HIZKUNTZAK

Ikastolok Hezkuntza Sailaren azken hiru urteetako matrikulazio prozesuen balorazio oso kritikoa egiten dugu

Ikastolok agerraldia egin genuen atzo, maiatzak 29, Hezkuntza Sailaren azken hiru urteetako matrikulazioaren kudeaketak, besteak beste, segregazioari aurre egiteko ez duela balio izan salatzeko. Aitzitik albo kalteak eragin ditu. Zaurgarritasun indizea kalkulatzeko formula ez da egokia, ezta sinesgarria ere. Indize horretan oinarritutako esleipen-mugimenduak oso mugatuak dira eta ez dira beti modu orekatuan egin. Matrikulazio bizian heltzen diren ikasleen banaketa ez da orekatua. Ikastolei kalte egin digu dekretuak, gure matrikulazio kopuruak mugatu egin dituelako, baita geletan lekua izanda ere.

Orain arteko prozesua eta prozedurak baloratzeaz gain, proposamen zehatzak egin eta Ikastolok hartutako konpromisoak ere azaldu ditugu Gasteizen.


Proposatutako neurriak


  • Zaurgarritasun indizea kalkulatzeko datu eta adierazle objektiboetan oinarritutako formula berri bat garatzea
  • Herrietako eragin-eremuak modu orekatuan eta justuan berrikustea
  • Udal matrikulazio bulego neutroak sortzea
  • Matrikula bizia egoki baliatzea, modu gardenago, orekatuago eta bidezkoagoa izan dadin
  • Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen dugun ikastetxe guztiei trataera bertsua ematea
  • Familien hautuaren askatasuna errespetatzea

Hartutako konpromisoak


  • Ikastola guztietan beka-sistema propioa ezartzea ikasle guztien sarbide unibertsala bermatzeko
  • Datorren ikasturtetik aurrera herri mailako murgiltze guneak martxan jartzea. Egingo ez balitz, euskara etxetik ez dakarten ikasleak euskalduntzeko plan berri bat garatuko dute ikastolek, izan bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat
  • Ikastola hautatu duten familia guztiek ikastolan jarraitzeko aukera izan dezaten lan egitea.

Irakurri Gasteizko agerraldiko prentsa oharra osorik, hemen.

Ikastolen Elkartea