Gai hauek landu dira 2025eko maiatzeko Artezkaritza Kontseiluaren bileran. (Oharra: Artezkaritza Kontseiluaren maiatzeko bilera ekainaren 2an egin da).
Blaitu Kluba: 2024-25 ikasturtean proiektua herrira eta eskualdera zabaltzeko egin den bidearen deskargua
Kilometroak 23ren helburuetako bat herrian euskara sustatzea izan zen, irabazien zati bat horretara bideratzea, eta hori Blaitu Klubaren bitartez egikaritzea erabaki zuen bere garaian Artezkaritza Kontseiluak. Baliabideak jarri dira horretarako eta 2024-25 ikasturtea bukatzear, proiektuan lanean ari direnen bi irakasle ordezkarik ikasturtean egindako bidearen berri eman dute.
Zubiak Eraikiz hitzarmenaren berritzea: bost Ikastolatik zortzira pasatzea
Ekainaren 12an mugaz gaineko Zubiak Eraikiz hitzarmena berrituko dugu zortzi Ikastolak Hendaian. 2016an bost Ikastolak hasitako bidea berrituko dugu orain zortzik: Hendaiako Gure Ikastolak, Ziburuko Kaskaroteneak eta Piarres Larzabal kolegioak, Biriatuko Ikastolak, Berako Labiaga Ikastolak, Lesakako Tantirumairuk, Elizondoko Baztan Ikastolak eta Orereta-Oiartzo Ikastolok.
Euskal Herriko Ikastolen Elkartea: Urteko Ohiko Batzar Nagusia
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak ekainaren 12an egingo du Urteko Ohiko Batzar Nagusia, Hernaniko (Galarreta) Orona eraikinean. Orereta Ikastolako ordezkariak bertan izango dira.
Planifikazio proposamena, gela- eta finatziazio-galera, eta Lan Hitzarmena
Azken Lan Hitzarmenaren betetze mailaren, Hezkuntza Sailaren planifikazio proposamenaren eta gela- nahiz finantziazio-galeraren arteko korrelazioen azterketa egin da, horrek datorren urteko Orereta Ikastolaren plangintzan eragina duelako, erabakiak modu batera edo bestera ekartzea dakarrelako. Erabakiak hartu dira eta horren baitako pausoak emango dira hemendik aurrera.
EHIren proposamena beka sistemak Ikastola guztietan ezartzeko
EHIk Ikastola guztiek beka-sistema propioa izatea proposatu du eta sistema horren nondik norakoen proposamena helarazi du Ikastoletara.
Orereta Ikastolak badu jada bere beka-sistema propioa. Beraz, zuzendaritza-taldeak EHItik iritsitako proposamena eta Orereta Ikastolan egun martxan dena alderatu eta hala behar diren doitzeak egingo ditu.
X sareko jardunaren etena
Ikastolen Elkarteak orain aste batzuk iragarri zuen X sarea uztera zihoala. Gaia landu ostean, Orereta Ikastolak ere gauza bera egingo du: X sareko jarduna utzi eta Telegram-en kanala sortu.