Olentzerok eta Mari Domingik ekarri zuten Lino Berria Orereta Ikastolara. Aurreikusi bezala, ikasturtearen lehen hiruhilekoan amaitu ditugu udan hasitako eraberritze lanak, eta Eguberriko oporren bueltan estreinatu dute eraikin berria HH4 eta HH5eko ikasleek, Lino Berria beren errepublika magiko duten gure azti, sorgin eta ameslari txikiek.
Lino Berria eraikinari eta bertako egunerokoari martxa hartuta, behar bezalako ongietorria egin diogu. Hala nahi izan duen Ikastolakide zein herritar orok Orereta Ikastolako Lino Berria eraikina ezagutzeko aukera izan du, gaur, urtarrilaren 24an, Hezkuntzaren Nazioarteko Egunean, egin dugun inaugurazioan. 18:00etatik 20:00etara, parez pare ireki ditu ateak Lino Berriak. Nor bere kabuz ibili eta eraikina ezagutzeko aukera izateaz gain, obra gidatu duen arkitektoaren hitzaldia, Patata Tropikala konpainiaren Pirata garrapataren abenturak antzezlana eta Orereta Ikastolaren Añabitarteko sukaldean prestatuko mokaduaz gozatzeko aukera ere izan da.
Ekitaldi instituzionala inaugurazio heritarraren aurretik
18:00etan inaugurazio herritarrari ekin aurretik, aurrez, ekitaldi instituzionala ere egin dugu Lino Berriko plaka desestaltzeko. Nekane Artola Labordetak (Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria) eta Aizpea Otaegi Mitxelenak (Orereta-Errenteriako alkatea) hartu dute hitza bertan.
Lehenak, Orereta Ikastola zoriontzeaz gain, Ikastolon izaera eta ezaugarri bereizgarriak azpimarratu ditu; besteak beste, Artolak aipatu du “hezkuntza eredu propioa dugula, Euskal Herrikoa, eta gaur ikusten ari garen moduan, pedagogia berrikuntzarako grinak mugitzen gaitu. Euskal Curriculum-a dugu oinarri, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako ikasmateriala ere sortuz. Horretan dihardu, beste Ikastolek bezalaxe, Orereta Ikastolak“. Ikastolen sorrerako motiboak ahaztu gabe eta etorkizuneko euskal gizartearenak ere begi-bistan, euskalgintzatik eta herrigintzatik Ikastolok herriarentzat eta herritarrentzat jardungo dugula azpimarratuz eta horretarako behar dugun aitortza eskatuz amaitu du; isuna jaso berri duen Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolarekin ere gogoratuz.
Otaegik adierazi du pozgarria dela Ikastola eta Ikastolako komunitate guztia gaur egungo gizartearen eta, beraz, hezkuntzaren erronkei aurre egin eta aurre hartzeko prest dagoela jakitea; horretarako konpromisoa dutela ikustea. Zorionak emanez agurtu da.
Esmalteria Berria 2019 – Lino Berria 2025: HHko espazioak hezkuntza beharretara egokitzeko bideari ginga
Espazioak hezkuntza-beharren mesedetara jartzeko azterketa eta hausnarketa prozesu mamitsuaren ostean, 2019-20 ikasturtearekin batera heldu zen Esmalteria Berria. Orain, 2025eko urtarrilean, Esmalteriari segida emanez eta helburu berberekin, Lino Berria. Hala, Haur Hezkuntzako ziklo guztia eraberritua eta haurren garapen-beharretara egokitua du Orereta Ikastolak. Espazioak hezkuntza-beharretara egokituak, eta ez hezkuntza-beharrak espazioek baldintzatuak.
Mila esker Lino Berriaren inauguraziora etorri zareten denei! Osasunez urra dezagun gure etxe berria!