HIZKUNTZAK

Lehendakari berria du Orereta Ikastolak

Orereta Ikastola Kooperatiba Elkarteak otsailaren 28an egin zuen Urteko Ohiko Batzar Nagusia. Kooperatiba-izaera da Ikastolon bereizgarrietako bat eta Batzar Nagusia gure erabaki-organo gorena, bazkideen urteko hitzordu nagusia. 100 bazkide izan dira aurtengo bilkuran eta Ikastolak eskerrak eman nahi dizkie guzti-guztiei, etorri eta parte hartu izanagatik. Denona baita eta denok baikara Ikastola.

Ohi bezala, erakunde bizia baita Ikastola, Artezkaritza Kontseiluko kontseilukide-aldaketak proposatu ziren eta onartu egin zituen Batzar Nagusiak. Aldaketen artean nabarmenena honakoa da: Itziar Navarro Pikabeak Ikastolako lehendakari izateari utzi eta Xabier Gorrotxategi Zipitriak hartuko dio lekukoa. Itziar Navarrori eskerrak eman zitzaizkion azken hamar urteetan egindako lanagatik.

Horrez gain, Orereta zein Oiartzo Ikastoletako proiektu pedagogikoa, kontu eta egoera ekonomikoak, egungo aurrerapauso zein etorkizuneko erronkak, eta eguneroko funtzionamendua izan ziren hizpide Batzarrean. Kilometroak urtearen balorazioa ere egin zen Ikastolako bazkideen erabaki-organo gorenaren aurrean (ikus Kilometroak 23 Urtearen laburpen bideoa). Bidea eta Ikastola bera egiten jarraitzeko hainbat erabaki ere hartu ziren, bozketaz.

Amaitzeko, besteak beste, Ikastola denona eta denontzako izateko bidea sendotzean azpimarra jarriko dela aipatu zen; herritik herrirako sortutako hezkuntza-eredu publikoan sinesten dugulako Ikastolok. Herritarra, herri onurakoa, irabazi asmorik gabea, euskalduna, Euskal Herrikoa, komunitarioa, berritzailea eta eraldatzailea den hezkuntza-ereduan, hain justu.

Batzar Nagusia 2024