HIZKUNTZAK

MoreretaON 2025: Orereta, morez beteta! [argazki-galeria]

Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta eta orain bospasei urte hasitako bideari jarraipena emanez, aurten ere egin dugu MoreretaON, etenik gabeko hainbat orduko korrikaldi morea. “Orereta, morez beteta” lemapean jardun genuen lasterka pasa den martxoaren 7an. Azken bi urteetan bezala, korrika-saioaren zatirik handiena errioaren bueltan egin genuen: Gernika eta Agirre Lehendakariaren plazen inguruan.

Goizeko 08:30ean ekin genion egunari Gernika plazan, DBH 3. eta 4. mailako ikasleekin eta iaz zendu zen Izaskun Zubizarreta kirolari eta Ikastolako ikasle ohiaren senideekin; Zubizarreta izan baita aurtengo MoreretaONeko omendua. Agurtzane, Ane eta Maitane Zubizarretak, Izaskunen ahizpek, moztu zuten zinta morea, egunari hasiera eman eta testigu morea eskutik eskurako dantzan jarriz.

DBHko ikasle zaharrenen eta HHkoen txanda izan zen segidan; Esmalterian eta Linon, eta elkarrekin. Gazteek Gernika plazatik Esmalteria eta Linorako bidea egin zuten irrikaz zain zeuden Ikastolako karramarro txikiekin batera Koldo Mitxelena eta Agirre Lehendakariaren plazei bira batzuk eman eta elkarri barre txiki more konplizeak eskaintzeko. Agirre Lehendakariaren plazan udal ordezkariak eta herriko hainbat elkarteetako kideak ere aritu ziren lasterka bazkaltzeko geldialdiaren aurretik.

LHko ikasleek eman zioten hasiera arratsaldeko jardunari 15:00etan Gernika plazan. Mailaka eta gelaka, errioaren bueltan aritu ziren korrika, harik eta 16:30ean familiei, ikasle ohiei eta hala nahi zuen herritar orori testigua eman zieten arte. 17:00etan eman genion amaiera aurtengo MoreretaONen ekitaldiari globo moreak astinduz eta egunean zehar egindako aldarrikapenez betetako afixak errio bazterrean jarrita.

Errioaren bueltan korrika, harro more oihuka; halaxe joan da aurtengo MoreretaON. Eskerrik asko, Ikastolako ikasle eta langileez gain MoreretaONen parte hartzeko tartea hartu zenuten udal ordezkari, herriko elkarteetako kide, familia, ikasle ohi eta herrikide den-denei! Garrantzitsua da oso gizarteko erpin ezberdinetatik berdintasunaren alde egiten den lana, eta hortaz, izugarri estimatua zuen presentzia eta ekarpena!

Oharra: galeria honetako hainbat argazki Errenteria-Oreretako Hitzarenak dira.

martxoak 8 MOreretaOn