HIZKUNTZAK

MoreretaON 2024: harro more! [argazki-galeria]

Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta eta orain lauzpabost urte hasitako bideari jarraipena emanez, aurten ere egin dugu MoreretaON, etenik gabeko hainbat orduko korrikaldi morea. 23. KORRIKArekin ere oroituta, “Harro more!” lemapean jardun genuen lasterka pasa den martxoaren 8an. Iaz bezala, korrika-saioaren zatirik handiena errioaren bueltan egin genuen: Gernika eta Agirre Lehendakariaren plazen inguruan.

Goizeko 08:00etan ekin genion egunari Gernika plazan, DBH 3. eta 4. mailako ikasleekin eta Reyes Carrererekin, aurtengo MoreretaONeko omenduarekin, kirol-ibilbide luze eta oparoa izan duen emakume herrikidearekin. Regina Gorritz Iraola ikasleak eta Carrerek elkarrekin moztu zuten zinta morea, egunari hasiera eman eta testigu morea eskutik eskurako dantzan jarriz.

DBHko ikasle zaharrenen eta HHko gazteenen txanda izan zen segidan, Esmalterian eta elkarrekin. Gazteek Gernika plazatik Esmalteriarako bidea egin zuten irrikaz zain zeuden Ikastolako karramarro txikiekin batera Koldo Mitxelena plazari bira batzuk eman eta elkarri barre txiki more konplizeak eskaintzeko.

Ikasle txikienek egin zuten Esmalteria eta Linoren arteko zubi lana, testigua batetik bestera eramanez herriko enparantzan barrena. Linon, HHko ikasle zaharrenen eta DBHko gazteenen txanda. Horien ostean, Oiartzoko ordezkarien txanda; baita udal ordezkari eta herriko hainbat elkarteetako kideena ere bazkaltzeko geldialdiaren aurretik.

LHko ikasleek eman zioten hasiera arratsaldeko jardunari 15:00etan Gernika plazan. Mailaka eta gelaka, errioaren bueltan aritu ziren korrika, harik eta 16:30ean familiei eta hala nahi zuen herritar orori testigua eman zioten arte. 17:00etan eman genion amaiera aurtengo MoreretaONen ekitaldiari globo moreak astinduz eta egunean zehar egindako aldarrikapenez betetako afixak errio bazterrean jarrita.

Errioaren bueltan korrika, harro herri oihuka; halaxe joan da aurtengo MoreretaON. Eskerrik asko, Ikastolako 1200 ikasle eta langileez gain MoreretaONen parte hartzeko tartea hartu zenuten 70 udal ordezkari, herriko elkarteetako kide, familia eta herrikide den-denei! Garrantzitsua da oso gizarteko erpin ezberdinetatik berdintasunaren alde egiten den lana, eta hortaz, izugarri estimatua zuen presentzia eta ekarpena!

martxoak 8 MOreretaOn