HIZKUNTZAK

"Baga, Biga, Higa", euskaratik aitona-amonekin harremanak josten

DBH 4. mailako ikasleek euskal ahozkotasuna eta kultura lantzen dituzte ikasgelan lehenengo ebaluazioan. Euskararen Egunaren atarian (aurten, abenduaren 1ean), ahoz aho jaso eta mendeetan zehar euskaldunok memorian gordeta izan duguna Niessen Kulturguneko oholtza gainera eramaten dute. Horratx “Baga, Biga, Higa” ikuskizuna. Euskal curriculum-a lantzeko praktika on argia.

Ikasleek bereziki euren aitona-amonentzako prestatzen dute emanaldia, ondarearen eta kulturaren transmisioan duten garrantziagatik, egiten duten guztia eskertzeko eta belaunaldien arteko harremanak estutzeko. Aitona-amonei egin nahi bazaie ere aintzatespena, hala nahi duen herritar oro joan daiteke “Baga, Biga, Higa” ikuskizunaz gozatzera. Dantzatzen eta abesten duen herria ez da inoiz hilko!