HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 3. buletina (2022.11.30)

Gai hauek landu dira 2022ko azaroko Artezkaritza Kontseiluaren bileran.

Kilometroak 23

Azaroaren 4an izan zen leloaren eta logoaren aurkezpen ekitaldia eta azaroaren 5ean, herriko dendaren irekiera. Biek ala biek harrera ona izan dute gure komunitateko kideen eta herritarren artean. Hedabideetan ere izan du oihartzuna. Artezkaritza Kontseiluak bi ekitaldiak antolatzeko egin den lan eskerga eskertu nahi du.

Hasiera horren ostean, aste hauetako eta abenduko lehentasuna lan batzordeak osatzea izango da, batzorde horiek baitira Kilometroak antolatzeko egitura egonkorra. Gurasoak eta langileak animatu nahi ditugu batzorde horietan parte hartzera eta Kilometroak barrutik bizitzera. Bestalde, urteko ekintzen proposamena ia itxita dago eta udal ordezkariekin partekatu da.

Laster hasiko da denda ibiltaria Gipuzkoan zehar irteerak egiten. Horretarako, ikasturte hasieran eskatu zen bezala, gurasoen laguntza ezinbestekoa da. Gurasoen eta langileen inplikazioa ezinbestekoa, halaber, Tanta zozketako txartelen salmentan ere. Izan ere, Tanta eta arropa dira, gaur-gaurkoz, Kilometroak jaiaren diru sarrera nagusiak eta, horregatik, gure ikastolak ere bi ekimen horietan jarri behar ditu indarrak.

Tantari dagokionez, Gipuzkoako gainerako ikastolek txartelak saltzen lagunduko badute ere, ahaleginik handiena ikastola antolatzaileak berak egiten du. Normalean, familia eta langile bakoitzari 50 txartel saltzeko eskatzen zaio (5 eurokoa bakoitza) edo, gutxienez, 25 txartel saldu eta gainerakoak ere saltzen laguntzeko. Gurean, Artezkaritza Kontseiluak erabaki du familia eta langile bakoitzari 30 txartel saltzeko eskatzea. Helburua ez da txartel horiek familia bakoitzak gordetzea, baizik eta nork bere inguruan saltzea (familian, lantokian, kuadrilletan…), dirua eskuratzeaz gainera, Kilometroak ekimena ere ezagutzera emateko eta zabaltzeko. Txartelak Eguberrietako jaien aurretik banatuko zaizkie bai familiei eta bai langileei: abenduaren 12ko astean jaso beharko dira Kilometroak dendan. Txartel kopuru horri dagokion zenbatekoa bost zatitan kobratuko da eta hitzorduak jarriko dira elkarrekin Tanta saltzera ateratzeko ere.

Nolanahi ere, familiek eta langileek gutun bidez jasoko dituzte Tantaren salmentaren inguruko xehetasun guztiak.

EAEko Hezkuntza Lege berria

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila lantzen ari den EAEko Hezkuntza Lege berriaren inguruko xehetasunak azaltzeko bilerak antolatu ditu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, eskualdeetan. Orereta eta Oiartzo Ikastoletako ordezkariak Orion izan zen bileran izan ginen. Bilera hartan jasotako informazioa gure komunitatea osatzen duten familiekin, langileekin eta bazkideekin partekatzeko asmoz, bilera bat antolatu da abenduaren 15erako, osteguna, 17:30ean, Linon. Artezkaritza Kontseiluari garrantzitsua iruditzen zaio ikastolakide guztiek lege berriak ekarriko dituen aldaketen inguruko informazioa jasotzea, jendartean dagoen eztabaidan norberak bere iritzia eraikitzeko eta argudiatzeko aukera izan dezan.

“Familia laguna” proiektua

“Familia laguna” proiektua Orereta-Errenteriako Udalak bultzatzen du, gure ikasgeletara kanpotik etortzen diren haurrei eta familiei laguntzeko. Gure Ikastolan ere badira kanpotik etorritako ikasleak eta ikasle horien geletako familiak animatu nahi ditugu proiektu interesgarri honetan parte hartzera, nagusiki familia horiek hezkuntzaren edo, oro har, gure jendartearen inguruko edozein zalantza izanez gero, norbaitengana jotzeko aukera izan dezaten.

Oiartzoko berriak

Oiartzok jakinarazi du Oxfordeko ingeleseko azterketak egiteko aukera berriro irekiko dela 2023an. Berrikuntza nagusia da C1 maila egiaztatzeko aukera ere emango dela. Familiek egutegiaren eta gainerako baldintzen inguruko informazioa jasoko dute.

Bestealde, lehen ebaluazioa amaituta, azpimarratu nahi da batxilergoko 1. mailako ikasleen emaitzak oso onak izan direla, beraz, esan daiteke ikasle horiek ez dutela batxilergoko erritmora egokitzeko arazorik izan.

Urteko kontuak

2021-2022 ikasturteko kontuen itxieraren berri eman da, bai Oiartzokoena eta bai Oreretakoena. Oraindik behin-behineko kopuruak badira ere, ez da aurreikusten aldaketa handirik egongo denik.

Oiartzori dagokionez (Oiartzoren galeren % 75 Orereta Ikastolak bere gain hartzen dituela jakinik), aurreikusitakoa baino txikiagoak izan dira galerak, sarreretan igoera izan delako (bereziki, ikasleen kopurua handitzearen eraginez), nahiz eta gastuak (batez ere, energiaren gastua) handitu.

Oreretan, berriz, 2021-2022 ikasturtean ere galerak izan dira, baina aurreko urteetakoak baino txikiagoak. Gogoratu behar dugu aurreko urteetan emaitza negatibo handiak izan genituela eta hainbat neurri joan direla hartzen galera horiek gutxitzen ahalegintzeko. 2021-2022 ikasturtean azpimarratzekoa da Eusko Jaurlaritzako laguntzetan izan den igoera eta, gastuetan, energia gastuek izan duten gorakada (60.000 euro gehiago, gutxi gorabehera).

Itxierako datu horien araberakoa izango da 2022-2023ko aurrekontua ere.

Kontu horiek Orereta Ikastola Kooperatiba Elkarteko Batzar Nagusian aurkeztuko dira, bazkideek, egoki ikusiz gero, onar ditzaten.