HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 7. buletina (2022.03.30)

Artezkaritza Kontseiluak martxoaren 30ean egin du hilabete honetako bilera. Gai hauek landu dira:

Plan Estrategikoa

2022ko Batzar Nagusian onartu ziren datozen urteetako plan estrategikoaren lerro estrategikoak eta horiei lotutako helburuak. 2021-2022 ikasturtea amaitu bitartean, lerro estrategiko horietako bakoitzean aurrera eramateko ekintzak zehaztuko ditugu. Lerro estrategiko bakoitza zein kolektibok landuko duen zehaztu da:

LE1: Ikastolaren komunitateko kide izatearen sena berpiztu ikasle, guraso eta lankideengan: gurasoek eta langileek lantzeko.

LE2: Eraldaketa pedagogikoaren bitartez, Ikastolaren hezkuntza eredu propioa garatu: irakasleek lantzeko eta eta Hezkuntza Batzordera eramateko.

LE3: Antolaketa sistema parte hartzailea eta eraginkorra sendotu: gurasoek, langileek eta ikasleen ordezkariek lantzeko.

LE4: Lantaldearen bilakaera profesionalean eta pertsonalean indarra jarri: langileek lantzeko.

LE5: Herrian eragile aktiboa izan: gurasoek eta langileek lantzeko.

LE6: Ikastolaren egonkortasuna bermatu: langileek eta Artezkaritza Kontseiluak lantzeko.

Hala, bilerak deituko dira planaren urrats hori egin ahal izateko. Ekintzak definituta, horiek neurtzeko adierazleak ere zehaztuko dira.

Batzeratze-lana eta lau urteko kronograma talde eragilean landuko da, eta, ondoren, Artezkaritza Kontseilura eramango da, proposamena onartzeko. Eta horren arabera egingo da 2022-2023 ikasturteko Kudeaketa Plana. Ikasturte horren lehen lauhilekoan, Aginte Taula eta Jarraipeneko tresnak definituko dira.

Gurasoen parte hartzearen inguruko proiektua 

Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza lerro bat du erakundeetan parte hartzea bultzatzeko proiektuak finantzatzeko. Diru laguntza horretaz baliatuz, eta Gipuzkoako Bazkundearen laguntza teknikoarekin, iaz langileen parte hartzea bultzatzeko proiektu bat egin zen Ikastolan. Aurten, egokia iruditu zaigu gurasoen parte hartzearen inguruko proiektu bat diseinatzea. Izan ere, Plan Estrategiko berria egiteko prozesuan behin eta berriz azaldu da komunitate osoaren parte hartzea bultzatzearen eta horretarako egitura eta dinamika egokiak edukiaren garrantzia.

Proiektu horren barruan, lehenengo parte hartzeak Ikastolaren gaur egun duen egoeraren diagnostikoa egingo dugu eta, ondoren, parte hartzea hobetzeko ekintza plana idatziko dugu.

Prozesu honetako lehen bilera datorren apirilaren 6an izango da. Ikastolako gurasoak daude deituta bertara eta, bereziki, dagoeneko guraso batzordeetan parte hartzen ari direnak, guraso batzordeak baitira gurasoek parte hartzeko gure egituraren oinarria.

Hezkuntza Legea

Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Lege berria adosteko prozesua hasi da dagoeneko. Hezkuntza proposamena martxoaren amaieran bozkatu da Eusko Legebiltzarrean eta testu horren gainean eraikiko da, datorren ikasturtean zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistemaren oinarria izango den Legea.

Prozesu horretan guztian, ikastolen ordezkari Euskal Herriko Ikastolen Elkartea da, Elkartea da alderdi politikoen, Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako eragileen solaskidea.

Ikastolen Elkarteak bozkatu berri den proposamenaren inguruko balorazioa egin du. Balorazio hori gure komunitatean zabalduko dugu, langileek, familiek zein bazkideek ezagutu dezaten.

Bihar gogoeta prozesua

Hezkuntza Legeari lotuta eta Ikastolen VII. Biltzarra prestatzeko, Euskal Herriko ikastola guztietan gogoeta prozesu bat egingo da, Bihar endekalogoan zehaztu ziren ikastolen hamaika ezaugarrietan sakontzeko. Gogoeta prozesu horretan ikastoletako komunitateak parte hartzea da helburua, ezaugarri horiek denon artean indartzeko.

Lehen urratsa ikastola guztietako komunitateei galdeketa txiki bat egitea izango da. Ikastola bakoitzean, Artezkaritza Kontseiluak aztertuko ditu bere ikastolako erantzunak eta hautatuko du hamaika ezaugarri horietatik zein bi ezaugarri landuko dituen. Bi ezaugarri horietako bakoitza lantzeko bilerak egingo dira maiatzean.

Artezkaritza Kontseiluak komunitate osoari deia egiten dio prozesu horretan parte hartzeko, gure ikastolaren zein ikastolen ezaugarri nagusiak sendotzeko garrantzitsua dela uste baitugu, bereziki Hezkuntza Legeari lotutako proposamenen inguruko eztabaida kalean ere egongo dela kontuan hartuta: gure ustez, ezinbestekoa da Ikastolako komunitate osoak argi edukitzea zer garen eta nondik gatozen, etorkizunean zer izan nahi dugun argi azaltzeko.

Kilometroak

Kilometroak 2022

2022ko Kilometroei lotuta, datorren apirilaren 26an Milimetroak jaia izango dugu Orereta-Errenterian. Jai horretan parte hartuko dute Pasaia-Lezo Lizeoko, Haurtzaro Ikastolako, Orereta Ikastolako eta Ibarrako Ikastolako DBHko ikasleek. Gernika bonbardatu zutela 85 urte betetzen direnez, goizean ikasleek Picassoren Gernika arte lanaren bertsioa margotuko dute, lau piezetan. Eguerdiko ordu batean, Jautarkol plazan, ekitaldi txiki bat egingo dute. Iluntzean, 19:00etan hasita, Herriko Enparantzan, musika eta dantzaz lagunduta, egun horretan Gernikan gertatutakoaren eta gaur egungo gerren kontrako aldarria kaleratuko dugu. Ikastolako ikasleez gainera, Ereintza eta Kukai dantza taldeek, Errenteriako Musika Bandako Haizearen Itzala zortzikoteak, Andoitz Antzitzar musikariak eta Mikel Urdangarin kantariak parte hartuko dute ekitaldian. Ikastolako komunitate osoa gonbidatu nahi dugu bertara.

2022ko Kilometroetako arropa salmentari dagokionez, maiatzaren 1ean jarriko dugu postua herrian. Dendan txandak egiteko deia egingo zaie DBH 3 eta DBH 4ko familiei, ohiko bideetatik.

Kilometroak 2023

2023ko Kilometroei begira, Hastapen Batzordeak hiru pauso eman ditu:

  • Landa ikerketa bat jarri du abian, Ikastolaren inguruko hainbat pertsonarekin elkarrizketak egin dira, Ikastolaren zein Kilometroen inguruko ideiak jasotzeko. Dagoeneko dozena bat elkarrizketa egin dira.
  • DBH 3 eta 4ko ikasleekin dinamika parte hartzaile bat egin da, Kilometroak jaiaren inguruko beren iritzia jasotzeko: orain arteko jaietan gustuko dituzten gauzak eta gustuko ez dituztenak, zer antolatuko luketen, eta zertan dauden prest laguntzeko.
  • Ikastolako komunitatearekin kafe tertulia antolatu da martxoaren 26rako, Añabitarten. Guztira 30 pertsona inguru elkartu ginen, familiak eta langileak, Kilometroak jaia zer izatea nahi dugun zehazteko: Ikastolen eta Orereta Ikastolaren zein ezaugarri azpimarratu nahi ditugun, zer egin beharko genukeen eta zer ez, eta herriko zein eragilerekin bideratu beharko genukeen elkarlana.

Orain arteko informazio horrekin, hurrengo pausoa izango da ildo komunikatiboa (eman nahi dugun mezu nagusia) zehaztea eta, horren ondotik, leloa eta logoa pentsatzea.

Laster hasiko gara, halaber, antolaketako batzordeak osatzen.

Pauso horien guztien inguruko informazioa Ikastolaren webgunean dago ikusgai, Kilometroen atalean: https://oreretaikastola.eus/kilometroak2023/