HIZKUNTZAK

Gure herria eta Donostia batu ditugu “Batasunaren bidean” giza katean

Giza kate alai eta koloretsu batean Orereta-Errenteria, Pasaia eta Donostia elkartu ditugu, gaur, “Batasunaren bidean” ekimenarekin. Euskal Herriko Ikastoletatik hurreratutako zazpi mila ikaslek eta haiei batu zaizkien ehunka euskaltzalek osatu dugu euskara batuari gorazarre egiteko 8.226 metroko soka luzea.

Orereta Ikastolak sustatu eta Ikastolen jai guztiek osatzen duten “Ikastolak Herriari” egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatutako ekitaldia izan da, eta euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak omentzeko egin dugu. Transmisioa eta jarraitutasuna irudikatu nahi izan ditugu giza katearen bitartez.

Goizeko 10:45ean hasi da ekitaldia gure herriko Agirre Lehendakaria plazan, eta 11:00etan eman zaio hasiera giza kateari. Ordu erdiz lotuta egon dira Orereta-Errenteria, Pasaia eta Donostia, eta horren ostean, giza katean parte hartu dugunak ibilbidean prestatuta zeuden bost guneetara hurbildu gara, goizeko saioari amaiera emateko jaian parte hartzera.

Transmisioaren garrantzia irudikatzeko, ekitaldiak ikasleak izan ditu protagonista. Egun ikasten ari diren gazte eta gaztetxoei euskara batuaren balioa helarazi, eta bera sortzeko testuinguru historikoa eta bere bilakaera adierazi zaizkie, giza katearen amaieran eginiko ekitaldietan ikasleetako batzuek irakurri duten idazkiaren bitartez eta egunotan Ikastoletan euskara batuaren inguruan egin dugun lanketari esker .

Giza katearen protagonista nagusiak ikasleak izanik, izaera koloretsu eta baikorra eman nahi izan diogu ekitaldiari. Gazteek eurek transmititutako pozarekin batera, ekitaldiaren amaieran musikak eta dantzak hartu dute protagonismoa, eta konfeti erauntsi batekin amaitu ditugu ekitaldiak. Giza katearen hasieran parte hartzaileen artean banatu diren zapiek ere lagundu dute ekitaldiari kolorea ematen.

Euskararen batasunaren bidean itzal handia izan duten hamabost bidegile ere omendu ditugu, eta horretarako prestatutako bost guneetan haien berri eman da panel batzuen bitartez. Hurreratutako guztiek jaso dute, beraz, Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Henrike Knörr, Arantxa Urretabizkaia, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean-Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k egindako ekarpenaren berri, eta hamaseigarren bat ere aipatu da: euskaldun guztiak: “Euskaraz mintzatuz, entzunez, irakurriz, idatziz, ikasiz, lan eginez, abestuz, jolastuz… egunetik egunera, euskara biziberritzen dugulako” .

Ikusi argazkiak
(Errenteria-Oreretako Hitza)

Arratsaldean, berriz, ekitaldi instituzionala egingo dugu herriko udaletxeko Areto Nagusian. Udalerriko alkate Aizpea Otaegik, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Ikastolen Elkarteko lehendakariorde Nekane Artolak, eta Orereta Ikastolako ikasle ohi Helene Mendizabalek hartuko dute hitza ekitaldian; azken honek ordezkatuko du ekitaldian omendutako hamaseigarren figura: euskaldun guztiak. Era berean, aitormena adierazi nahi diegu “Batasunaren bidean” ekitaldiak omendu dituen hamabost bidegileei; horietatik Xabier Kintana bertan egongo da, eta baita omendutako beste askoren ordezkariak ere. Arantxa Urretabizkaiak eta Jean-Louis Davantek ezin izango dute ekitaldira hurreratu.

batasunaren bidean erriola ikastolak herriari Kilometroak