HIZKUNTZAK

MoreretaON: errioan, marea morea

Goizean goiz eman dio hasiera Orereta Ikastolak Martxoaren 8ko egitasmo garrantzitsuenetako bati: MoreretaONi, hain zuzen ere.

Aurten, gainera, Kilometroakek herrira jaitsi du, ohituraz azkeneko urteetan Añabitarten egin den MoreretaON. Leloa ere egoerara egokitu dugu: “Errioan, marea morea”.

Hasiera goizeko 8:15ean eman diogu Ondartxon, errioaren arrimuan. Bertan gurekin izan ditugu Maika Tameron Hibaikako kide eta ETE eta KAE Ligako presidentea, Ikastolako Artezkaritzako ordezkari den Lide Gabarain, irakasleen ordezkari diren Olatz Mimendia eta Aitor Perez, eta ikasleen ordezkari diren Sua Echave eta Ekhi Oiarbide. Maikak moztu du zinta morea eta horrela eman dio hasiera ofizialki MoreretaONi.

Segidan, lekukoa hartu dute DBH1. eta 2. mailako 200 ikaslek baino gehiagok, hainbat irakasle eta tutore bidelagun zituztela. Ilusioz eta gogoz ekin diote Matadero izenaz ezaguna den errioaren aileka horren inguruan berdintasunaren alde korri egiteari, hori baita MoreretaONek bere baitan biltzen duen helburua. Gelaz gela aritu dira 9:45 bitarte; lekukoa eskuz esku ibili da errioaren bueltan.

Segidan DBH 3. eta 4. mailako ikasleek jaso dute lekukoa, oraingoan errioaren beste aileka batean, Lino inguruan. 10:30ean eman diogu hasiera MoreretaONi, elkarkidetzan, DBH3 eta 4ko gazteek eta HH4 eta 5eko haurrek, denak batera. Guztira 400 ikasle baino gehiago aritu dira errioaren bueltan elkarri eskutik helduta. Denbora ere izan dute elkarrekin Argitxoren irudiak margotzeko, jostatzeko…

Tarte horretan hainbat gonbidatu hurbildu dira guregana: Asun Casasola, Udaleko ordezkariak, Urdaburu Mendizale Elkarteko ordezkariak, Ikastolako zerbitzuetako lankideak eta Oiartzo Ikastolako ikasle-ordezkariak eta lankideak. Denak batera aritu gara errioaren bueltan Martxoaren 8ko aldarrikapenarekin bat egiten.

Haur Eskolako eta HH2ko eta 3ko ikasleek errioaren ingurura etortzerik izan ez badute ere, Esmalterian aritu dira korrika MoreretaON ttikian.

Zoritxarrez, eguraldia ez dugu alde izan eta iragarpen ezegonkorrengatik, LHko arratsaldeko saioa eta gurasoei eskainitako tartea bertan behera utzi behar izan ditugu, pena handiz. Ziur gaude izango direla aukera gehiago Martxoaren 8a elkarrekin aldarrikatzeko.

Aurten ere MoreretaONek lortu du bere helburua: “Errioan, marea morea” izan da.

erriola Kilometroak MOreretaOn