HIZKUNTZAK

Plastika gelatik herriko jaietako kartel lehiaketara

Plastikako gelatik herriko jaietako kartel lehiaketara. Bide horixe egin dute LH 6. mailako ikasleen lanek. Nola?

Orereta Ikastolako LH 6. mailako ikasleek “Madalenetako kartelen” proiektua landu dute plastika gaian. Urtarrilean ekin zioten lanari. Hasteko, kartelgintzaren oinarriak aztertu zituzten: tipografia desberdinak eta horien erabilera egokia, koloreen esanahaiak, ilustrazioak egiteko teknika desberdinak… 

Hori bukatuta, udaletxeak antolatzen duen herriko jaien kartel lehiaketara aurkezteko lanak sortzeari ekin zioten. Lehiaketaren oinarriak irakurri eta bete beharreko baldintzak identifikatu ondoren, ideiak pentsatu, bozetoak egin eta kartelak sortu zituzten. Ikasle bakoitzak bere ideia ontzeko teknika eta material aproposenak aukeratuta, eskuz landu zituzten proposamenak. Irudiak eskaneatu eta digitalean, ordenagailuz, errematatu zituzten kartelak, testuak eta hala zegozkien logotipoak txertatuz. Eta plastikako gelatik, herriko jaien kartel lehiaketara.

Udaletxeak lehiaketara aurkeztu diren lan guztietatik berrogeita hamar aukeratu ditu Xenpelar Etxean jarri duen erakusketarako. Hortik aterako dira 2023ko Madalenetako kartelak (kategoria orokorrean eta haurrenean); baita herritarren saria jasoko duena ere, herritarrek beraiek emandako botoekin hautatuko dena. Xenpelar Etxeko erakusketan jartzeko aukeratu diren berrogeita hamar lanen artetik hamahiru Orereta Ikastolako ikasleenak dira eta zorterik onena opa diegu denei lehiaketan!

Xenpelar Etxeko erakusketa ekainaren 3ra arte egongo da zabalik hala nahi duen herritar orok bisita dezan. Gustu baduzue, hortxe proposamena: ikusi lanak eta eman herritarren sariaren botoa gehien atsegin duzuenari!


MADALENAK 2023

XENPELAR ETXEKO ERAKUSKETAN IKUSGAI DAUDEN ORERETA IKASTOLAKO IKASLEEN LANAK


madalenak plastika