HIZKUNTZAK

Mari Domingiren Errepublika Magikoa heldu da Añabitartera

Orereta Ikastolak Mari Domingirengana bisitan etortzeko aukera eskaini du Añabitarteko Baserrian azken bi ikasturteetan, 2020ko eta 2021eko Eguberri garaian.

Aurten, ekimenak orain arte harrera ona izan duela ikusita eta egungo jendartearen zein Ikastola izaeraren hainbat ezaugarri nahiz balorerekin bat datorrela ikusita, proiektuari gorputz eta mami handiagoa emateko apustua egin du Orereta Ikastolak.

Mari Domingiren Errepublika Magikoa Euskal Herriko betiko tradizioak eta egungo jendartearen izaera, desio nahiz erronkak uztartzen dituen esperientzia magikoa izango da. Añabitarte Baserria Mari Domingiren etxe bihurtuko da eta haren inguruko zelaiguneak magiaz, iratxoz eta sendabelarrez beteko dira.

Olentzerorik ez da izango han, Mari Domingi izango da errepublika magikoko zaintzaile eta jeinua. Eguberri garaia gertu dela eta, Mari Domingik mendian urrun duen bizilekua aldi baterako utzi eta herritik gertuago dagoen etxe baten beharra duela adierazi dio Ikastolari eta Baserria eskaini diogu aste batzuetarako. Olentzerok badu berea eta han egongo da hura. Abenduaren 23an herrian izango dira biak.

Mari Domingiren Errepublika Magikoa azaroaren 19tik abenduaren 18ra egongo da zabalik, asteburuetan. Aurrez hitzordua hartu eta sarrera erosi beharko da bisitan etortzeko. www.maridomingi.eus webgunean duzue informazio xeheagoa eta sarrerak erosteko aukera.

Hala nahi duen herritar orori egin nahi zaio Mari Domingirengana bisitan etorri eta hari eskutitza emateko gonbita. Anima zaitezte!

Mari Domingiren Errepublika Magikoa: emakumea eta natura ardatz


Olentzeroren ostean iritsi da Mari Domingi gurera, eta haren itzalpean heldu da: haren emazte, laguntzaile edo lagun gisa. Olentzero behar izan du existitzeko. Pausoa eman nahi da bide horretan, Mari Domingiri izaera propioa eman berez eta nahi duen bezala existitzeko, genero eta familia eredu jakinei lotu gabe. Eguberrien izaera paganoan eta ospakizunak naturaren zikloekin duen harremanean ere jarri nahi da azpimarra. Egiteko asko dagoenaren jakitun, bide horri ekarpena egin nahi dio Ikastolak egitasmo honekin.

mari domingi