Orereta-Errenteria eta Donostia lotuko ditugu 8.000 lagunek osatutako giza kate erraldoi batean, euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko. “Batasunare bidean” ekitaldia Orereta Ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten “Ikastolak Herriari” egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.
Milaka gazte, gaztetxo eta herritarrek osatuko duten giza katea Orereta-Errenteriako Gamon Zumardian dagoen Koldo Mitxelenaren oroimenezko eskulturaren paretik abiatuko da eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaituko da.
Bidean, 8.226 metro eta Orereta-Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatuko ditu giza kateak. Euskal Herri osoko Ikastola ugaritako gazte eta gaztetxok osatuko dute, parte hartu nahi duten herritar guztiekin batera. Ez dago parte har dezaketen herritar kopuruarentzako mugarik, eta euskaltzale
guztiei bertaratzeko deia ere egin diegu. Ikusi xehetasun gehiago
Egun guztiko egitaraua
- Goizean, Euskaltzaindiako zuzendaritzaren bilera herriko Udal Areto Nagusian
- 10:45 > Hasiera ekitaldia Lehendakari Agirre plazan
- 11:00-11:30 > Giza-katea
- 12:00-12:30 > Amaiera ekitaldiak ibilbidean zeharreko bost gunetan (Orereta-Errenteriako Lehendakari Agirre plaza, Pasaia, Herrera, Donostiako Zurriola Ikastola, Donostiako Alde Zaharreko plaza berria). Besteak beste, Euskararen Errioa izango da bertan.
- 15:00 > Euskaltzaindiako kideen bisita Orereta Ikastolako ikasleei
- 17:30 > Giza-katean beren zatia izango duten hamabost pertsonei omenaldi instituzionala herriko Udal Areto Nagusian
Ibilbidea
“Batasunaren bidean”
Bereziki aipatuko diren Euskara batuaren sustatzaileen zerrenda
- Koldo Mitxelena
- Resurreccion Maria Azkue
- Pierre Broussain
- Jose Maria Satrustegi
- Julia Berrojalbiz
- Xabier Kintana
- Raimundo Olabide
- Julene Azpeitia
- Luis Villasante
- Henrike Knörr
- Arantxa Urretabizkaia
- Arturo Campion
- Gabriel Aresti
- Jean- Louis Davant
- Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”