Badira urte batzuk Orereta Ikastolan ikasleen alderdi emozionalari arreta berezia jarri nahi zaionetik; batez ere, COVID-19ak eragindako pandemiaz geroztik, ildo garrantzitsua bihurtu da ikasleen alderdi honi erreparatzea. Hainbat herri eta ikastetxek (Andoain, Hondarribia, Donostia…) EmanTik programa martxan jarri zutela entzun ostean, berera ere ekartzea erabaki zuen Orereta Ikastolak, LH 5. eta DBH 2. mailen artean dauden ikasleekin hasiz lanketa.
EmanTik haurren eta gaztetxoen ondoeza eta adin txikikoek jasan ditzaketen hainbat indarkeria goiz detektatzeko programa berritzailea da. Tutoretza saioetan, ikasleek emozioak ezagutu eta horien ezaugarriak lantzen dituzte, eta ondoren, erabilera oso errazekoa den Kanjo aplikazio informatikoaren bidez, autopertzepziotik, beren egoera emozionala klikatzen dute bakarka eta egunean bitan: goizean goiz Ikastolara sartu bezain laister eta jolasgaraiaren ondoren.
“poza/tristura/beldurra/lasaitasuna/haserrea/nazka” dira aukerak. Ondoeza hautemanez gero, modu goiztiarrean laguntza eskaintzeko aukera du Ikastolak. Nahi eta behar izanez gero, ikasleek laguntza botoi bat sakatzeko aukera ere izan dezakete, tutorearekin beraien kezkez, ondoezez… aritzeko. Prebentziorako lan-tresna da, nagusiki, EmanTik.
Datuen babeserako legea guztiz bermatuz (kode batek ordezkatzen baitu ikasle bakoitza eta Ikastolako arduradunek soilik baitute kodeen eta haur eta gaztetxoen arteko loturen berri), guztia erregistratuta gelditzen da Kanjo izeneko aplikazioan. Hilabetean behin, EmanTik proiektuko aholkulari batek gidatuta, jasotako datuak interpretatu eta irakurtzen dira tutoreekin elkarlanean. Gorago esan bezala, beharra izanez gero, esku-hartze proposamenak adosten dira.
Emozioak irensten dituena ito egiten omen da; saia gaitezen itsaso horretan igerian egiten irakasten eta igerian aritzen.
Oharra: goiburuko argazkia Andoaingo Aita Larramendi ikastolarena da.