HIZKUNTZAK

Lehen Sorgingarra antolatu du Ikastolak

Udaburuko suaren osagarri izan nahi du festak eta ekainaren 18an ospatuko da

Sorgingarra jaia antolatu du Orereta Ikastolak lehenengoz. Udaburuko suaren lehen garraren jaia izango da, azken horren osagarri izateko eta bere izaera paganoa azpimarratu nahiz indartzeko asmoz sortutako egitasmoa.  

Ekainaren 18an egingo da lehen edizioa, ilunabarrez. 19:30ean Sorgingar kalejirak emango dio hasiera, Lehendakari Agirre plazatik abiatuta. Herriko plazara heldu aurretik, Gamon zumarditik, Biteri Txiki kaletik, Xabier Olaskoaga plazatik, Alfontso XI.a eta Biteri kaleetatik, Koldo Mitxelena plazatik, eta Maria de Lezo eta Maddalen kaleetatik pasako da Irurtzungo Orritz Iskidi taldeko izaki mitologiko, joaldun eta dantzariek gidatutako kalejira. Xabier Olaskoaga eta Koldo Mitxelena plazetan geldialdiak egingo ditu emanaldi banaz gozatzeko.

Herriko enparantzan, 20:30ean, udaburuko suaren lehen garra piztuko da. Aitzbitarteko Lagunak elkarteko ordezkariak arduratuko dira horretaz. Larruz jantzita, ardagaia erabiliko dute udaburuko suaren lehen garra pizteko. Galda hori piztuta mantenduko da San Joan bezperara arte. Izan ere, hilaren 23an herriko plazan Ereintza dantza-taldeak aurreskuaren ostean pizten duen belar-metaren lehen garra izatea da asmoa.

Sorgingarra kartela

Ekarpena herriak herriari

Langile-talde batek hala proposatuta, Ikastolaren izaera eta baloreekin bat egiten duela sinetsita, herrian Sorgingarra antolatu du Ikastolak; jaiaren ardatz herria, komunitatea, euskara eta euskal kultura jarrita.

Bereziki eskertu nahi ditu Ikastolak Sorgingarra antolatzera ilusio eta gogoz batu zaizkion eragile laguntzaileak: herriko Aitzbitarteko Lagunak elkartea eta Ereintza dantza-taldea, eta Irurtzungo Orritz Iskidi konpartsa, hain justu.

Horiek esanda, herritar oro gonbidatu nahi du Ikastolak Sorgingarrean parte hartzera, Sorgingarrak ere herritik sortu eta herriarentzako zein herritarrentzako festa izan nahi baitu.

Errenteria ikastola orereta san joan san joan sua san juan san juan sua sorgingarra udaburua udaburuko sua