HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (22.09.16)


Etapa mailakoak


Eskolatze Batzordetik datozen ikasleak eta HIPI laguntza

Dakizuenez, Euskal Herrira etorri “berriak” diren zenbait ikasle ditugu. Euskaraz ez dakite eta HIPI programan egongo dira. Astelehenetik ostegunera lehen orduan Haizearekin izango dute saioa urritik aurrera. Orain, aldiz, astearte-asteazken-ostegunetan jasoko ditu; eta beraz, ez ditugu saio arruntetan izango.

Hori dela eta, lehen egunetan, irakasle bakoitzak azter dezala mesedez, bere gaian zein den ikasle horien abiapuntua. Ezingo dute unitateen martxa arrunta jarraitu. Baina aldi berean, legearen arabera, hizkuntza ezin da oztopo izan edukiak ez barneratzeko. Aholkua: irakasleok mintegietara jo beharko dugu, aurrez gure mintegikideren batek egokitutako/itzulitako materialik ba ote duen ziurtatuz; eta materiala elkarbanatuz, guztion mesederako.

Lehen egunetan agian tarteka 5 minutuz-edo haiengana hurbildu eta azalpentxo laburren bat emateko ohitura hartu beharko dugu.

Beharrezkoa ikusten bada, bilera bat deituko dugu zer edo nola egin adosteko. Gelaz gela, beharrik sumatzekotan, jakinarazi tutoreari, eta zehaztuko dugu bilera eguna.

Pedagogia Batzordeko kideen oharra, hitzez hitz

Dakizuen bezala, aste honetan ekin diogu arloz arlo unitate didaktikoetako programazioak egokitzeari. Arlo askotan jada bideratuta dauzkazue, baina beste batzuetan ixtea falta zaizue. Mesedez, gogoan izan irailaren 29rako amaituta behar ditugula, guraso bilera orokorretarako aldaketak prest eduki ahal izateko. Edozein zalantza edo argibide behar izanez gero, jo ezazue guregana.

Animo, gazteak, eta mila esker.

DBHko pedagogia batzordea.

Inika: asistentziaren kontrola dela-eta

Asistentziaren kontrola eraman ahal izateko, jakizue klaustrokide askok dagoeneko egin duten moduan, ezinbestekoa dela Inikan aste hauetan izango duzuen ordutegia txertatzea (horretarako laguntzarik behar izanez gero, eskatu lasai; edo gogoan izan Inikak berak dituen laguntza bideoak ere eskura ditugula atal bakoitzean).

Jakizue, bestalde, gurasoei zer komunikatu eta zer ez lanean ari garela, baina bitarte horretan aktibo dago asistentzia faltaren mezularitza. Orain arteko probatan, gurasoek jakinarazpena jaso ahala, justifikatzeko saiakera egin dute. Joango gara bidea elkarrekin zehazten, eta emango dizuegu egoeraren berri hurrengo egunetan.

Ur mozketa DBHn, mantenu jakinarazpena

Adi! Datorren asteartean, hilak 20, 08:00etatik 10:00ak bitarte ur mozketa egongo da DBHko eraikinean. Larrialdietarako deposituan lanean arituko baitira. Hortaz, kontuan izan etxetik ekarri beharko dutela/dugula ura (edateko) eta komuna ere ez dela “erabilgarri” izango bi ordu horietan. Barkatu eragozpenak.

Leihoak, ateak eta argiak: itxi eta itzali beharra

Esan eta esan aritu bagara ere, orain arte EGUNERO utzi dugu gelako leihoren bat parez pare irekita, eta ixtera sartu behar izan dugu. Baita argiak itzaltzera ere, asteko azken egunetan bereziki, asteburuan piztuta gelditu ez daitezen. MESEDEZ, guztion ardura da, kontuan izatea eskertuko genizueke. Eskerrik asko!


Ikastola mailakoak


Inikako mezularitzaz

Pasa den asteko formazio-saioetan esan bezala, familiekin harremanetan jartzeko Inika erabiliko dugu, ez emaila. Eta familiei ere gauza bera egiteko esango diegu. Izan ere, besteak beste, egunen batean edo denboraldi batean tutorea ez bada egongo, Inikatik zuzenean mezuak haren ordezkoari helduko zaizkio. Horri jarraiki, animatu nahi zaituztegu lankide arteko mezularitza-tresna gisa ere Inika erabiltzen hastera, besteak beste, hartzaileen filtraziorako aukera oso politak eskaintzen baititu. Denontzako da erreminta berria eta denon artean egingo dugu bidea. Laguntzarik behar izanez gero, jo guregana. Animo!

Kilometroak 2022: laguntza eskaera

Kilometroak 2022 Ibarrako Uzturpe Ikastola ari da antolatzen. Urriaren 2ko jairako gure familia eta langileen laguntza eskatu digute. Kilometroak festaren aurtengo edizioaren alde zuen hondar aletxoa jartzera animatzen zaituztegu. Bete inprimaki hau horretarako.

Gogoratu datorren edizioa antolatzea guri, Orereta Ikastolari, dagokigula. Laster izango duzue horren berri ere. Gogoan izan eta indarrez hartu!

Euskaraldia 2022: izen-ematea

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra Euskaraldia ospatuko da “Hitzez ekiteko garaia” lelopean. Aurreko urteetan bezala, Orereta Ikastola arigunea izango da. Ekainean ireki zen ariguneetako kideek izena emateko epea (eman genuen asteko oharretan horren berri). Uda tarteko, egokia iruditu zaigu kontua gogoratzea. Oraindik izena eman ez baduzu, egin hemen.

“Pantailak Euskaraz” ekimenaren gutuna

Pantailek geroz eta leku handiagoa hartzen dute gure egunerokoan, eta euskarak haietan duen tokia oso da txikia. Egoeragatik kezkatuta, hainbat elkarte eta herri mugimenduk bat egin dute “Pantailak Euskaraz” ekimena sortzeko. Familia eta langileen artean zabaltzeko gutuna igorri digute eta erantsita doakizue.

Atlantikaldia

Atlantikaldi bete-betean gaude eta Ikastolatik ere animatu nahi zaituztegu ekintzetan parte hartzera eta festaz gozatzera. https://www.atlantikaldia.errenteria.eus/ webgunean dituzue xehetasun guztiak.

Glisseguna

Orain ia hogei urtetik hona, Seaska Ikastolek eta Ipar Euskal Herriko beste hainbat eragilek Glisseguna antolatzen dute euskara aisialdirako hizkuntza ere badela aldarrikatzeko. Euskara, surfa eta lerra kirolak ardatz dituen jaia irailaren 24an (larunbata) izango da aurten Angeluko itsasbazterrean. Kirol ikuskizunez, musikaz eta dantzaz betetako eguna izango da. Informazio gehiago: hemen

Gaurkotasuna: hezkuntza munduari lotutako hainbat albiste eta artikulu