HIZKUNTZAK

Urmuga Festibalaren ur tantak gozo busti gaitu

Kilometroak 23 urtearen baitan, Orereta Ikastolak eta Urmuga Festibalak egun berezia antolatu zuten atzorako, uztailaren 19rako; mendi ibilaldiak eta musika uztartuz Euskal Herria aldez alde gurutzatzen duen jaialdiaren 6. egunean. Goizean mendi ibilaldiak egin ziren Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago Zubitik eta Endarlatsatik Oiartzungo Gurutze auzoraino; arratsaldean, berriz, Lekuona Fabrikaren pareko errio gaineko kontzertuaren ostean, “Gure Añabitarte” kontzertua antolatu zen Orereta Ikastolaren Añabitarteko zelaietan, Ikastolak baserria eta lur horiek erosi zituela 50 urte bete direla ospatzeko.

Orereta Ikastolak Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko zenbait Ikastolekin abian duen Zubiak Eraikiz ekimenak eta Urdaburu mendi taldeak antolatuta, Girizia mendi taldearen laguntzaz, bi mendi ibilaldi izan ziren: bata, Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago Zubitik; bestea, Lesakako Endarlatsa auzotik. Oiartzungo Gurutze auzora iritsi ziren eguerdirako, eta bertako Beloaga gazteluan musika emanaldi berezi batez gozatu ahal izan zuten ibilaldian parte hartu zutenek. Xabier Berasaluze “Leturia” eta Iñaki Dieguez, bata panderoarekin eta bestea eskusoinuarekin, izan ziren jai giro hori jartzeaz arduratu zirenak.

Arratsaldean, Albaola Itsas Kultur Faktoriak antolatuta, patatxa ontzia, Albaolako bertako eta Hibaika Arraun Elkarteko kideek eramanda, Lekuona Fabrikaraino iritsi zen, eta 17:00etan errio gaineko kontzertua eskaini zuten Kilometroak Ikastolen festaren omenez. Patatxatik bertatik egin zuten hori Arrabiten Zurdetan taldeko kideek, Arkaitz Miner musikariak eta bere taldekideek.

19:00etatik aurrera, Añabitarten, Alaitz eta Maider, Alex Sardui, Janus Lester, Olaia Inziarte, Xutik, Aire Ahizpak, Et Incarnatus Orkestra eta Arkaitz Minerren musikaz gozatu ahal izan zuten familia, ikasle ohi, haur, gazte eta helduek; hala nahi izan zuen herritar orok. Ondoren, erromeria izan zen, Iratzar taldearen eskutik, Baserriaren aurrealdeko zelaian. Bertan afaltzeko aukera ere izan zen, dantza eta festa giroa nagusitu ziren atzo Añabitarteko zelaietan. Mila esker, bihotz-bihotzez, modu batera edo bestera zuen hondar alea jarriz atzokoa posible egin zenuten denei!


Urmuga jaialdia, uztailaren 12tik 30era

Guztira, 20 musika emanaldi daude programatuta uztailaren 12tik 30era. Horiei, bidean modu inprobisatuan sor litezkeenak gehituko zaizkie. Era guztietakoak izango dira: intimoagoak, berritzaileagoak, herrikoiagoak eta erraldoiak ere bai. Euskal Herriko artista ezagunak, goi mailakoak, eskarmentudunak nahiz gazteak, eta estilo ugaritakoak. Et Incarnatus Orkestrak egokitutako partiturekin, guztira kanta ezagunen 100 adaptazio berri baino gehiago taularatuko dira. Eskaintza berezia da, oso berezia: musika mendian jo, bizi eta entzuteak sortzen duen herri giroa eta giro artistikoa parekorik gabeko esperientzia dira. Gainera, Urmugak aukera ematen du Euskal Herriko lurralde guztietako bailarak, herriak, mendiak eta parajeak ezagutzeko.

Herri izaerako ekimena da Urmuga: antolakuntzan talde, elkarte, norbanako, erakunde, artista, mendizale eta musikazale ugarik hartzen dute parte, bolondresek, herri egileek eta ekintzaile askok eta askok, euskal geografia eta errealitate guztietakoak. Urmuga herri proiektu artistiko kolektiboa da, natura, herria eta musika batzen dituena. Aurten ere Euskal Herria josiko du, beste behin, Urmugak, mendebaldetik ekialdera, garena eta izaten ari garena izan nahi dugunarekin eta izango garenarekin lotuz.

erriola Kilometroak urmuga