HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 1. buletina (2020.09.30)

Artezkaritza Kontseiluaren 2020-2021 ikasturteko lehenengo bileran ondorengo gaiak landu dira.

Ikasturtearen hasiera

Zuzendari pedagogikoak 2020-2021 ikasturtea osasun eta hezkuntza agintariek zehaztutakoaren arabera hasteko landu diren protokoloak eta hartu diren neurriak azaldu ditu. Ez da lan erraza izan, araudia eta jarraibideak udan zehar aldatzen joan direlako. Behin betiko jarraibideak abuztu bukaeran-irail hasieran zehaztu ziren. Neurri eta planteamendu horiek hezkuntza komunitatearekin aztertzeko, etapa bakoitzean Jarraipen Batzorde bat sortu da, zuzendaritzak eta gurasoen ordezkariek osatua. Jarraipen Batzorde horiek dagoeneko hainbat bilera egin dituzte. Guraso ordezkariek azpimarratu dute elkarlanerako aukera horiek oso aberasgarriak direla. Oro har, Guraso Batzordeetan ikasturtearen hasieraren balorazio positiboa egin dela ere adierazi dute.

Ikuspegi orokorra aurkezteaz gainera, etapa bakoitzeko zuzendariak ikasturtearen hasieraren balorazioa egin du eta aurtengo berezitasun nagusiak azpimarratu: Haur Hezkuntzan, gurasoei protokolo guztiak azaltzeko egin den ahalegina edo garapen emozionalari eman zaion garrantzia; Lehen Hezkuntzan, hasierako unitatea planteatzea edukien eta emozioen aldetik ikasleak Ikastolara nola iritsi diren ikusteko, kanpoko espazioak berreskuratzea edo irakasleen arteko eta irakasleen eta zerbitzuetako langileen arteko elkarlana; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ordutegi jarraitua, dibertsifikazio gelak 3. eta 4. mailetan, edo IKTetako prestakuntza indartzea.

Aurtengo beste berrikuntza bat Baso Eskola da: Añabitarteko baso eremua garbitu da eta proiektua landu da, HHko eta LHko ikasleei begira.

Bestalde, ikasturte honetan Pedagogia Batzordea indartu da: pertsona eta profil berriak sartu dira, Ikastolaren proiektu pedagogikoari koherentzia emateko lan egiteko.

Eusko Jaurlaritzari eskaera

COVID-19ak eragin duen egoerari erantzuteko, baliabide gehiago behar direla agerikoa da. Ikastola bakoitzak egoera honek ekarri dituen beharrak zehaztu ditu eta, Ikastolen Elkartearen ordezkarien bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari helarazi dizkio. Sailburu berriarekin dagoeneko egin dira lehen bilerak eta beharren inguruan hitz egiteko prest agertu da. Hurrengo asteetan argitu beharko litzateke zein baliabide egon daitezkeen eta horietatik, zenbat iristen zaizkigun ikastola bakoitzera.

Lehen Hezkuntzako eraikineko sarrera-irteerak

COVID-19aren ondorioz, Añabitarteko Lehen Hezkuntzako eraikineko sarrera-irteerak berrantolatu behar izan dira. Biribilgunetik hurbilen dagoen sarreratik autobusez etortzen diren ikasleak sartu eta aterako dira. Auto partikularretan iristen diren ikasleak, berriz, Baserritik hurbilen dagoen atetik sartu eta aterako dira.

Ate horren ondoko errepidea estua denez, auto pilaketak eta gurasoen arteko gorabeherak gertatzen ari dira, nagusiki arratsaldeko irteeran.

Añabitartera autoz joaten diren gurasoei eskatuko zaie autoa erabiltzerakoan zirkulazio arau orokorrak errespetatzea eta autoa horretarako prestatutako aparkalekuetatik kanpo ez uztea. Horrela egiteak lagunduko digu ikasleen segurtasuna bermatzen, arriskua, momentu batzuetan, handia izaten ari baita.

Begirale ikastaroa Oiartzon

Aurten ere, begirale izateko ikastaroa eskainiko da Oiartzon, Aisiola-Ikastolen Elkartearen eskutik. Oiartzoko ikasleek eta kanpoko edonork du aukera izena emateko.

Webgune berria

Webgune berriaren egitura dagoeneko zehaztuta dago eta bi-hiru asteren buruan, euskarazko bertsioa prest izango dugu. Egitura eta diseinu berriarekin, webgune biziagoa lortu nahi da, baita informazioa erraz aurkitzea ere.

Webgunea tresna garrantzitsua da Ikastolaren komunikazio estrategian, hura izango baita estrategia guztiaren ardatza eta hortik elikatuko dira gainerako euskarriak, bereziki, sare sozialak.

Webgunea erabiltzeko dagoen unean emango zaio horren berri hezkuntza komunitate osoari.

Kilometroak 2020

Datorren urriaren 4an zen ospatzekoa Kilometroak 2020, Amasa-Villabona eta Zizurkilen. COVID-19ak eragin duen egoera honetan, ez da ohiko jairik izango. Astean zehar, herri antolatzaileetan hainbat ekitaldi izango dira eta igandean, urriaren 4an, ekitaldi instituzional bat izango da, hilabete hauetako lanari amaiera emateko.

Bestalde, Euskal Herriko Ikastolen jaien zozketari dagokionez (Tanta zozketa), Ikastolako familia eta langile bakoitzari txartel bat helaraziko zaio, jaiaren helburu ekonomikoa betetzen laguntzeko. Ikastolan txartel gehiago ere baditugu, nahi dituenak telefonoz eska ditzake. Zozketa urriaren 21ean izango da.

Ikastolen VII. Biltzarra

COVID-19a agertu aurretik, Ikastolen VII. Biltzarra prestatzeko prozesuari ekin genion Euskal Herriko Ikastolok, etorkizunean zer izan nahi dugun lantzeko. Eskualdeetan hainbat aurkezpen egin ziren martxoaren erdialdea baino lehen. Gure eskualdean, martxoaren amaieran zen egitekoa aurkezpena, baina bai gurea eta bai ondorengoak bertan behera gelditu ziren.

Orain, berriro martxan jarri da prozesua. Oiarsoaldeko lau Ikastolek aurkezpena datorren urriaren 21ean izango dugu, asteazkena, 18:30ean, Oiartzon. Aurkezpen horretara gonbidatuta daude Artezkaritza Kontseiluko kideak, zuzendaritza taldeetako kideak eta enpresa batzordekoak. Aurkezpen horren ondotik, Ikastola bakoitzak bere erakundean gogoeta nola egin aztertu beharko du, hezkuntza komunitateko kideei parte hartzeko aukera ere emateko.

Ikastolen Elkartearen Batzar Nagusia

Ikastolen Elkartearen Batzar Nagusia ekainean zen egitekoa, baina COVID-19ak eragindako egoera dela eta, atzeratu egin zen. Datorren urriaren 19an egingo da, Andoainen. Orereta Ikastolako eta Oiartzoko ordezkariek ere hartuko dute parte bertan.


Artezkaritza Kontseilua: 1. buletina (pdf-a)