LH 5. mailako ikasleek Ann Weber artista estatubatuarraren lana oinarri hartuta plastikako klaseetan sortu dituzten eskulturak herriko Xenpelar Etxeko erakusketa aretoan egon dira ikusgai apirilaren 15etik 20ra. Tarte horretan, Ann Weberren beraren zorion-mezuak ere jaso dituzte sare sozialetatik, eskultore estatubatuarrak pozarren hartu baitu gure gaztetxoen lanaren eta erakusketaren berri.
Urduritasunak eta emozioak baretuta, mailakide guztien ordezkari gisa, Aroa Lujanbio, Itsaso Lopez, Itoiz Apaolaza eta Xalbat Mayarekin egon gara. Eta gauza polit eta interesgarri mordoa kontatu dituzte…
Ann Weber. Nor da zuentzako Ann Weber eta nola izan zenuten bere berri?
Ez genuen ezagutzen, plastikako klaseetan izan genuen bere berri lehenengoz. Estatu Batuetako eskultore bat da. Nola hasi zen? Eskultura handiak egin nahi zituen noraino, zein altueretaraino, irits zitekeen frogatu nahi zuelako…
Ia zuek hainbestekoak diren kartoizko eskultura erraldoi koloretsu eta ederrak. Hori da zuen lanaren emaitza. Nolakoa izan da horraino heltzeko bidea? Nola sortu dituzue artelanak? Zein teknika erabili duzue?
Azaldu egin ziguten zein urrats eman behar genituen. Ann Weberren bideo bat ikusi genuen nola lan egiten duen ezagutzeko eta ondoren, bozetoak egiten aritu ginen bakarka. Gero, taldekide bakoitzaren bozetoetan oinarrituta, taldeko bozetoa adostu genuen, denon ideiak oinarri hartuta. Azken proposamena irudikatu genuenean, eskultura sortzen hasi ginen.
Teknikari dagokionez, lehenengo eskulturaren hezurdura sortu genuen eta ondoren, grapen bitartez, kartoi zatiak gehitzen joan ginen eskultura osoa osatu arte.
Prozesuan zehar zailena ideia original bat sortzea izan da. Bidean zehar zailtasunak ere izan ditugu, kasu batzuetan, tamaina handiegia zuten eskulturekin hasi ginelako eta egokitzapenak egin behar izan ditugulako… Uste baino nekezagoa izan da sorkuntza prozesua. Hasieran oso erraza ematen zuen, baina zailtasun handiak gainditu behar izan ditugu bidean.
Ann Weberrek oso ondo neurtzen du kartoien kolorea, forma. Ideiak oso garbi ditu. Gure kasuan ez da hain konszientea izan prozesua.
Izena ere badute lanek. Eta izena duen edozerk du izana. Kontatu zuen lanek atzean duten istorioa… Zer kontatu nahi izan duzue, nola jarri diezue izenburua? Zertan inspiratu zarete forma horiek sortzeko?
Kasu batzuetan, Ikastolako ingurunean topatu dugu inspirazioa. Euria hasi zuen eta, orduan, zera pentsatu genuen: “tanta bat egin dezakegu!”
Beste kasu batzuetan, bozetoak egiten hasi ginen forma desberdinak sortuz eta ondoren, forma horiekin burura etortzen zitzaizkigun kontzeptuekin loturak egin genituen; “Mamu” artelanaren kasuan, esaterako.
Taldekide guztien bozetoak nahastuta ere forma sortzaileak atera zaizkigula ikusi dugu beste kasu batzuetan. Forma horietan oinarritutakoak dira egin ditugun eskultura batzuk.
Forma abstraktuetatik abiatu eta ondoren, forma abstraktu horiek oinarri gisa hartuta, forma figuratiboagoak ere sortu ditugu; “Dunak” eskulturaren egileek, adibidez.
Eskultura hauen guztien bitartez, materialak berrerabili daitezkeela ere erakutsi nahi dugu. Naturazaleak gara eta naturaren aldeko aldarria ere egin nahi izan dugu.
Eta guztiari ginga jartzeko, ikasgelatik herriko Xenpelar Etxeko erakusketa aretora. Ez da nolanahikoa erakusleiho aldaketa… Gustatu zitzaizuen erakusketa? Zer sentitu zenuten zuen lanak erakusketa areto batean ikustean?
Oso esperientzia polita izan da. Artistek beren obrak erakusten dituzten leku berean jarri ditugu gure artelanak, sekulakoa izan da. Gure artelanak horrelako leku batean ikustea oso pozgarria da. Gainera, sormen prozesuaren bideoa ere jarri genuen, eta hori ere asko gustatu zitzaigun. Oso harro sentitu ginen. Eta gainera, “morenito” bana eman ziguten inaugurazio egunean!
Baten batek pentsatu zuen “eskultura hauek Ikastolako ganbaran bukatuko dute” eta azkenean, Xenpelar Etxean ikusi ditugu. Presio pixkat bat ere sentitu genuen, artelana bukatu ezinik ibili ginen eta.
Nolako harrera izan du erakusketak? Zer diote bisita-liburuko komentarioek?
Oso-oso ona. Jende asko ibili zen. Irakasleek esan digutenez, udaletxekoek bisitarien datuak bidali dizkiete: 327 pertsona pasa omen ziren erakusketa ikustera. Harrigarria iruditu zaigu.
Errepikatzeko moduko esperientzia, beraz, ezta?
BAI! Oso esperientzia polita izan da. Hainbeste esfortzuren ondoren, emaitzaz oso harro gaude eta oso gustura errepikatuko genuke.