LHko Guraso Batzordearen 2020-2021 ikasturteko zazpigarren bileran ondorengo gaiak landu dira.
Orereta Ikastola Koop. Elkartea: Ohiko Batzar Nagusia 2021
Balorazio orokorra positiboa izan da. Zalantza gehien sortzen zuen gaia (3. senidearen deskontua kentzea beka-sistema indartzeko) ez bozkatzeak batzarraren martxa erraztu zuela uste da. Bestalde, Batzarraren aurretik egin zen bilera informatiboa egokia izan zela esan da. Zuzenean Batzar Nagusira (aurretiazko lanketarik gabe) eraman izan balitz, emaitza bestelakoa izan zitekeela aipatu da. Etorkizunean, gai jakin batzuekin ere modu berean jokatu beharko litzatekeela aitatu da.
Ikasturte amaierako guraso bilera orokorrak
Guraso ordezkariek bigarren puntuan hitza hartuko dutela adostu da. Denok era bertsuan jokatzeko gidoitxo bat egingo da, eta guraso ordezkari guztien eskura jarri.
Gai horri lotuta, gurasoren batek uste du ez dagoela oso argi guraso ordezkarien funtzioa zein den. Hori zuzentzeko agian egokia izango da hurrengo bileretarako guraso ordezkarien funtzio eta betebeharren inguruko dokumentu bat sortzea, eta bileretan zabaldu eta azaltzea.
Ikasleen argazkiak: ikasturte amaierako bilduma
Zuzendaritza ikasturte/ziklo bukaeretan argazki-bilduma handiak ez egitea hausnartzen ari da. Irteera edo ekintza berezi bakoitzean talde argazkia egin, eta hori guraso guztiei ekintza egin eta denbora gutxira bidaltzea izan daiteke proposamenetako bat.
Ikastolako curriculum-eko ekintza osagarriak
Ikastola curriculum-ari lotuta egiten diren irteera eta jarduera osagarriak aztertzen ari da. Helburua hauxe da: egiten den guztiak ikasleen pertsona ereduari (irteera profilari) zerbait eranstea. Aldi berean, balizko bikoizketak saihestu nahi dira. Hau da, egiten diren jarduera guztiek perspektiba orokor batekin egindako proposamenari erantzutea.
Chromebook ordenagailuaren erosketa: LH 6. mailara aurreratzea
Artezkaritza Kontseiluak onartu du EKI proiekturako beharrezkoak diren Chromebook-ak familiek LH 6. mailan erostea, datorren ikasturtetik aurrera. Orain arte DBH 1. mailan egin izan da.
Matematika lantzeko Innovamat metodologia
LH 1. eta LH 2. mailetan matematika lantzeko Innovamat metodologia ezartzea erabaki da. Proiektua ondo aztertu eta berau martxan duten beste Ikastola batzuekin harremanetan egon ondoren, matematika arlo guztiari ondoen erantzuten dion metodologia dela ondorioztatu da.
HH5 – LH1 eta LH6 – DBH1: Etapa aldaketara dagozkion bisitak
LH6koak joan dira jada DBHko eraikina, lantaldea eta ikaskideak bisitatzera. HH5eko ikasleek irailean (ikasturtea hasi baino lehen) izango dute LH ezagutzeko aukera. Eguna zehaztean familiei jakinaraziko zaie.
Kilometroak 2023
Orereta Ikastolak 2023ko Kilometroak antolatzeko eskaera ofiziala egin du Gipuzkoako Ikastolen Lurralde Batzarrean. Erantzuna maiatzean jakingo da.
2021-22 ikasturteko DBHko ordutegia
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak oraindik ez du zehaztu DBHko etapan zein ordutegi baimenduko duen (jardun jarraitua bai ala ez). Hori jakin bezain pronto familiei komunikatuko zaie eta, behar izanez gero, zerbitzuak kontratatzeko epea berriro zabalduko da.
Gurasoen ekarpenak
HIRUHILEKO AMAIERAKO TXOSTENAK
Guraso batek txostena hiruhilekoaren azken eguneko azken unean jaso beharrean egun batzuk lehenago jasotzea proposatu du. Hartara, txostenak sortutako zalantzaren bat argitzeko denbora egongo litzateke.
Txostenetako esaldiak/oharrak argiagoak izatea ere eskatu da, emaitzako hobeto ulertzeko.