Lehen Hezkuntza
Konpetentzietan oinarrituta egiten da lan Orereta Ikastolan. Jakitearen paradigmatik egitearen, erabiltzearen, paradigmara egin du jauzia Ikastolak. Izan ere, Ikastolaren egitekoa ez da irakastea soilik, pertsona osoaren garapenaz arduratzea baizik. Haurraren alderdi fisikoa, kognitiboa, komunikatiboa, soziala eta afektiboa izaten dira kontuan Ikastolan: pentsatzen eta ikasten ikasten da, elkarrekin aritzen, norbera izaten, eta ekiten nahiz egiten. Finean, gaztetxoak bizitza osoan ikasten jarraitzeko prestatzen ditu Orereta Ikastolak, aurrera egiten ikasteko.
“Konpetentzietan oinarrituta egiten du lan Orereta Ikastolak. Jakitearen paradigmatik egitearen, erabiltzearen, paradigmara egin du jauzia.“
Ikaskide proiektua da Orereta Ikastolako Lehen Hezkuntzako lanaren oinarrietako bat: profesionalak zein ikasleak elkarlanean, elkarrekin, jardutea da xedea. Finean, balio kooperatiboak bultzatuz, ikasle guztien ikaste-prozesua hobetzeko helburua duen berrikuntza proiektua da Ikaskide. Besteekin elkarlanean ikasiz, hainbat konpetentzia garatzea lortzen dute ikasleek.
Lehen Hezkuntzako azken zikloan, Ikastolek berariaz sortu eta garatutako EKI proiektuarekin egiten du lan Orereta Ikastolak. Proiektu eraldatzailea da EKI, konpetentzietan oinarritua eta integrazioaren bitartez Euskal Curriculuma garatzen duen proiektu berritzailea.
EKI proiektuak pertsonaren garapen osoa eta integrala du helburu. Egoera errealen aurrean, ikasleak egoera horretan behar dituzten baliabideak bilatzen eta erabiltzen ohitzen dira, bakarrik nahiz talde-lanean, irtenbideak aurkitzen dituzte, eta ikasi dutena egoera berrietan baliatzen dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoan ere EKIrekin egiten du lan Orereta Ikastolak.
“Ikaskide proiektuaren bitartez balio kooperatiboak bultzatzen ditu Ikastolak. LHko azken mailetan EKI proiektuarekin jarduten du.“
Aipatu, baita ere, konpetentzia digitalaren lanketa unitate didaktiko guztietan txertatu dela Ikastolan. IKTak hezkuntzaren zerbitzura jarri eta, haien bitartez, onura pedagogikoak indartu dira.
Horrez gain, behar berezi edota jakinak dituzten ikasleentzako programa eta egitasmoak daude martxan Orereta Ikastolan. Eskola jazarpena ekidin eta bideratzeko KIVa programa ere finkatuta dago.
Tutoretza-plan oso landua eta finkatua du Orereta Ikastolak, ikasle zein familiei arreta ahalik eta pertsonalizatuena eskaini ahal izateko.
Añabitarten, mendialdean, du Orereta Ikastolak bere gunerik zabalena. Ingurune horrek aukera bikaina eskaintzen du ikasgelak kanpora ateratzeko, naturan eta naturaz ikasteko. Lehen Hezkuntzako ikasleek, bereziki, eraikinaren inguruko gune berdeez, lurreko jolas-parkeaz, baratzeaz eta Ikastolako baso-eskolaz gozatzeko aukera dute.