HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 5. buletina (2022.02.02)

Gai hauek landu dira urtarrilean egin behar zen, baina 2022ko otsailaren 2an egin zen Artezkaritza Kontseiluan:

COVID EGOERA

Oporretatik itzulita, Eusko Jaurlaritzak protokolo berria jarri du abian. Aldaketa nagusia da ikasleak ez direla kontaktu estutzat hartuko, arrisku taldekoak ez badira. Beraz, ez da baheketa prozesurik hasiko. Familiei Osakidetzak prestatutako informazio oharra bidaliko zaie, sintomak zaintzeko eta prebentzio neurriak betetzeko eskatzeko. Gelan lau positibo baino gehiago badaude, Osakidetzak irekita uzten du esku hartzeko aukera, egoera orokorra kontuan hartuta.

Protokolo berriarekin, urtarrilean zehar kutsatzeak eta konfinamenduak egon badira ere, ez da gelarik itxi.

INAUTERIAK

Otsailean inauteriak direla kontuan hartuta, Ikastolak herriko Inauteri Batzordearen bileran erabakitakoaren arabera jokatuko du. Hala, inauterietako desfileak egiteko eskaera egingo da, eta Udaltzaingoak zehaztuko du zein baldintza bete behar diren, arriskurik txikiena egon dadin.

MATRIKULAZIOA

Dagoeneko amaitu da 2022-23 ikasturteko matrikula garaia. Guraso berriei Ikastolaren proiektua zein den azaltzeko ohiko bideak erabili dira: kartelak, Haur Eskoletara bisitak, ate irekiak, banakako bisitak.

Matrikula garaia amaituta, datorren ikasturterako 2 urteko gelan 49 ikasle izango dira; HHko gainerako mailetan, 3 matrikula berri izango ditugu; LHn, 2 matrikula berri; eta DBHn, 5.

Kopuru horietan eragina du herriko jaiotza tasa txikiak. 2022an 2 urte beteko dituzten haurren kopuruari begiratuta, iaz baino 50 haur gutxiago dira. Azken urteetan joera hori oso nabarmena da, Udalak emandako datuen arabera, 2015etik 2021era % 41 jaitsi da herrian jaiotako haurren kopurua.

DBHko ORDUTEGIAREN INGURUAN

Artezkaritzan erabakitako prozesuari jarraiki, dagoeneko irakasleek, ikasleek eta gurasoek eman dute beren iritzia DBHko ikasleek etorkizunean izango duten behin betiko ordutegiaren inguruan. Parte hartzea oso garrantzitsua izan da, talde guztietan % 80tik gorakoa. Beraz, galdeketak Ikastolako kideen iritzia jasotzen duela argi dago.

Eskolaldi jarraituaren alde egin dute baliozko botoen gehienek, hiru taldeetan: % 95etik gora irakasleen eta ikasleen artean, eta % 85etik gora, gurasoen artean. Proposamenak, beraz, Ikastolako komunitatearen babes zabala du.

Hezkuntzako lurralde ordezkaritzara bidali da ordutegi berriaren proiektua, galdeketaren emaitzak ere erantsita. Baina, dirudienez, eskaera ugari ari dira jasotzen eta erantzun koherentea eman nahi zaie. Hortaz, oraingoz, ez dugu baimenik jaso ordutegia aldatu ahal izateko.

AURREKONTUA EGUNERATZEA

2021-22 ikasturteko aurrekontua eguneratu da, aurreikusitako kontusail batzuetan datu zehatzagoak ditugulako. Galerak izango ditugun arren, aurreikusitakoak baino txikiagoak izango dira.

2022KO BATZAR NAGUSIA

2022ko batzar nagusia datorren otsailaren 23an izango da, Merkatuzarren. Laster egingo da batzarreko deia eta bazkideei helaraziko zaie, ohiko bideak erabilita. Batzarrak garrantzi handia du kooperatibaren bizitzan; horregatik, bazkide guztiak daude deituta bilerara. Bazkideren batek batzarrera etortzerik ez badu, beste bazkide baten esku utz dezake bere bozka eskubidea.

Batzarrean urteko jardueraren errepasoa egingo da, bai alderdi akademikoari begiratuta eta bai alderdi ekonomikoari begiratuta. Datorren ikasturteko aurreikuspenak ere azalduko dira. Gainera, datozen urteetako plan estrategikoaren ildo nagusiak aurkeztuko ditugu.

KILOMETROAk 2023: LEHEN URRATSAK

Dagoeneko hasia da lanean Hastapen Taldea. Kide hauek osatzen dute: zuzendaritzako bi kide, lehendakaria, komunikazio arduraduna eta KMK jaiko koordinatzailea (Gipuzkoako ikastolek izendatua, ikastola guztietarako).

Uda bitarteko zereginen kronograma definitu da. Hurrengo pausoa Ikastolak berak jarriko duen koordinatzailea erabakitzea da. Artezkaritza Kontseiluak, zuzendaritzak hala proposatuta, onartu du Ikastolako koordinatzailea Ikastolako langileen artean hautatzea, koordinazio lana errazte aldera.

Datozen asteetan Kilometroen berri emateko komunikazio bideak zehaztu eta ezagutaraziko dira.