Orereta Ikastolako Añabitarteko eremua mendialdean egoteak naturan zein naturaz ikasteko aukera handiak eskaintzen dizkigu. Baso-eskola, baratzea zein ikasleek beraiek ikaskideentzako sortutako lurreko jolas-parkea izan daitezke horren adibide.
Horrez gain, LH 4. mailatik 6. mailara arteko ikasleekin badugu beste egitasmo bat Ikastolan: ingurumen brigadena.
Ingurumen brigadek asteroko “misioa” dute, astelehen eta ostiraletan: lehenean, patioa garbitzen dute; eta bigarrenean, jolaslekua garbitzeaz gain, ontzi marroietako aste guztiko hondakin organikoak biltzen dituzte. Hori eginda, konposta-kaxako lana hasten da: aurreko astekoa aireztatu, bildu berri dutena gainera bota eta amaitzeko, guztia materia lehorrarekin estaltzen dute. Ikastolako baratzean erabiltzeko asmoa dugu hortik lortutako ongarria.
Konposta-kaxak txiki geratu zaizkienez gure brigadistei, pasa den astean bi kaxa gehiago jarri genituen Añabitarteko zelaietan. Horixe da gure brigadisten azken “garaipena”; eta ez dadila azkena izan. Segi gogor zuenean lanean, lagunak!