Haur Hezkuntza
Lehen urteak dira garrantzitsuenak haurraren garapenean. Horixe da Orereta Ikastolaren premisarik handiena. Izan ere, haurrak etapa honetan hasten dira lantzen adimen-gaitasunak, nortasun-ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, eta sozializaziorako zein harremanetarako oinarriak, besteak beste. Zimendu sendoak eraiki behar dituzte gerora horren gainean altxatu ahal izateko, aurrera egiteko.
Orereta Ikastolak haur eskola zein bi urtetik aurrerako gelak eskaintzen ditu. Batean zein bestean, ikaslearen beharretatik, nahietatik, gustuetatik, jakin-minetik abiatuta egiten du lan. Finean, haurraren senetik eta erritmotik: bera da bere bizitzako protagonista, Ikastola bere bidelagun da. Konfiantzaren eta integrazioaren pedagogia abiapuntu, beste zenbait korronte ere kontuan hartuta, haurra proiektu eta prozesuaren erdigunean jartzea da Orereta Ikastolaren xedea.
“Lehen urteak dira garrantzitsuenak haurraren garapenean. Horixe da Orereta Ikastolaren premisarik handiena.”
Profesionalen formazio jarraiaz gain, espazioak ere erronka horri erantzuteko prestatuta daude. Zirkulazio librerako, harremanak garatzeko, autonomia lantzeko, senak dioena garatu ahal izateko… erabat berritu edota egokituta daude Ikastolako espazioak. Aurrerapauso hori eman duen lehen ikastetxea da Orereta-Errenterian.
Haur Hezkuntzan sarrera ordu malgua eskaintzen du Orereta Ikastolak, haurren zein familien erritmoak eta beharrak gehiago errespetatu ahal izateko helburuz. Ildo beretik, tutoretza-plan oso landua eta finkatua ere bai, ikasle zein familiei arreta ahalik eta pertsonalizatuena eskaini ahal izateko.
“Haurra da bere bizitzako protagonista, Ikastola bere bidelagun da. Espazioak ere erronka horri erantzuteko prestatuta daude.“
Añabitarten, mendialdean, du Orereta Ikastolak bere gunerik zabalena. Ingurune horrek aukera bikaina eskaintzen du ikasgelak kanpora ateratzeko, naturan eta naturaz ikasteko. Haur Hezkuntzako ikasle zaharrenak ere joaten dira Añabitartera, bereziki, Ikastolako baso-eskolara.