Hezkuntza Batzordea
Ikastolako Artezkaritza Kontseiluaren gidaritzapean, hezkuntzaren sustapena eta kudeaketa, eta hezkuntzaren edukiekin zerikusia duten gaiak jorratzea da Batzorde honen xedea.
-
Osaera eta kideen aukeraketa
Hau da Hezkuntza Batzordearen osaera:
- Zuzendari pedagogikoa
- Ikas-etapetako hiru zuzendariak
- Ikastolako kide titularren hiru ordezkari (Artezkaritza Kontseiluak izendatuak)
- Ikasleen gurasoen/tutore legalen hiru ordezkari
- Irakasleen hiru ordezkari
- Ikasleen bi ordezkari, derrigorrezko bigarren hezkuntzaren lehen mailatik aurrera.
- Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat
Kideen aukeraketa-prozedura hau da:
- Irakasleen ordezkariak ikas-etapako klaustroetan aukeratzen dira.
- Ikasleen gurasoen/tutoreen ordezkariak ikas-etapako guraso batzordeek aukeratzen dituzte.
- Ikasleen ordezkariak ikasle ordezkarien artean aukeratzen dira.
-
Funtzionamendua
Hezkuntza Batzordearen bilerek funtzionamendu-arau orokor hauek izango dituzte oinarri:
- Hezkuntza Batzordeko buru den zuzendari pedagogikoak deituko du bilera, eta haren buru izango da. Zuzendaritzak deialdia, gai-zerrenda eta behar den dokumentazioa prestatu eta Hezkuntza Batzordeko kideei helaraziko dizkie, gutxienez hiru eguneko aurrerapenaz. Larrialdi-egoeretan, 24 orduko aurrerapenaz deitu ahal izango du Hezkuntza Batzordea. Gai-zerrendan ez dauden gaiak lantzeko, bertaratutakoen bi herenen oniritzia beharko da.
- Idazkari diharduen pertsonak bileraren akta idatziko du.
- Bilerara kideen erdia gehi bat bertaratzen badira, behar bezala eratuta egongo da Hezkuntza Batzordea.
- Hezkuntza Batzordeak gai-zerrendako gaiak aztertuko ditu, titularrak edo Zuzendaritza Taldeak horretarako prestatutako dokumentazioaren laguntzarekin. Erabakiak aho batez hartzen ahaleginduko da, elkarrizketaren bidez eta iritziak alderatuz. Egokia denean, kide guztien aldeko botoarekin hartuko dira akordioak. Bozketak isilpekoak izango dira, bertaratutako kide guztiek unean-unean kontrakoa erabaki ezean.
- Kide guztiek izango dute boto partikularrak aditzera emateko eskubidea, eta boto horiek idatziz jasoko dira.
- Bileraren akta hurrengo bileran onetsiko da, eta idazkariak sinatuko du, batzordeburuaren oniritziarekin.
- Batzordeburua ahaleginduko da hezkuntza-komunitateko estamentu guztiek jaso dezaten Hezkuntza Batzordean tratatutako gaiei buruzko informazioa.
- Bertaratutako guztiek zuhurtziaz eta isiltasunez jokatuko dute, Hezkuntza Batzordeak hartutako erabakiei dagokienez.
- Etapako zuzendari bat aukeratuko da Hezkuntza Kontseiluko idazkari izan dadin. Bilera guztien akta egingo du. Hurrengo bileran egokiak diren zuzenketak egiteko eskubidea egongo da. Idazkariak akta sinatu eta haren fedea emango du, zuzendariaren oniritziarekin.
- Hezkuntza Batzordeak hiru hilean behin egingo du ohiko bilera, ikasturtean zehar. Batzordeburuak egokitzat joz gero, Hezkuntza Batzordeak ezohiko bilera egingo du, bai eta Artezkaritza Kontseiluak edo Hezkuntza Batzordeko kideen bi herenek eskatuta ere.
- Premiazko deialdia. Hezkuntza Batzordearen eskumeneko gai bat premiaz jorratu behar bada eta bilera deitzeko denborarik ez badago, Zuzendaritza Taldeak egokitzat uste duen moduan jardungo du. Ondoren, hartutako erabakiaren berri emango dio Hezkuntza Batzordeari, hura berrets dezan.
-
Funtzioak
Hezkuntza Batzordearen funtzioak hauek dira:
- Zuzendaritza Taldeak urtero egingo duen programazio orokorra ezagutzea eta proposamenak egitea.
- Ikastolako lerro pedagogikoaren aplikazioan parte hartzea, eta proiektu nagusienak, eskola-jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola-zerbitzuak gainbegiratzea; eta beharrezkoa denean, proposamenak egitea.
- Artezkaritza Kontseiluak hala proposatuta, Ikastolako barne-araudia onestea.
- Diziplina-gatazken ebazpenaren berri izatea eta gatazka horiek indarrean dagoen araudiaren barruan bideratzeaz arduratzea. Zuzendariak hartutako diziplina-neurriek Ikastolako elkarbizitza larriki kaltetzen duten ikasleen jarrerekin zerikusia badute, Hezkuntza Kontseiluak, gurasoek edo tutoreek eskatuta, hartutako erabakia berrikusi eta, hala badagokio, bidezkoak diren neurriak proposatu ahal izango ditu.
- Ikastolako elkarbizitza, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta gatazken konponbide baketsua –bizitza pertsonalaren, familiakoaren eta sozialaren eremu guztietan– bultzatzeko neurriak eta ekimenak proposatzea.
- Artezkaritza Kontseiluak delegatzen dizkion eginkizunak betetzea.