HIZKUNTZAK

70 emakume baino gehiago Ikastolako Lilatoi taldean!

Orereta Ikastolako hainbat emakumezkok, beste hainbatekin batera, 2023ko Lilatoian parte hartu dute berdintasuna aldarrikatuz.

Bost bat urte igaro dira Orereta Ikastolako ikasle-ama-langile taldetxo batek Lilatoian aurreneko aldiz parte hartu zuenetik. Lehendabiziko urte hartan 17 lagun elkartu ziren Bulebarrean emakumeen eskubideak aldarrikatzeko asmoz.

2023ko edizioan, berriz, 70 emakume baino gehiago izan dira Orereta Ikastolako Lilatoi taldean izena eman eta Bulebarrean elkartu direnak. Bertan izan dira ikasle eta ikasle ohiak, amak eta Ikastolako langileak. Hezkuntza komunitate osoak, emakume guztiak batera, geure egin nahi izan dugu emakumeen eskubideen eta berdintasunen aldeko aldarrikapena.

“60 BAIETZ”. Horixe aurtengo erronka, horiexek Orereta Ikastolak aurten betetzen dituen urteak. Erronka handia jarri zion Ikastolak bere buruari, eta gainditu du, bai horixe! Kilometroak 23 ere presente izan dugu gurean eta Ikastolak elastiko berezia jarri du parte-hartzaileen eskura, urtea berezia izanik, bereiz zitezen. Kamisetek Donostian barrena egin zuten ibilbidea 70 emakumezkoren gorputzean.

Itziar Navarro ere, Ikastolako lehendakaria, bertan izan zen. Abiatu baino lehentxeago eskaini zituen hitzak geure egiten ditugu: emakumeek badute zer borrokatua, badute zer aldarrikatua eta datozen urteetan ere Lilatoian parte hartzera animatu zituen Ikastolako neska eta emakumeak. Bidean babesa izate aldera, “ahizpatasunaren” garrantzia nabarmendu zuen. Ez dadila soka eten…

Jarraituko dugu, zalantzarik gabe! Mila esker parte-hartzaile guztiei, Orereta Ikastolakoei eta Lilatoikoei. Denok irabazi dugu.

lilatoia lilaton