HIZKUNTZAK

Entzungai da "Erriola" kanta!

Jon Maia bertsolariak sortu ditu Orereta Ikastolak antolatutako Kilometroak 23 jaiaren abestiaren hitzak eta Janus Lester taldeak jarri dio musika
Maiatzaren 6an joko du zuzenean talde nafarrak estreinakoz herriko Agirre Lehendakaria plazan, gaueko 21:30ean

Entzun “Erriola” kanta

Kilometroak 23k badu soinu banda: “Erriola”, urriaren 1ean herrian egingo den jaiarekin amaituko den Kilometroak urte osoko egitasmoaren leloaren izen bereko kanta. Gaurdanik entzungai da audio plataforma nagusienetan (Spotify, iTunes…) Kilometroak 23rako propio Jon Maia Soria bertsolariak eta Janus Lester taldeak osatutako kanta.

Jon Maia Soriak gure herriari eta Kilometroak 23ri egokitutako “Kantu Bat Gara” kontzertu berezia eskaini zuen Lekuona Fabrikan otsailaren 24an, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren 20. urteurrenaren harira Kilometroak 23k atondutako “Egunkariatik Berriara, 20 urte” astearen baitan. Emanaldi gogoangarri hartan urte osoko jaiaren hiru zutabeak izan zituen ardatz bertsolari zumaiarrak: komunitatea, euskara eta errelatoaren bidezko aitortza. Eta “Erriola” kanta osatzerakoan, ildo bera jarraitu du: “Erriola izanik leloa, euskararen mugimenduaren metaforatzat hartu dut, nola herria biltzen duen beso bat den eta aldi berean batzen duen zerbait. Eta errio horren itsasoa, herri osoa euskaraz ikustearen ametsa”.

Jokin Pinatxo musikari beratarrak gidatzen duen Janus Lester taldeak ondu du “Erriola” kantaren musika. Mattin Arbelaitz (bateria), Garazi Esnaola (teklatuak), Ane Bastida (baxua), Javier Etxarri (gitarra), Julen Suarez (tronpeta), Andoni Arriola (tronboia) eta Jokin Pinatxo (ahotsa) taldekideek, bandaren estiloari fidel, doinu melodiko iradokitzaileak eta dantzagarriak uztartu dituzte, urriaren 1eko festarako motorrak berotzen hasteko kantu ezin aproposagoa osatuz. “Beti izan naiz nahiko pertsona melodikoa eta garbi nuen abestietan melodiak izango zuela garrantzi handiena, bai nire ahotsean eta baita bandan ere; izan ere, zazpi pertsonako banda gara eta bakoitzak izango zituen lineatan ere eman nahi nien garrantzi handia. “Erriola” abestian nahiko nabarmena da melodiak duela pisua, bai nik abesten dudanean bai zati instrumentaletan
ere”, adierazi du Pinatxok.

Jon Maia Soriaren eta Janus Lesterren arteko elkarlana erraza eta oparoa izan da. Halaxe azaldu digu Jokin Pinatxok: “Jonek lehen ideia bidali zidanetik niri abestia nahiko azkar atera zitzaidan. Konexioa azkarra izan zen eta oso gustura aritu naiz”.

Janus Lesterrek maiatzaren 6an joko du zuzenean “Erriola” kanta estreinakoz herriko Agirre Lehendakaria plazan (Linon), gaueko 21:30ean, Kilometroak 23ren egitarauko “12 orduz Erriolan” kultur maratoiari amaiera emateko. Zalantzarik gabe, Jokin Pinatxoren ahots bakan eta bereziak dantzan jarriko gaitu eta euskararen itsasora eramango gaitu, gure herriko errioan barrena.

Kilometroak hirugarrenez, eta beste hainbeste abesti

Orereta Ikastolak Kilometroak jaia antolatzen duen hirugarren aldia izango da aurtengoa. Lehena 1984an izan zen; Julian Albisturrek idatzi zuen Kilometroak 84 kantuaren letra eta doinua sortzeaz Donato Larrañaga
arduratu zen. 1999an ospatu zen jaia bigarrengoz eta orduko hartan Antton Kazabon idazleak jarri zizkion hitzak Golden Apple Quartet-ek sortutako “Bizi” izeneko kantari.


“ERRIOLA” ABESTIA



Hitzak: Jon Maia | Musika: Janus Lester


Zabaldu duzu bidea
fabrika ta etxe artean
iturburua, ideiak
aro berrien atean.

Zure zurrunbiloetan
gazia eta gozoa
gogorarazi diguzu
hor dagoela itsasoa.

Behera gora, nola nora
erriola!
kilometroz kilometro
itsasora! erriora!
Euskara marean gora!
erriola!
kilometroz kilometro
itsasora! erriora!

Ilargia da marea
mugi dezakeen bakarra
gu geu gara euskararen
ilargi bete bakarra.

Alde bat eta bestea
ezkerra eta eskubia
biak batera da euskara
ibaia eta zubia.

Behera gora, nola nora
erriola!
kilometroz kilometro
itsasora! erriora!
Euskara marean gora!
erriola!
kilometroz kilometro
itsasora! erriora!

Zure urezko besoak
besarkatzen du herria
plaza, kaleak, auzoak
zaharra eta berria.

Hortxe dago itsasoa
hurbila ala lausoa
hortxe dago itsasoa
euskaraz herri osoa!

abestia erriola Kilometroak