Iazko ikasturten bezala, COVID-19a aurtengo ikasturtea ere baldintzatzen ari da. Dena den, desio genuen gisan, ikasleak Ikastolan ditugu irailaz geroztik eta ahalegina egiten ari gara Orereta Ikastolan eguneroko jardun akademikoa ez ezik horren osagarri den guztia ere aurrera ateratzeko.
Jolasgaraietan, aurtengoan ezin izan dugu iazko kutxen egitasmoarekin (ohiko baloi- eta pelota-jolasak egunero-egunero jolas-orduan nagusi ez izateko egitasmoarekin) aurrera egin koronabirusagatik. Horiek horrela, LHko ikasle guztientzako moduko lurreko jolasak landu ditugu LH 6. mailako ikasleekin.
Lehen pauso gisa, ikasgelan bertan eta taldeka (ikasgela bakoitzean, sei talde; beraz, denetara, 24 izan dira), ideia-erauntsia egin dute. Ideiei jarritako baldintza bakarrak lurreko jolasa izatea eta LHko lagun guztiek jolasteko modukoa izatea izan dira.
Behin talde bakoitzak bere ideia aukeratuta, exekuzioarekin hasi dira. Lehenik, zirriborroak egin dituzte paperean. Gero, Añabitarteko ingurua espazioetan banatu eta talde bakoitzak berea zehaztean, klarionaz lurrera eraman dituzte proposamenak beharrezko neurketak eginez, proportzioak mantenduz… Azpimarra jarri da azken horren garrantzian, txukun egitean; jolasak hor geratuko baitira. Eguraldiak ere jokatu du bere papera, klarionaz egindako irudiak desagertu egin izan baitira batzuetan.
Bukatzeko, jolas bakoitzari izena jarri diote ikasleek. Eta jolas bakoitzaren deskribapen eta arauekin Añabitarteko lurreko jolas-parkeko gida ere egin dute. Ikasturteko lehen hiruhilekoarekin batera bukatu dute lana.
Orain, dena prest, beraz, gozamenerako. Ongi etorri Añabitarteko lurreko jolas-parkera!