HIZKUNTZAK

EAEko Hezkuntza Lege berria: Euskal Hezkuntza Sistema eraldatzeko aukera galdua?

Ikastolen Elkarteak agerraldia egin du gaur, azaroaren 29an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean onartu den Hezkuntza Lege proiektuaren irizpenaren aurrean Ikastolok egin dugun balorazioaren berri emateko.

Lege proiektuaren azken bi ikasturteetako ibilbidearen eta gaur egungo egoeraren jakitun, Ikastolok uste dugu, lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, Euskal Hezkuntza Sistema eraldatzeko aukera galduko dugula. Galdu ezinezko aukera baten moduan irudikatu badugu ere bi urteko prozesu hau, egungo egoerak ez gaitu asetzen; hasierako itxaropen eta ausardia zantzuek indarra galdu dute. Edozein herrirentzat estrategikoa den gaia da hau, datozen belaunaldien etorkizuna baldintzatuko duena; eta esan bezala, lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, Euskal Hezkuntza Sistema eraldatzeko aukera galduko dugu.

Euskal Herriko hezkuntza sistemek errotiko eraldaketa behar dute eremu guztietan: euskararenean, pedagogikoan zein antolaketan. Eta uste genuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Lege berri hau eraldaketa horretarako oinarri sendoa ezartzeko markoa izango zela. Oinarria eraldaketarako, eta abiapuntua hezkuntza sistema propio baterako. Ikastolok ez dugu Hezkuntza Legea helburu, abiapuntutzat jotzen dugu. Hori bai, ahalik eta lege onena eta zehatzena nahi dugu.

Zergatik “aukera galdua”?

  • Murgiltze eredu orokortua lortzeko zehaztasunik ez eta berriro ere hizkuntza ereduak jaso direlako lege proiektuan. Ikaskuntza-hizkuntza guztien izaera bideratzailea aipatzen duen xedapen gehigarriak ere kezka sortu digu; euskara hizkuntza minorizatua izanik, hizkuntza guztiak ezin dira era parekatuan tratatu.
  • Lege aurreproiektuan ez delako ageri Euskal Curriculuma, ezta Euskal Curriculumean ardaztutako hezkuntza sistema bat eraikitzeko premiarik ere. Ikastolon ustez, ezin da Hezkuntza Lege bat eraiki Euskal Curriculumari aipamenik egin gabe.
  • Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren inguruan zehaztapen sakonagoa falta delako. Legearen aurreproiektuan ez da bermatzen Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren barruan egongo diren ikastetxe guztiak baldintza beretan arituko direla. Honetaz gain, Zerbitzuaren parte izango diren ikastetxeen betebeharrak ez dira zehaztasunez aipatzen. Eta honek publiko-pribatu dikotomia betikotzeko arriskua sortzen du. Horiekin batera, doakotasunerako bideak, aurrekontuak eta baliabideak zehazteko bideak jaso ez izanak ere kezka eragin digu.
  • Euskal Herria hiru administrazio desberdinen pean dagoela jakinik, beharrezko ikusten dugulako lurraldeen arteko harremanak eta lankidetzak sustatzeko legez araututako tresnak sortzea, eta lege proiektuak ez du horrelakorik jasotzen. 

Ikastolok eremu desberdinetan proposamen propioak lantzen jarraituko dugu, hezkuntza sistemari eta jendarteari ekarpena eginez, eta Euskal Hezkuntza Sistema propioa eta eraldatzailea aldarrikatuz.

Irakurri hemen Ikastolen Elkarteak egindako balorazioaren xehetasun guztiak.

EAE hezkuntza legea Ikastolen Elkartea