HIZKUNTZAK

DBHko konpetentzia-asteak, eginez ikasiz

DBHko ikasleek pasa berri dute ikasturteko lehen konpetentzia-astea. Ikasgai bakoitzean, azkena landutako unitatean ikasitakoa praktikan jartzen dute ikasleek konpetentzia-astean eta hori da, unitatean zehar egindako eduki probekin batera, ebaluazioan aintzat hartzen dena.

Ikastolek berariaz sortutako EKI proiektua oinarri, jakitearen paradigmatik egitearen paradigmarako jauzia egiten ari gara Ikastolan eta horren isla da aipatutako lan- eta ikasketa-modu hori. Finean, jakintza teorikoaz gain, hori praktikan jartzeko, ikasleak egoera errealen aurrean jartzen dira eta berau kudeatzeko zein irtenbideak topatzeko baliabideak bilatzen eta erabiltzen ohitzen dira.

Eta nola egiten dugu hori? Hona hemen adibide bat. DBH 3. mailako ikasleek euskara eta literatura irakasgaian “Gezurrak idazteko artea” unitatea landu dute. Euskal narraziogintza tradizionalaz eta modernoaz aritu dira bateko zein besteko narratzaile motak, kontakizunen kokapen geografikoak, emakumeak izan duen papera… aztertzen. Edukietan landutakoa praktikan jartzeko eta konpetentzia-asterako prestaketa moduan, unitateko proiektua ipuin bat idaztea izan da.

Hori eginda, egutegian Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin ere bat egin duelako, konpetentzia-astean ondorengo egoera errealaren aurrean egin dute topo ikasleek: idatzi idazlan bat VI. “Asun Casasola” ipuin labur lehiaketarako.

Lehenik, ikasleek entzun/irakurri egin zuten Nagore Laffageri gertatu zaitzaiona, prentsa-erreportaje modura. Segidan “Asun Casasola” ipuin-labur lehiaketan parte hartzeko gonbidapena luzatu zitzaien, horretarako oinarriak azalduz. Lanerako hainbat urrats bete behar izan zituzten:

  1. Planifikazioa: narratzailea, pertsonaien karakterizazioa, denboralizazioa…
  2. Narrazioaren egitura: hasierako egoera, gatazka, ekintzak eta amaierako egoera
  3. Narrazioa bera idatzi

Amaieran, Asun Casasolak Ikastolatik bertatik egindako ondorengo eskertza-bideoa ikusi zuten ikasleek.

Egindako hainbat lan findu eta VI. “Asun Casasola” ipuin labur lehiaketara bidaliko dira orain.

EKI EKI proiektua konpetentziak