HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 6. buletina (2023.03.29)


Oharra: 2023ko Ohiko Batzar Nagusia pasata, Artezkaritza Kontseiluaren lehen bilera izan da martxokoa eta, horregatik, Batzarrean onartutako kide berriek hartu dute parte: Haur Hezkuntzako irakasleen ordezkari, Mari Jose Iraola; gurasoen ordezkari, Izaskun Aldezabal eta Javier Bagues. Gainera, Lehen Hezkuntzako zuzendari berria, Onintza Zabala, ere Artezkaritzako kide izango da, Anjelmari Elkanok erretiroa hartu ondoren.


Gai hauek landu dira 2023ko martxoko Artezkaritza Kontseiluaren bileran.

Artezkaritza Kontseiluko arduren banaketa

2023ko Ohiko Batzar Nagusiaren ondorengo lehen Artezkaritza Kontseiluan, Artezkaritzako kideen kargu ofizialak onartu behar dira. Kooperatibako lehendakaria (Itziar Navarro), lehendakariordea (Xabier Gorrotxategi) eta idazkaria (Xabier Zabaleta) ez dira aldatu; diruzaina, ordea, bai. Eneritz Gurrutxagaren ordez, Javier Bagues izango da kooperatibako diruzain berria aurrerantzean. Ardura ofizial horiez gainera, gurasoen barne antolaketa ere berritu da: Mertxe Aranoren ordez, Izaskun Aldezabal arduratuko da DBHko guraso batzordea koordinatzeaz.

Urteko Ohiko Batzar Nagusiaren balorazioa

2023ko otsailaren 27an egin zen Urteko Ohiko Batzar Nagusiaren balorazioa egin da.

Ohiko bazkide kopurua hurbildu zen bertara. Kooperatiben lege berriak hirugarren deialdia egiteko aukera eman du eta horren arabera, bilera egiteko gutxieneko bazkide kopuruaren muga kendu da. Beraz, ez da arazorik izan Batzarra egiteko. Hala ere, bazkide erabiltzaile gutxik (guraso gutxik) hartzen du parte bertan eta, gainera, hitz hartzeak are gutxiago izan ohi dira. Pentsa liteke familiek ez diotela garrantzi handiegirik ematen Orereta Ikastola Koop. Elk. kooperatibaren organo gorena den honetan parte hartzeari.

Aurkezpenei eta azalpenei dagokienez, hurbildu diren bazkideek adierazi dute argiak izan zirela eta planteatzen ziren proposamenak ongi ulertu zirela.

Bestalde, aurten aurreko urteetan baino eskaera gehiago izan dira Ikastolako guraso den kide batek Batzarrean parte hartzeko, bazkidea bikotea izanda. Legearen arabera, hezkuntza kooperatibetan badago aukera bazkide ez den senitarteko bati batzarrera joateko baimena emateko. Baina Orereta Ikastola Kooperatiba Elkarteak ez du horrela jasota bere araudian. Gaia landuko da.

Kilometroak 23 eta Kilometroak 24

Kilometroak 23ri dagokionez, datozen ekimenen berri eman da:

  • Apirilaren 2an, Baionan, Herri Urratsek antolatutako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emankizunean, Orereta Ikastolako eta Iparraldeko ikastoletako ikasleek hiru kanta abestuko dituzte, Maddalen Dorronsororen gidaritzapean, Adaxka Berriak proiektuari lotuta. Hain zuzen ere, Adaxka Berriak emanaldi osoa maiatzaren 20an izango da, Lekuona Fabrikan, Musikasteren barruan. Sarrerak laster jarriko dira salgai.
  • Maiatzaren 6rako 12 orduko emanaldia antolatu da, herriko eta eskualdeko eragileekin. Janus Lesterren kontzertuak emango dio amaiera egunari, Kilometroak 23ko kantuarekin. Kantua bezperan aurkeztuko da.
  • Euskararen erabilera bultzatzeko bi ekimen lantzen ari dira, herriko euskalgintzako eragileek proposatuta.
  • Madalenetan, Esmalteriako taberna Erriola Gunea bihurtuko da eta hainbat emankizun izango dira bertan.

Batzordeen egoera aztertu dute koordinatzaileek eta ikusi da datozen hilabeteetako lanari begira, batzordeak indartu behar direla eta jende gehiago behar dela lanean.

Bestalde, Kilometroak 24 antolatzeko hautagairik ez dagoenez, Gipuzkoako ikastola bakoitzari eskatu zaio argitzeko jaia zein eredutan antolatzea ikusten duen egokiago: ikastola batek bakarrik, eskualdeko ikastolen artean, edo Gipuzkoako ikastola guztiek elkarrekin.

Aukerak aztertuta, Orereta Ikastolako Artezkaritzak erabaki du, bere iritziz, modurik egokiena ikastola batek bakarrik antolatzea dela, nahiz eta malgutasunez jokatu inguruko bi-hiru ikastolek elkarrekin lan egin nahi badute. Denak batera egiteak koordinatzeko zailtasun handiagoak ekarriko lituzkeela uste da, baita ikastola bakoitzaren inplikazio txikiagoa ere.

Iritzi hori eramango da Gipuzkoako Lurralde Batzarrera. Horrekin batera adieraziko da garrantzitsua ikusten dela urtean zeharreko ekimenak gutxitzea, eredu berriarekin egunaz gain, beste ekimen asko antolatu behar direlako. Era berean, azpimarratzen da ikastola antolatzaileari lan zama kendu behar zaiola eta urteroko egitura finkoari (Ikastolen Elkarteak eta Gipuzkoako ikastolek jartzen dutenari) gehiago eskatu behar zaiola.

2023-2024 ikasturteko matrikulazioa (HH2-DBH4)

Datorren ikasturtean, Orereta Ikastolak 57 ikasle berri izango ditu, horietatik gehienak (43) Haur Hezkuntzako 2 urteko gelako matrikulak dira.

Jaiotza berrien kopuruak behera egiten jarraitzen du Orereta-Errenterian eta, aurten, gainera, Ikastola bere ohiko merkatu kuotatik beheraxeago gelditu da. Ikastolaren ohiko eremuetan (erdigunean, adibidez) haur gutxiago jaio da.

Matrikula-eskaera betetzean, familiek zaurgarritasun tasa kalkulatzeko informazioa eman behar izan dute. Informazio horrekin, Hezkuntza Sailak herriko indizea eta herriko ikastetxe bakoitzarena kalkulatu eta alderatu ditu eta, horren arabera, matrikula eskaerak onartu edo beste ikastetxe batzuetara bideratu ditu. Azterketa hori eginda, Orereta Ikastolan matrikula egitea eskatu duten familia guztiak onartu ditu Hezkuntza Sailak.