HIZKUNTZAK
  • Zergatik Ikastola?

    Hamaika arrazoi Ikastolakide izateko

Euskalduna delako

Euskaran eta euskal kulturan ardaztutako proiektu multikultural eta eleanitza garatzen du Orereta Ikastolak. Horretarako sortu zen eta horretan jarraituko du. Ikasleek euskaraz bizitzeko behar dituzten giroa eta bitartekoak eskaintzen ditu Orereta Ikastolak.

Bertakoa, herrikoa delako

Herritik, herriarentzat eta herrirako sortutako proiektua da Ikastola. Denona eta denontzako, zuretzat ere bai.

Euskal Herrikoa delako

Muga administratiboez gaindi, Euskal Herri osoan hezkuntza euskalduna, eredu propioduna eta kalitatezkoa eskaintzen duten hezkuntza-erakunde bakarra dira Ikastolak.

Orereta Ikastolak proiektu propioak ditu Ipar Euskal Herriko Ikastolekin elkarlana sustatzeko. Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteko kide ere bada. Sortze fasean, garapen fasean edota krisian diren Ikastolak zein proiektuak aurrera atera ahal izatea da elkarte horren xedea.

Berdea delako

Ikastolako ikaslerik gehienak ingurune berdean (Añabitarten) hazten eta hezten dira. Arnasgune bat, herrian. Besteak beste, Ikastolak baso-eskola, baratzea eta autokonposta-gune propioak ditu hezkuntza-proiektuaren zerbitzura. Añabitarteko inguruneak aukera bikaina eskaintzen du ikasgelak kanpora ateratzeko ere, naturan eta naturaz ikasteko.

Ikastolak sukalde propioa du eta bertan prestatzen dira gure ikasle guzti-guztien otorduak.

Ikastolak energia %100 berriztagarria kontsumitzen du, Goeiner energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibarekin duen hitzarmenari esker.

Ikaslea jartzen duelako erdigunean

Haurren jakin-min eta senetik abiatuta, jakitearen paradigmatik egitearen, erabiltzearen, paradigmara egin du jauzia Ikastolak. Izan ere, Ikastolaren egitekoa ez da irakastea soilik, pertsona osoaren garapenaz arduratzea baizik. Haur eta gazteak bizitza osoan ikasten jarraitzeko prestatzen dia, aurrera egiten ikasteko. Horretara bideratuta daude profesionalen lana zein Ikastolako eraikin eta espazioak.

Tutoretza-plan oso landua eta finkatua du Ikastolak, ikasle zein familiei arreta ahalik eta pertsonalizatuena eskaini ahal izateko.

Eraldatzailea delako

Jendartearen beharretara egokitutako eskaintza pedagogiko eraldatzaile eta berritzaileak garatzen ditu Ikastolak, teknologia eta bitarteko propio berrien bitartez.

Kalitatezkoa delako

Gipuzkoan emaitza onenak lortzen dituzten ikastetxeen artean dago Orereta Ikastola. Ikaslearen arrakasta neurtzeko aldagai bakarra ez den arren, garrantzitsua da emaitza onak lortzea ere.

Lantalde egonkorra duelako

Orereta Ikastolako langile gehienak langile finkoak dira eta konpremituta daude Ikastolen proiektuarekin.

Kooperatiba bat delako, irekia eta denena

Modu parte-hartzaile eta profesionalean kudeatutako herri onurako kooperatiba da Orereta Ikastola, irabazi asmorik gabea. Herrikoa eta parte-hartzailea, beraz. Bazkideek osatzen dute Ikastola eta haiek marraztu bere ibilbidea. Hala nahi duen bazkide zein guraso orok du horretan parte hartzeko aukera. Elkarlanean sinesten du Ikastolak.