HIZKUNTZAK

Iñude eta Artzaiak, amaiera 25 urte pasatxoko ibilbideari

Azken urteetako ohiturari jarraituz gero, otsailaren 26an, Inauteri osteko igandean, Iñude eta Artzaien konpartsaren desfilea egingo genuen erdiguneko kaleetan barrena herriko hainbat eragilerekin batera.

Aitzitik, hainbat gogoeta, bilera eta eboluzio saiakeraren ostean, hainbat motibogatik eta COVID-19ak eragindako pandemia ere tarteko, orain 25 urte pasatxo hasitako ibilbideari amaiera heldu zaiola jakinarazten du Orereta Ikastolak. Ikastolak ez du aurrerantzean Iñude eta Artzaien konpartsarik eta desfilerik antolatuko.

Zinez eskerrak eman nahi dizkie Orereta Ikastolak urte hauetan guztietan Iñude eta Artzaien konpartsaren desfilea, modu batera edo bestera, posible egin duten guztiei.

Amaitzeko, azpimarratu nahi da Ikastolak jarraituko duela ikastolakideekin eta ikastolakideentzako, herritarrekin eta herritarrentzako, ekimenak proposatzen, egiten, sustatzen eta herriko eragileekin elkarlana bultzatzen; herriari ekarpena egiten jarraitzeko saiakeran.

iñude eta artzaiak