Ikastolako baso-eskola
Kutxa Ekoguneako taldearen laguntza eta aholkularitzaz, 2020-21 ikasturtean jarri zen martxan Orereta Ikastolako baso-eskola; nagusiki, 3-8 urte bitarteko haurrei zuzendutako hezkuntza-baliabidea.
Natura ikasgelara ekartzetik edota ikasgela naturara zabaltzetik haratago, basoa bera bihurtzen da ikasgela, bere errutina, arau eta edukiekin. Azken horiek kurrikulum ofizialean oinarrituta daude eta baliabide didaktiko garrantzitsuena natura bera da. Horrez gain, haurraren eta naturaren arteko elkarrekintzari esker, ikasleen garapen osoa bultzatzen da. Eta horrek guztiak bat egiten du Ikastolako ikasleen irteera profilarekin.
Entzun Euskadi Irratiko erreportajea.
Astekako egutegia
Mapa eta eremuak
Etxetik ekartzekoak | Joan-etorriak
- Etxetik jantzita: uretik, hotzetik, landare eta intsektuetatik babesteko arropa eta oinetako egokiak (galtza luzeak eta mahuka luzedun kamisetak, galtza eta beroki txapeldun iragaizgaitzak, polarra edo arropa termikoa, katiuskak edo mendiko botak).
- Motxila batean: aldatzeko arropa, berokia eta oinetakoak. Arropa zikina jasotzeko poltsa bat. Toalla bat (LHkoek).
- Kantinplora edo ur botila (HHn, ez). HHn, hamaiketakoa irakasleak eramango du; LHn, ikasleak etxetik ekarriko du, baina janari lehorra izan behar du: gailetak, tortitak edo fruitu lehorrak, esaterako.
- Baso-eskolako egunetan, komenigarria da haurraren gorputza behatzea: akainarik, ziztadarik edo hozkadarik… baduen begiratzea.
- HHko familientzako ohar garrantzitsua: Haurrak baso-eskolara joango diren egunetan, zaintzan geratzen ez diren umeak Linoko (HH4-HH5)/Tulleko (HH3) autobus-geltokira eraman behar dira 09:00etarako. Haurrak jasotzeko tokiak ohikoak izango dira (egun osoko saioak direnean ere bai).
Baso-eskolan laguntzera etorri nahi duzu?
Argazki-galeria
Zergatik baso-eskola?
Orereta Ikastolak baso-eskolari ekiteko apustua egin du naturarekin, berdinkideekin eta bereziki norbere buruarekin bizikidetza-eredu berri bat garatzeko aukera ematen duelako; finean, hezkuntza-ereduan aurrerapausoak emateko aukera eskaintzen duelako.
Helburuak
- Haurraren garapen integrala sustatzea, naturarekin harreman zuzenean eta umeen erritmoak errespetatuz.
- Esperimentazioaren bidez, haurrek euren gaitasunak, trebetasunak, ezagutza eta kezkak sustatzea.
- Jolas librearen bidez, ikaslea ingurune naturalak eskaintzen dizkion aukerez jabetzea eta natura errespetatzen ikastea.
Ardatz pedagogikoak
Pertsona eta haurra ikuspegi integraletik aintzat hartuta, Orereta Ikastolako aire zabaleko hezkuntza proiektuak hiru ardatz pedagogiko ditu:
a) Konfiantza
Konfiantzaren pedagogia haurraren berezko hazkuntzarako gaitasunean oinarritzen da (jakinduria biologikoa, sormenerako gaitasuna…). Berezko jakin-minean ardaztutako ikaskuntza horren oinarrian konfiantzazko harremanak daude. Atxikimendu seguruak eskainiko dio haurrari behar duen segurtasuna eta autokonfiantza bere ingurunea esploratzeko, ezagutzeko eta pertsona gisa hazteko.
b) Maitasuna, errespetua eta onespena
Haurraren autokonfiantza osatzeko ezinbestekoak dira helduen maitasuna eta onespena. Haurrak bizitzarekiko jakin-mina garatu dezan helduen onespena, maitasuna eta errespetua behar ditu.
c) Ikuspegi sistemikoa
Haurra, berez, pertsona soziala da eta taldearen eta komunitatearen onespenaren beharra du. Haurrak bere nortasuna eta izaera taldetasunari lotuta garatzen ditu. Aitortza horrek talde espirituaren garrantzia azpimarratzen du.
Basoan hazi eta heztearen abantailak
- Ikuspegi pedagogikotik, aire zabaleko ereduak eskaintzen dituen lorpenetarako aukerak ukaezinak dira.
- Hiria eta naturaren arteko kontziliaziorako bidea da.
- Espazio irekiek haurrari fisikoki zein emozionalki hedatzea, zabaltzea, ahalbidetzen diote.
- Naturan hezteak pentsamendu logikoa lantzeko ezinbestekoak diren zentzumenezko hezkuntza eta esperientzia gogobetegarri zein aberatsak izatea ahalbidetzen dio haurrari.
- Haurrak naturatik jasotzen duen informazioa koherentea eta sendoa da. Argia, beraz. Eta aldi berean, oparoa; ñabardura ugari baititu (biologia, botanika, klimatologia eta beste hainbat alderdiri lotua).
- Espazio irekiek haurraren motrizitatea estimulatzen dute.
- Espazio irekiek eskaintzen duten mugimendu askatasunak eragin argia eta zuzena du taldekideen arteko elkarrekintzetan.
- Natura maitatzen ikasten da modu oso naturalean. Naturarekiko errespetuaren kontzientzia eraikitzen hasten da.