HIZKUNTZAK

Kilometroak 23k urte guztiko egitaraua izango du

Ikastolen aldeko hatsa, egiteko modua, urte osoan bizirik izango duten ekitaldiak sustatu nahi ditugu Kilometroak 23 jaiaren barruan, Euskal Herri osora begirako ekitaldiei ere tokia eginda; ‘Erriola’ lemapean eta lanerako hiru zutoin nagusi hartuta: komunitatea, euskara, eta errelatoaren bidez egindako eskertza. Urtean zehar lortutako etekinak Orereta-Errenteriako eragileekin elkarlanean herrian euskara eta euskal kultura sustatzeko proiektu bat abian jartzeko, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako hainbat ikastolekin abian dugun Zubiak Eraikiz egitasmoa sendotzeko, eta Orereta Ikastolako ikur den Añabitarte baserria eta inguruak biziberritzeko erabiliko dira.

Herriko eta Euskal Herriko eragileekin ondutako proposamena

Kilometroak 23 jaiaren inguruan elkarlanerako egin den ahaleginak eman du fruitua eta jarraituko du ematen. Izan ere, gaur gaurkoz, mugarri nagusiak baitaude jarrita, ez da egitarau itxi bat; aitzitik, proposamen irekia eta bizia da, eragileekin elkarlanean osatzen jarraituko duguna, bereziki herriko eragileekin.



URTEKO MUGARRI NAGUSIAK


  • Egunkariatik Berriara, 20 urte

    “Eskertzaren” helburuari atxikita, euskalgintzan eta euskararen garapenean funtsezkoak izan diren gertaerak oroitu nahi ditugu. Eta aurten, urteurrenei begiratuta, badira horretarako helduleku aski sendoak. Esaterako, 2003ko otsailaren 20an itxi zuen guardia zibilak, epaile baten aginduz, ‘Euskaldunon Egunkaria’. Gogora ekarriko dugu Kilometroak 23rako antolatu den egitarauaren barruan gertaera hura, eta euskal gizarteak eman zuen erantzuna.
    • Otsailak 20: ‘Egunero behar genuen’ liburuaren aurkezpena egingo da Lekuona fabrikan. Imanol Murua Uria kazetariak idatzi du; ‘Euskaldunon egunkaria’ itxi eta ‘Berria’ egunkaria argitaratzen hasi bitartean argitaratu zen ‘Egunero’ egunkariaren gaineko xehetasunak fin aletu ditu liburuan. BERRIArekin batera antolatutako ekitaldia izango da.
    • Otsailak 21: Orereta Ikastolako ikasleek hartuko dute lekukoa; DBHko 2. mailako eta batxilergoko ikasleek propio aztertu dute euskarazko egunkari bakarraren itxiera zer izan zen, euskal prentsak zer garrantzi duen, eta horien berri emanez ‘Egun oro’ argitalpena argitara emango dute, gaiari buruz ikasi eta hausnartutakoak jasota. 5.000 ale inguru banatuko ditugu, BERRIArekin elkarlanean.
    • Otsailak 22: Niessen auditorioan, ‘Euskaldunon egunkaria’-ren itxierari buruzko dokumentala ikusi ahal izango da: ‘Paperezko hegoak’. Emanaldi hau Ozzinema elkartearekin elkarlanean antolatuko da.
    • Otsailak 23: gaiarekin egindako lanketa osatzeko, Orereta-Errenteriako hiru txokotan, gaiaz era “artistiko” batean ariko dira diziplina hainbatetako artistak; sorkuntzarekin jantziko dituzte egunkariaren itxierari buruzko gogoetak.
    • Otsailak 24: Ekitaldi sorta hori amaituko da otsailaren 24an ‘Kantu bat gara’ emanaldiarekin. Lekuona fabrikan izango da. Jon Maia bertsolariaren ikuskizuna da; urteotan hainbat talde eta abeslariren letragilea izan da, eta kantu horien bidez bidaia bat proposatzen du. Euskal kulturaren, historiaren, eta identitatearen ikuspegi berezi bat bilatzen du aurkezten duen kantutegiarekin. Kilometroak 23k landuko dituen hainbat gaiari propio erreparatuko dio Jon Maiak ikuskizunean, eta aparteko izaera emango dio horrek emanaldiari.

  • Batasunaren bidea

    Eskertzaren helburua gogoan, Euskal Herri osora begira egingo den beste ekitaldietako bat, horra: ‘Milimetroak: Batasunaren bidea’. Elkarlanaren emaitza izango da hau ere, besteak beste, Euskaltzaindiarekin eta euskalgintzako eragileekin antolatuko baita. Euskara batuak euskararen bilakaeran iragan hamarraldietan izan duen garrantzia nabarmentze aldera, “batasunaren bidean” ekarpena egin zuten hamabost lagunen lana goraipatuko dugu, eta omenaldia egingo diegu. Zentzuz betetako ekitaldia da. 1963an urrats erabakigarriak egin ziren Baionan euskara batuaren oinarriak jartze aldera; justu urte horretan hasi zuen bidea Orereta ikastolak ere: 60. urteurrena du aurten. Ordutik prozesu jarrai bat izan da euskara batuarena, eta bide osoari erreparatu nahi zaio omenaldi ekitaldi honetan.
    Horra, lurraldez lurralde, zein omenduko diren:
    • Araba: Raimundo Olabide eta Henrike Knörr.
    • Bizkaia: Resurrección Maria de Azkue, Luis Villasante, Julia Berrojalbiz, Gabriel Aresti eta Xabier Kintana.
    • Gipuzkoa: Julene Azpeitia, Koldo Mitxelena, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Arantxa Urretabizkaia.
    • Lapurdi: Pierre Broussain.
    • Zuberoa: Jean-Louis Davant.
    • Nafarroa: Arturo Campion, Jose Maria Satrustegi.
    Martxoaren 24an izango da omenaldia. Giza kate bat egingo dugu: Orereta-Errenterian Zumarditik abiatu, eta Donostiara helduko da, Parte Zaharrera. 8.000 lagun inguruk bat egingo dute bidea osatzeko. Era berean, egun horretan bertan Orereta-Errenteriako udaletxean egingo du Euskaltzaindiako zuzendaritzak bilera. Arratsaldean ekitaldi instituzional bat egingo da; batasunaren bidean nabarmendutako hamabost pertsonak omentzeko izango da, bereziki. Hilda daude horietako asko, eta haien familiei adieraziko zaie esker ona.
    Orereta Ikastolatik sortu den ideia honetan Euskal Herriko ikastolen aldeko bost jaialdiek hartuko dute parte antolakuntzan, Ikastolak Herriari izeneko ideiaren baitan.

  • Darraizu, darraigu

    Maiatzaren 6an arteari eta sorkuntzari irekiko diegu atea: 12 orduko ikuskizun maratoia egingo da. Herriko eta inguruko artistei, musikan zein beste arte plastiko eta edo dramatikoetan ari direnei, hamabi orduz oholtza eskainiko zaie.
  • “Adaxka berriak” ikuskizuna (estreinaldia)

    Maiatzaren 19an eta maiatzaren 20an ‘Adaxka berriak’ ikuskizuna taularatuko da. Lehen emanaldia Hendaian izango da; bigarrena, Orereta-Errenterian. Kilometroak 23k propio ekoiztutako ikuskizun bat da, eta Musikasteren egitarauaren barruan aurkeztuko da. Landarbaso Abesbatzak eta Euskal Kultur Erakundeak batera ondu dute eta Orereta ikastolako ikasleek ez ezik, Hendaiako eta Ziburuko ikastoletako ikasleek parte hartuko dute. Ildo horretan, ikuskizunak guztiz bat egiten du ‘Zubiak Eraikiz’ egitasmoarekin, banaketa administratiboez harago, Euskal Herria jostea baitugu helburu. Gure kulturan, senean, enborrean ditugun sei doinu eta abestien moldaketa berriak egingo ditugu. Egungo gazteentzat erakargarriak izango direnak, hurbilago sentituko dituztenak. Ikasleez aparte, ikuskizunean parte hartuko dute Ainhoa Larrañaga eta Thierry Biscary kantariek ere.
  • Erriola abestia eta bideoklipa

    Kilometroak 23ren mezua eta leloa lau haizeetara zabaltzeko, abestia eta bideoklipa aurkeztuko ditugu.
  • Urmuga festibala

    Uztailean kontzertu bat egingo da Urmuga proposamenaren barruan. Kultura beste espazio batzuetara eramanez, berrikuntza eta euskal kultura lantzeko asmoz egiten da Urmuga, eta Kilometroak 23ren xedeen barruan guztiz txertatzeko modukoa da. Zehazteke dago eguna, eta tokia.
  • Euskararen errioa

    Txanponak biltzea izango da egitasmoaren helburua. Kilometro batean, euro bateko 50.000 txanpon sartzen dira. Erronka izango da, beraz, txanpon horiek guztiak biltzea, gero horiek euskararen sustapenerako egitasmoetarako bideratzeko.
    Euskarri bat prestatu dugu propio diru bilketa egiteko; txanponak sartzeko prestatuta dago, eta herrenkadan hartzen ditu aurrena txanponak; bete ahala, txanponak erori egiten dira: gero eta handiagoa den “errio” bat dira. Ahal dela, Guiness Liburura ere eraman nahi dugu erronka!

  • Kilometroak 23: urriko lehen igandea

    Urriaren 1ean izango da Kilometroak jaia bera. Eguna hurbildu ahala, jakinaraziko da ordurako egitaraua.
erriola Kilometroak urteko mugarrien aurkezpena