Orereta Ikastolako DBH 3. mailako Julene Bernalek irabazi du Asun Casasola narrazio-lehiaketaren gazte mailako euskarazko kategoriako aurtengo saria; orain dela 7 urte hasi zen ipuin labur-lehiaketa euskarazko eta gaztelaniazko sariak banatzen. Aurten 350 lan baino gehiago jaso dituzte, bai Euskal Herritik, baita munduko hainbat lekutatik ere.
“Edur naiz” du izena Julenek idatzikotako ipuinak eta lehiaketaren oinarriei jarraituz, mutilek edo gizonek indarkeria matxistaren aurrean zer egin beharko dutenaren inguruan hausnartzera gonbidatu gaitu. Zorionak, Julene!
“Edur naiz”
Kaixo, Edur naiz, eta emakume kolpatu baten semea naiz.
Gauero ikusten nuen aita etxeko atetik sartzen zenean, gehienetan mozkorra, amari garrasika hasten zitzaiola. Horregatik, kolpe eta amaren negarren artean nire gelara sartzen nintzen, horri buruz gehiagorik ez ikusteko, ezta entzuteko ere. Hori gauero ikusten nuen; baina inoiz ez zait ahaztuko gau hura. Ni jada lo negoen, ez nuen aita etxeko atetik sartzen entzun. Bat-batean kolpe handi batek esnatu ninduen eta espero nuen gauzarik okerrena gertatu zen: aitak amari bultzakada bat eman eta paretaren kontra bota zuen. Inoiz ez zion horrelako kolperik eman, hori izan zen horrelako beste askoren lehen aldia. Amaren min aurpegi hori ez zait inoiz burutik kenduko. Hurrengo egunean esnatu eta han ikusi nuen ama kolpatua, triste, begirada hutsarekin. Irudi horrek ni suntsitu ninduen; horregatik, momentu hartatik neure buruari esan nion ez nuela inoiz aita bezala jokatuko. “Aitak baino hobeto egin behar dut.”
Ez dut inoiz ama tratatu zuten bezala emakume bat tratatuko; beti errespetatuko dut, eta nire maitasun guztia eskainiko diot. Ez dut nahi emakume batek kalean ikusten nauenean berak beldurra sentitzea. Inoiz ez diot sentiaraziko emakume bati gutxiago dela, izan ere, uste dut hori sentitzen zuela amak jipoitua izan ondoren. Inolaz ere. Ez dut nahi ni etxean sartzen naizenean amak sentitzen zuen beldur hori inork sentitzea. Emakume bat tratatu behar den bezala tratatu nahi dut: errespetuz, ondo sentiaraziz eta askatasunez.
Esan daiteke aitak ez dizkidala gauza asko erakutsi, baina hitz bakar bat ere esan gabe, bere ekintzekin bakarrik erakutsi dio bere semeari, niri, nola ez duen emakume bat tratatu behar. Etorkizunean nire semeei hauxe erakutsi nahi diet: emakume bat errespetatzen eta libre izaten. Aitak baino hobeto egin nahi dut, beti ere hitzekin eta ez ekintza txarrekin.
Orain inoiz baino gehiago: ez, ez da!