HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 4. buletina (20.12.16)

Hona 2020ko abenduko Artezkaritza Kontseiluan landu diren gaien laburpena.

Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak

Azaroko Artezkaritza Kontseiluan jakinarazi zen Eusko Jaurlaritzak 2020-2021 ikasturte honetan COVID-19aren kudeaketak eragin dituen gastuak arintzeko diru laguntzak emango dituela. Irakaskuntzari dagokionez, baliabide horiek etapa bakoitzean arlo jakin batzuk indartzeko erabiltzea erabaki da, etapa bakoitzeko zuzendaritzak eta zuzendaritza pedagogikoak egindako proposamenari jarraituz. Indartuko diren arloen artean honakoak dira nagusi: euskararen erabilera eta kalitatea sustatzea, etapa guztietan; ikasleen jarraipena eta orientazioa hobetzea eta lanketa emozionalari garrantzi handiagoa ematea, bereziki Haur Hezkuntzan eta DBHn; hezkuntza premia bereziko baliabideak areagotzea; baso eskola eta naturari lotutako gainerako proiektuak dinamizatzea; IKTen esparrua indartzea…

Oiartzori dagokionez, irakasleei IKTetako tresnen erabileran sakontzeko laguntza eskaintzeko erabiliko dira baliabide horiek.

Kasurik gehienetan, abenduaren hasieratik ari gara dagoeneko baliabide gehigarri horiek erabiltzen, dela kontratazio berriak eginda, dela aurretik gure lantaldean zeuden langileen orduak handituta.

Estatutuak egokitzea

Kooperatiba Lege berria onartuta, kooperatiba elkarte guztien estatutuak aldatu behar dira hurrengo hilabeteetan, lege berrira egokitzeko. Aldaketa horiek Batzar Nagusiak onartu behar ditu, eta aurretik Artezkaritza Kontseiluak landuko ditu. Artezkaritza Kontseiluko kideek formazio saio bat izango dute Kooperatiba Lege berriak ekarri dituen aldaketa horiek zein diren jakiteko eta, hortik abiatuta, zein aldaketa egin behar diren aztertzeko.

Kilometroak 2021

Datorren urteko Kilometroak jaia Gipuzkoako ikastola guztien artean antolatzea erabaki da Gipuzkoako Lurralde Batzarrean. Inork ez daki 2021eko udazkenean egoera zein izango den, baina ikasturtean zehar egin ohi diren ekintzak (besteak beste, arropa salmenta) asko mugatu ditu gaur egungo egoerak. Beraz, erabaki da 2021eko urriaren lehenengo igandean ekitaldiren bat egitea, egoerak eta ikastolen indarrek ahalbidetzen duten heinean.

Kilometroetan eta ikastolen gainerako jaietan laguntzeko, aurten ere Tanta elkartasun txartelen zozketa egingo da. Gipuzkoako ikastolei eskatzen zaigu familia eta langile bakoitzeko gutxienez bi txartel saltzeko konpromisoa hartzeko. Orereta Ikastolak konpromiso hori hartuko du eta urriaren lehenengo igandeko jaia antolatzen ere lagunduko du, lurraldeko gainerako ikastolekin elkarlanean.


Artezkaritza Kontseilua: 4. buletina (pdf-a)