HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 9. buletina (2021.04.28)

Gai hauek landu dira 2021eko apirileko Artezkaritza Kontseiluan.

Artezkaritza Kontseilua berritzea

Joan den apirilaren 14an egin zen Orereta Ikastola Kooperatiba Elkarteko urteko Ohiko Batzar Nagusia. Bertan, Artezkaritza Kontseilua berritu zen. Zehazki, hiru aldaketa proposatu ziren: Haur Hezkuntzako irakasleen ordezkari Leire Mañes izatea, Ainhoa Graciaren ordez; eta gurasoen ordezkari Arantxa Iragorri eta Xabier Gorrotxategi izatea, Arkaitz Tolosa eta Olatz Mirandaren ordez. Batzarrak aldaketa horiek ontzat eman zituenez, apirileko Artezkaritza Kontseiluaren bilera jada kontseilukide berriekin egin da.

Batzar Nagusiaren ondorengo lehenengo bilera izanik, kooperatiba elkarteko ardurak banatu ziren kontseilukideen artean. Hala, hau da Artezkaritza Kontseiluaren osaera, 2021eko apiriletik aurrera:

  • Lehendakaria: Itziar Navarro
  • Lehendakariordea: Xabier Gorrotxategi
  • Diruzaina: Eneritz Gurrutxaga
  • Idazkaria: Xabier Zabaleta
  • Bokalak: Mertxe Arano, Iñaki Erkizia, Lide Gabarain, Maider Gezala eta Arantxa Iragorri (gurasoak); Leire Mañes, Jone Briñas eta Egoitz Sayar (HHko, LHko eta DBHko irakasleen ordezkariak, hurrenez hurren); eta Izaskun Perez (administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaria).
  • Zuzendaritza taldea: Anartz Muxika (zuzendari nagusia), Egoitz Verdugo (zuzendari pedagogikoa), Aurkene Astibia (Haur Hezkuntzako zuzendaria), Anjel Mª Elkano (Lehen Hezkuntzako zuzendaria), Irati Muxika (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zuzendaria) eta Gaskon Etxeberria (Oiartzoko zuzendaria).

Batzarrean adierazi zen bezala, Artezkaritza Kontseilua osatzen dugun guztiok gure ardura seriotasunez hartzen dugu eta Ikastolarentzako erabaki onenak hartzen saiatuko gara, profesionalei, familiei eta bazkideei entzunez eta erantzunez.

Ohiko Batzar Nagusiaren balorazioa

Joan den apirilaren 14ko Ohiko Batzar Nagusiari dagokionez, Artezkaritza Kontseiluak modu positiboan baloratzen du bazkideen parte-hartzea. Aurreko batzar batzuetan baino guraso gehiago bertaratu ziren eta, horrela, bazkide erabiltzaileen eta ez erabiltzaileen kopurua orekatuagoa izan zen. Alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkie Artezkaritza Kontseiluak batzarrera hurbildu ziren bazkide guztiei. Landutako gaiak garrantzitsuak izanik, interesa azaldu zuten eta iritzia eman ahal izan zuten, bozketetan.

Zuzendari pedagogikoak, zuzendari nagusiak eta lehendakariak ahalegin berezia egin zuten azalpen argiak eta ulergarriak emateko, bazkideek egoeraren inguruko informazio garbia jaso zezaten.

Batzarraren aurretik familiekin zein langileekin egindako bilerak baliagarriak izan zirela aipatu zen. Horri lotuta, gaiaren izaerak horretarako beharra ekarriko balu, berriz ere egitea egokia izango litzatekeela esan zen.

2022-26 Plan Estrategikorako urratsak

Datozen urteetako Plan Estrategikoa berritzea dagokio Ikastolari, aurrekoaren epea amaituta. Talde txikiagoan landuko da proposamen zehatza Artezkaritza Kontseiluan aurkezteko. Proposamen horretan definituko da zein gai izan daitezkeen interesgarriak hezkuntza komunitate osoarekin lantzeko eta zein komunitate horretako talde jakin batzuekin lantzeko (gurasoak, langileak…). Era berean, aztertuko da kanpoko zein adituk lagun dezakeen etorkizuneko hezkuntzaren nondik norakoak argitzen.

Plan Estrategiko berrian toki nagusia hartuko duten gaien artean daude eraikinen inguruko gogoeta eta horiei lotutako inbertsio beharrak, finantza egonkortasuna, beka sistema egituratzea, eta matrikulazioaren bilakaerari lotutakoak.

Ikasturte honetako azken hilabete hauetan, prozesuaren diseinua egingo da. Eta 2021-2022 ikasturtearekin batera ekingo zaio Plan berria osatzeari.

2023ko Kilometroak

Artezkaritza Kontseiluan behin baino gehiagotan atera izan da epe laburrera Gipuzkoako Ikastolen jaia, Kilometroak, berriro ere gure herrian antolatzeko aukera. Batzar Nagusian ere azaldu zen aukera hori aztertzeko unea izan zitekeela. 2021eko eta 2022ko jaiak nork antolatuko dituen erabakita dagoenez (2021eko jaia Goierriko hiru Ikastolak antolatuko dute -Lazkao, Beasain eta Ordizia- eta 2022koa Ibarrako Uzturpe Ikastolak), 2023koa izango litzateke oraindik antolatzailerik gabeko lehenengo urtea.

Kilometroak Kultur Elkarteko arduradunekin eta azken urteko antolatzaileekin bilerak egin dira, Ikastolak zituen zalantzak argitzeko. Eta informazio hori eskuetan, uste da Orereta Ikastolak baduela gaitasuna horrelako jaia antolatzeko, eta aukera polita izan daitekeela hezkuntza komunitatea sendotzeko, herriko eragileekin elkarlana estutzeko eta herrian presentzia sendotzeko.

Arrazoi horiengatik, Artezkaritza Kontseiluak erabaki du 2023ko Kilometroak antolatzeko Orereta Ikastolaren hautagaitza aurkeztea. Eskaera maiatzaren hasieran helaraziko zaio Gipuzkoako Lurralde Batzarrari, bertan hartu behar baita erabakia. Lurralde Batzarra Gipuzkoako ikastola guztien ordezkariek osatzen dugu. Gauzak ongi, maiatz-ekainean jasoko du Oreretak bere eskaeraren erantzun ofiziala.

Chromebooken erosketa DBH1etik LH6ra aurreratzea

Ordenagailua funtsezko tresna bihurtu da ikaskuntza prozesuetan. Orereta Ikastolan, ikasturte honetara arte, ikasle bakoitzak bere Chromebooka erosi du DBH1en, etapa horretan guztian erabiltzeko. Ikastolako IKT mintegiak eta Lehen Hezkuntzako arduradunek proposatu dute erosketa hori LH6ra aurreratzea, maila horretan jada gailua asko erabiltzen dutelako bai Ikastolan, bai etxeko lanetarako. Besteak beste, horrek DBHrako jauzia leunagoa izatea ahalbidetuko luke. Gailuaren gehiegizko erabilerari lotutako arriskuak ere ikusten dira, baina prestakuntza egokia eskainiz, gainditu daitezkeela uste da.

Abantailak desabantailak baino gehiago direla ikusirik eta gailuen bermearen epea bost urtera luzatu dela jakinik, Artezkaritzak erabaki du erosketa aurreratzeko proposamena ontzat ematea. Ikastolak ziurtagiri teknologikoa duenez, orain arteko politikak jarraitzen badu, bederen, Eusko Jaurlaritzaren ikasketa beka jasotzen duten familiek Jaurlaritzatik bertatik laguntza jaso dezakete gailua erosteko.

Datorren ikasturteko ordutegia DBHrako

2020-2021 ikasturte honetan, DBHn ordutegi jarraitua izateko aukera eman zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, COVID-19ak ekarri duen egoera honetan, ikasleen joan-etorriak gutxitzeko eta jangelan gelditu behar izatea saihesteko.

Datorren ikasturterako, ordea, ez dakigu aukera hori irekita utziko duten ala ez. Ikastolak oraindik ez du jakinarazpen ofizialik jaso. Jaso bezain laster jakinaraziko zaie gurasoei eta landuko da 2021-2022 ikasturteko proposamen zehatza.

Haur Eskola: 2021-22 ikasturteko kanpainaren emaitzak

Datorren ikasturtean, momentuz, 15 haur izango dira Ikastolako Haur Eskolan: 5 HH0n eta 10 HH1en. Emaitza ez da txarra, ikasturtean zehar matrikula gehiago egon ohi direlako (haur batzuk oraindik ez dira jaio, oso txikiak dira…). Erreferentzia gisa, aurtengo ikasturtea 17 haurrekin (4, HH0n eta 13, HH1n) bukatuko du Ikastolako Haur Eskolak.


Artezkaritza Kontseilua: 9. buletina (pdf-a)