Badira bi ikasturte, kurtsoaren 3. hiruhilekoan, ahozko literatura landuz, LH 6. mailako ikasleek guraso, aitona-amona eta herriko talde eta elkarteetan dabiltzan pertsonen ahozko testigantzak biltzen dituztela gure herriko euskararen ahozko ondarea biltzen laguntzeko xedez.
Harian-harian bilduma gizentzen ari delako eta plaza eskaintzea ere oso aproposa dela iritzita, “Gure ahotsak” ataria sortu berri dugu: oreretaikastola.eus/gureahotsak.
40 hizlariren ehundik gora ahozko pasarte bildu ditugu bertan. Bejondeiela LH 6. mailako ikasle eta irakasleei! Eta zuk, entzule, gozatu “Gure ahotsak”eko historia eta istorioez!
Nondik dator “Gure ahotsak”?
Ikastolako irakurzaletasun lantaldearen uzta da, hainbat irakasleren inurri-lanaren uzta.
“Gure ahotsak” proiektua irakurketa saioak egituratzen ari zirenean sortutako proiektua da. Ikasleak literatura arloan zertan aberastu hausnartzen hasi zirenean, euskal literatura idatziak historia laburra duela, berria dela, ohartu ziren. Ordura artekoa, mendez mende, ahozko transmisioaren bidez iritsi da gugana. Ahozko transmisio horri esker ezagutzen ditugu, gaur egun, hainbat elezahar, ipuin eta arbasoek kontatutako istorio eta historia; asko mitologiari lotutakoak, beste hainbat gertaera historikoei erreferentzia egiten dietenak.
Lehen, istorio eta historia horiek guztiak beheko suaren bueltan, familiaren babes eta goxotasunean, kontatzen ziren; gaur egungo gizartean, espazio eta denbora hori galtzen ari da. Gero eta globalizatuagoa den munduan, urtez urte sumatzen da ikasleek orduan eta gutxiago ezagutzen dutela gure kultur ondarea. Horrez gain, gainera, ahozko adierazpenaren kalitatea geroz eta eskasagoa da, transmisioa eteten ari da.
Beraz, horren jakitun, irakurzaletasun taldeko kideek ezinbestekotzaz jo zuten ahozko literatura kontuan izatea ikasleen irakurketa saioetan. Hezitzaile ikuspegitik, kezka jakinari erantzun nahian sortu zen “Gure ahotsak” proiektua. Helburua? Gurasoen, aitona-amonen eta herriko talde eta elkarteetan parte hartzen duten pertsonen testigantzak jasotzea; beren bizipen, istorio, ohitura, gertaera eta ondare kulturala biltzea LH 6. mailako ikasleak kazetari bihurtuz.
Garai bateko sukalde zaharreko su bazterra gaur egunera egokitu eta eskura dauden baliabideekin, Orereta Ikastolako transmisioa saretzen ari gara. Jakin “Gure ahotsak“ek ez duela etenik, urtetik urtera aberasten joango garela LH 6. mailako ikasleekin. Hamaika ikasle, familia eta eragileren transmisioari esker sortutako altxorra da “Gure ahotsak“, hemendik aurrera denontzat Orereta Ikastolaren web orrian entzungai eta ikusgai dagoena. Ez dezagun haria eten! Jarrai dezagun ahotsak josten!