoitzaren bukaeran solasalditxo baten bitartez irakurri dutenaren berri elkarri ematea. Solasaldi horiek taldeka egingo dituzte eta maila desberdinetako ikasleak nahastuta arituko dira solasean. Hala ere, proposamen hori datorren ikasturtean sistematizatzea aurreikusten da, beraz ikasturte honetan proba pilotua besterik ez dugu egingo. Gauzak horrela, DBH1 eta DBH3ko ikasleekin jarriko dugu martxan aurten; bi egun eskainiko dizkiogu irakurtzeari (maiatzean) eta prozesua solasaldi batekin itxiko dugu ekainean.

Proposamen hau martxan jartzeko, ordea, beharrezkoa ikusi dugu lehenik eta behin ikasleei irakurtzeko txoko goxo bat eskaintzea. Hori dela eta, ikusiko zenuten bezala, 3. ebaluazioko Hedatze saioetan “Irakurriz Gozatu” eskaintza berria txertatu dugu. Helburu nagusia liburutegiari astinaldi bat ematea izango da, bertan dauden liburu guztiak behar bezala antolatu, behar/nahi ez duguna bota eta, azkenik, espazioa apainduz irakurtzeko txoko goxo bat lortzeko. Horretarako, Miren Usabiaga, Ane Sobreviela eta hiruok bildu gara aste honetan eta elkarrekin irizpide batzuk adostu ditugu, beraz Hedatze saioetatik kanpo zuetako inor zuen saioren batean lan hori aurreratzera animatuko balitz (batzuk dagoeneko nigana hurbildu zarete zuen laguntza eskaintzera), hauek dira kontuan hartu beharreko irizpideak.

1. Alde batetik, hiztegiak (hizkuntzaka) eta, beste alde batetik, entziklopediak, sailkatuko ditugu. Hau egin ondoren, entziklopediekin zer egingo dugun erabaki beharko da (denak gorde beharko genituzke?).

2. Gainontzeko liburuak, lehenengo hizkuntzaren arabera, eta ondoren, egilearen abizenaren arabera (alfabetikoki) sailkatuko ditugu. Behin lan hau eginda, hizkuntzetako mintegien esku geratuko da garbiketa egitearen ardura, hau da, zein liburu bota nahi dugun eta zein mantenduko dugun mintegi bakoitzak erabakiko du.

*Erabiltzen ez dena botatzearen aldekoak gara, baina ez da erabaki erraza; horregatik, egokiena erabaki hori mintegi bakoitzak hartzea dela uste dugu.

Liburutegia prest dugunean, aurrerantzean espazio “berri” honen erabilera egokia nola bermatu eta sustatu dezakegun ere pentsatzen aritu gara, baina uste dut emandako informazioarekin momentuz nahikoa duzuela. Has gaitezen pixkanaka eta gero… gerokoak!

Bukatzeko, ikasleen irakurzaletasuna sustatzeko ikasleekin egingo den lanaz gain, irakasleok ere Galtzagorri Elkartearen eskutik Irakurzaletasuna sustatzeko formakuntza saio bat jasotzeko aukera izango dugu irailean. Honi buruzko xehetasunak aurrerago emango dizkizuegu.

Informazio asko eman dizuet, beraz edozein galdera baldin baduzue, hurbildu lasai nigana eta saiatuko naiz zuen zalantzak argitzen!

DBH1:

  • maiatzak 12, ostirala (3. orduan)
  • maiatzak 31, asteazkena (3. orduan)

DBH3:

  • maiatzak 8, astelehena (3. orduan)
  • maiatzak 26, ostirala (3. orduan)

d) Ikastola eguna, ekainak 3 (Janire)

Ikasturtearen azken txanpan gabiltza, eta horrekin batera, badator Ikastola Eguna. Ekainaren 3an izango da eta egitaraua aurrerago zehaztuko badizuegu ere, orain arte zehaztutakoak jakinarazi nahi dizkizuegu. Iazko ereduari jarraiki, aurten ere komunitatean jarri nahi da zentrua. Ikastolaren komunitatea osatzen dugunok elkartu eta guztiontzako eguna ospatuko dugu.

Urteetan zehar DBHko ikasleen parte-hartzea oro har txikia izan denez, aurten eurentzat propio hainbat ekintza izango ditugu. Dagoeneko egin dugu haiekin lehen kontaktua, eta beraien proposamenetatik abiatuta, goizean ginkana izango dute eta arratsaldean dj lanetan izango ditugu. Horrez gain, goizeko ekitaldian ere parte hartzera animatuko ditugu. Ikasleak ez ezik, irakasleon parte-hartzea ere beharko dugu ekitaldian. Ekintzen dinamizazioan ere laguntza eskertuko genuke. Beraz, antolaketan aurrera egin ahala, zehaztuko dizuegu zertan eta zertarako behar ditugun bolondresak.

Momentuz, hauxe besterik ez. Laster izango duzue gure berri.

Animo azken txanpan!

Berrikuntza pedagogikoa (Miren, Ekaitz, Maialen)

a) DBHko PEDAGOGIA BATZORDEA: hirugarren kidearen bila

Astelehenean burutu genuen klaustroan aurreratu genizuen bezala, datorren ikasturtean Ekaitzek DBHko pedagogia batzordea utziko du.

Gauzak horrela, zuengana jotzen dugu gurekin batera aritu zaitezten berrikuntza pedagogikoan. Zuetako edozeini proposamena erakargarria, interesgarria… egiten bazaio, asteazkena arte izango dugu epea zabalik.

Hurbildu guregana eta hitz egingo dugu. Animatu!

 b) KAFE-TERTULIAK: animatuko al zara?

Dakizuen bezala iaz ekin genion astelehenetako hainbat eguerditan “kafe-tertulia” egitasmoari. Harez geroztik, hainbat proposamen jasotzeko aukera izan ditugu: anitzak eta interesgarriak guztiak.

Zuetakoren batek kafe-tertulian hizlari izateko interesa izango balu, beste behin ere, guregana hurbildu besterik ez du. Denok daukagu zer emana. Denok daukagu zer jasoa. Animatu!

DBH4| Latina

Maiatzaren 9an Latineko ikasleak faltako ditugu film labur baten grabaketa lanetan arituko direlako, beraz, egun horretan ez azterketarik jarri, mesedez.

DBH2| Errenteria 11 kolore

Nazioarteko kulturartekotasunaren eguna gainean dugun honetan, DBH2.mailako ikasleek ostiralean, azken bi orduetan talde dinamika jakin bat gauzatuko dute. Unitate didaktikoa eta xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.

Lanaldi erregistroa

Hilabete amaierara iritsi garenez, apirilari dagokion lan erregistroa egokitu eta Zuzendaritza gelako apalean uztea eskertuko genizueke.


IKASTOLA MAILAKOAK


Kilometroak 23: hainbat aipamen

“12 ORDUZ ERRIOLAN” (MAIATZAK 6): JANUS LESTER GUREKIN IZANGO DA

Aste Santuko oporren aurretik aurreratu bezala, maiatzaren 6an “12 orduz Erriolan” egitasmoa egingo dugu. 11:00etan hasi eta 23:00etara arte diziplina diferenteetako emanaldiak izango dira Agirre Lehendakaria plazan (Linon).

Eguneko egitaraua erabat zehaztu gabea badago ere, baiezta dezakegu, besteak beste, Herri Arte Eskolako ballet eta klake dantzariak, orkestra txikia eta erromeria taldea; Beti Prest taldea (muxikoak); Lau Haizetarako kantujira; Xenpelar bertso-eskola; SAGELtarrak, Zilibito Records eta Lawless Records musika-taldeak; DJ Iker Rodriguez; Ochote taldea; Concha Rociera; Lur Korta ipuin-kontalaria eta Edu Magoa bertan izango direla. Baita ere zinta-akrobaziak, erakustaldiak (karatea, diaboloa…), tailerrak (gimnasia akrobatikoa familia egitekoa Hiruki Birakaren eskutik eta musika tresnak sortzekoa Soinuenek gidatuta), eta LHko ikasle sortzaileen eta hainbat familien emanaldiak.

Eta Janus Lester taldea ere, Kilometroak 23ren “Erriola” abestiaren egilea, gurekin izango da. Aurreratzen dizuegu maiatzaren 5ean aurkeztuko dugula “Erriola” abestia eta biharamunean, maiatzaren 6an, Janus Lester-ek lehen aldiz joko duela jendaurrean “12 orduz Erriolan” ekimenean. 21:30ean izango da hori, eta ostean, 23:00ak arte, kultur maratoia amaitu arte, kontzertua emango dute.

Datorren astean emango dizkizuegu “12 orduz Erriolan” ekimenaren gaineko azken xehetasunak, asteko oharren zein sare sozialen bitartez.

Hau guztia aurrera atera ahal izateko, boluntario-lanetan aritzeko pertsonak behar ditugu. Egin dezagun elkarrekin eta goza dezagun elkarrekin “12 orduz Erriolan” ekimenaz. Bete boluntarioen izen-emate inprimakia langile atarian. Anima zaitezte!

“EUSKARAREN ERRIOA” ERRONKA JARRI DUGU MARTXAN

“Euskararen Errioa” ekimena jarri dugu martxan: urrira bitartean, Kilometroak 23ko egun handia izango den urriko lehen igandea iritsi artean, euroka kilometroko errioa osatzeko erronka, hain justu.

Kilometro batean euroko 50.000 txanpon sartzen dira. Erronka euroak biltzea da, ahalik eta errio luzeena egitea. Gero horiek euskararen sustapena helburu duten proiektuetara bideratuko dira. Ekimenean parte hartzeko modu ezberdinak daude: modu fisikoan, online edo Bizum bitartez egin daiteke ekarpena.

Sagardo Egunean (apirilak 29), Dantzari Txiki Egunean (maiatzak 1) eta “12 orduz Erriolan” ekimenean (maiatzak 6) herriko kaleetan izango da “Euskararen Errioa”. Anima zaitezte eta anima itzazue zuen ingurukoak ekarpena egitera!

“Euskararen Errioa” ekimenaz informazio xeheagoa nahi baduzu, langile atarian topatuko duzu.

BOLUNTARIOAK BEHAR DITUGU HURRENGO EGUNETAKO HITZORDUETARAKO

Hurrengo egunetan Kilometroak 23 herriko kaleetara irtengo da eta lanerako boluntarioak behar ditugu. Hauek dira hitzorduak:

  • Apirilak 29, Sagardo Eguna: “Euskararen Errioa” ekimena indartzeko, jende artean eskuz esku euroak biltzen ariko diren boluntarioak behar ditugu.
  • Maiatzak 1, Dantzari Txiki Eguna: “Euskararen Errioa”rako txanponak jaso eta azken Tanta zozketa txartelak salduko dituzten pertsonak behar ditugu.
  • Maiatzak 6, “12 orduz Erriolan”: muntaia eta desmuntaiarako, tabernan eta sukaldean laguntzeko, aurkezle lanak egiteko, eta bideoak grabatu eta argazkiak ateratzeko pertsonak behar ditugu.

Animatu, langile atarian duzue izena emateko aukera!

Haur Eskola: matrikulazio kanpaina 2023-24

2023-24 ikasturterako Ikastolako Haur Eskolako matrikulazio-garaia maiatzaren 2tik 16ra egongo da zabalik. Ikastolako webgunean daude kanpainari lotutako xehetasun guztiak, baita Haur Eskola ezagutzeko hitzordua eskatzeko aukera ere.

Zalantzak edota galderak argitzeko edo informazio xeheagoa jasotzeko, matrikulazioa@oreretaikastola.eus helbide elektronikora mezua idatz daiteke, 943 52 03 97 telefono-zenbakira deitu edo Esmalteriako bulegora jo (astelehenetik ostiralera, 15:30etik 17:30era).

Zuen zeuen interesetik harago, eskertuko genizueke zuen iritziz interesa izan dezaketenei informazioa helaraztea.

Prestakuntza: eskaintza berria

EHUko udako ikastaro berrien eta Gizonduz sentsibilizazio eta prestakuntza programaren eskaintzari buruzko informazioa eskuragarri duzue langile atarian (prestakuntzaren atalean).


BESTELAKOAK


Hainbat artikulu interesgarri