HIZKUNTZAK

Berria Ikasgela, Ikastolan leiho berriak irekitzen

Berria ez den harreman baten fruitua da Ikastolara iritsi den aukera sorta berria, Berria Ikasgelaren haritik eta Berria egunkariaren eskutik iritsi dena. Aho-korapilo bat dirudi, baina ez da hala: jarraian kontatuko dizuegun istorio ederraren laburpena da 🙂

Berria Ikasgela sortu zenetik datorren harremana da Berria egunkariaren eta Orereta Ikastolaren artekoa; orain hiru urtetik honakoa, hain justu. Iaz, Ikastolak ospatu zuen Kilometroak 23 Urtearen baitan 2023ko otsailean egin zen “Egunkariatik Berriara, 20 urte” ekimen-sortak estutu zuen 2021ean hasitako harreman hura. Izan ere, 2023ko otsaileko ekimenen artean, DBHko komunikazio tailerreko ikasleek, Euskaldunon Egunkaria ezagutu ez zutenek, Euskaldunon Egunkariaren itxiera eta Berria egunkariaren sorrera aztertu eta landu zituzten, eta Egun oro berripapera sortu eta Berria egunkariko errotatiban nola inprimatzen zen ikusi; orain 20 urte Euskaldunon Egunkariatik Berriarako bidean zubi izan zen Egunero berripaperari keinu eginez.

Berria Ikasgelak aurrerapausoak ematen darrai sortuz geroztik eta, lehendik jositako harremanari esker, aukera berriak ekarri ditu horrek Orereta Ikastolara. Esan bezala, orain hiru urte jarri zen martxan Berria Ikasgela, Euskal Herriko ikastetxeei euskarazko eta Euskal Herri guztian barrenako eduki eta artikuluak gaika sailkatuta eskaintzeko asmoz. Ordutik, etengabeko bilakaera izan du, eta webguneko edukiez gain, egun, besteak beste, ikastetxeetan kazetaritza-tailerrak ere eskaintzen ditu (Berriako kazetariek gidatutako saio teoriko-praktikoak dira); eta 2024ko maiatzetik aurrera, Berria Ikasgelaren webgunean Euskal Herriko bigarren hezkuntzako ikasleen lanek ere izango dute lekua. Orereta Ikastolako DBHko komunikazio tailerreko ikasleek hasiak dituzte kazetaritza-tailerrak eta azken egun hauetan Berria Ikasgelarako ikasleen lanak biltzeko promozio-bideoan parte hartzeko aukera ere izan dute. Esperientzia bikaina, dudarik gabe!

Mila esker Berria egunkariari orain 3 urte Berria Ikasgela martxan jarri izanagatik; iaz, ikastetxeetan kazetaritza-tailerrekin hasi izanagatik; eta orain, Berria Ikasgelan ikasleen lanei ere tokia egiteagatik! Eta mila esker horretan guztian Orereta Ikastolari parte hartzeko aukera emateagatik!

Goiburuko argazkia: Andoni Canellada / FOKU

berria egunkaria berria ikasgela elkarlana